Gurasoak baino hobeto zahartzen gara

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Orain dela zenbait hamarkadatako familia argazkiak badituzu, begiratu itzazu eta egiaztatu noizkoak diren. Harritu egingo zara: ematen du argazkian agertzen direnek dituztenak baino hamar urte gehiago dituztela. Hain zuzen ere, zaharragoak dirudite. Eta zuk edo bikotekideak, une honetan, argazkian agertzen direnen adina baduzue, ez aurrera ez atzera egongo zara bi aukera hauen artean: senideak baino askoz hobeto zahartu zara? Edo, agian, zure buruaz duzun irudiak engainatu egiten zaitu eta, benetan, zu ere zahartu egin zara, onartu nahi ez baduzu ere?

Baliteke biak aldi berean gertatzea, baina litekeena da zu eta bikotekidea irudiko senideek baino gutxiago zahartu izana, adin bera izanda ere. Ondorio horretara iritsi da Jyväskylä Unibertsitateko (Finlandia) Taina Rantanen gerontologoaren taldea. Bi pertsona multzoren egoera fisikoa eta kognitiboa aztertu dute: batzuk 1910ean eta 1914an jaiotakoak dira eta besteak ia hiru hamarkada geroago. Lehen taldekoak 1989aren eta 1990aren artean aztertu zituzten, 80 eta 75 urte zituztela eta bigarren taldekoak 2017aren eta 2018aren artean, 80 eta 75 urte zituztela, halaber. Guztiei jardun fisikoko eta gaitasun kognitiboko probak egin zizkieten.

zahartu
Irudia: Ikerketa batek aztertu du bizi-itxaropena luzatzearekin batera gaitasun funtzional handiagoa ote duten adinekoek. Horretarako, errendimendu fisikoa konparatu dute 28 urteko aldea duten adineko pertsonen bi taldetan. (Argazkia: WikimediaImages – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hiru hamarkada geroago jaiotakoen taldekoak azkarrago ibiltzen ziren eta indartsuagoak ziren; hots, indar handiagoa zuten bai eskuetan, gauzei eusteko, bai zangoetan. Eta gaitasun kognitiboei dagokienez, geroago jaiotakoek hitz jario handiagoa zuten, hatzak mugitzeko zeregin konplexuak egitean azkarrago erreakzionatzen zuten eta emaitza hobeak lortu zituzten sinbolo eta zenbakien arteko elkarrekikotasuneko ariketetan. Bi kasuetan, adin bereko pertsonei dagozkien erregistroak alderatu dira.

Hiru hamarkada geroago jaiotakoen proben emaitzek islatzen duten jardun fisiko eta kognitibo hobea ez zen orokorra izan, dena dela. Arnas funtzioaren neurriek, esate baterako, ez zuten hobekuntzarik erakutsi, ez eta epe motzeko oroimenaren zereginarenak ere (sekuentzia numerikoak gogoratzea).

Urteek aurrera egin ahala, hobetu egin dira bizi baldintzak munduaren zati handi batean, eta, jakina, mendebaldeko herrialdeetan. Oparotasunak elikadura hobea ekarri du eta, horrek, garrantzi handia du osasunari dagokionez. Baina arreta medikoa ere hobetu egin da, asko hobetu ere. Jendea gero eta osasuntsuagoa da eta, hortaz, logikoa denez, baldintza hobeetan iristen da adin aurreratuetara.

Jarduera kognitiboari dagokionez, osasun egoera hobea faktore positibo bat izan da, baina, kasu honetan, prestakuntza urteek eragin erabakigarri bat izan dute. Hain zuzen ere, ikasten ibili garen urteen efektua deskontatzen denean, garai ezberdinetan jaiotako taldeen arteko aldeak gutxitu egiten dira, harik eta ia desagertu arte.

Azkenik, kontuan hartu behar da prestakuntza mailak osasun egoeran duen efektua. Prestakuntza hobea dutenek bizi ohitura osasungarriagoak ere badituzte, prestasun handiagoz joaten dira medikuarengana eta, zein herrialde edo eskualdetan bizi diren, osasun zerbitzu hobeak eskura ditzakete. Horrela ixten da zahartze osasungarriagoa, zahartzaro atseginagoa eta bizitza luzeagoa ahalbidetzen dituen zirkulu birtuosoa. Gauza da mundu osoan gero eta pertsona gehiago sartzea zirkulu horretan.

Erreferentzia bibliografikoak:

Koivunen, K., Sillanpää, E., Munukka, M., Portegijs, E., Rantanen, T. (2020). Cohort differences in maximal physical performance: a comparison of 75- and 80-year-old men and women born 28 years apart. The Journals of Gerontology: Series A, glaa224. DOI: 10.1093/gerona/glaa224

Munukka, M., Koivunen, K., von Bonsdorff, M., Sipilä, S., Portegijs, E., Ruoppila, I., Rantanen, T. (2021). Birth cohort differences in cognitive performance in 75- and 80-year-olds: a comparison of two cohorts over 28 years. Aging Clinical and Experimental Research, 33 (1), 57-65. DOI: 10.1007/s40520-020-01702-0

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.