Neurri ulertezinen azalpenak

COVID19 · Kolaborazioak

Une honetan COVID-19a gogor jotzen ari da eta laugarren olatuan bete-betean murgilduta gaude, kasuen gorakada handiarekin. Laugarren olatuaren tontorrera noiz iritsi zain gauden bitartean, aditu gehienen iritzia antzeko norabidean doa -informazio osagarrian dituzue zerrendatuta-. Gaurko ekarpenean iritzi kutsua hartuko du irakurleak hasieratik eta hori argi utzi nahi dut. Hau ez da ohiko dibulgazio-artikulua, baina, bai beharrezkoa den horietako bat. Haserrea eta nekea albo batera utzita, eman diezaiogun egoerari ikuspegi analitikoa.

Irudia: Pandemiari aurre egiteko neurri eta erabaki desberdinak hartu daitezke, baina, ezinbestekoa da agintariek azalpenak ematea. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Txertaketa prozesuaren abiadura motela kontuan hartuta eta etorkizun hurbilean gertatuko dena aurreikusiz, argi izan behar dugu egoera larrian gaudela eta, gainera, okertzeko arriskua handia dela. Hau nire aurreikuspen hutsa da, baina, bata bestearen atzetik etorriko diren hainbat olatu izango ditugula irudikatzen dut, agian urte honen amaierarako zazpigarren edo zortzigarrena iritsiz. Oraindik bide luzea egin beharko dugu eta guztion esku dago bide horren amaierara guztiok iristea.

Pandemiari aurre egiteko osasun eta higiene neurriak ditugu eta, horietaz gainera, gobernatzaileek ezartzen dizkiguten neurri murriztaileak dira babes-neurri bakarrenetakoak. Guztiok gure inguruan ditugun pertsonak eta egoerak analitikoki behatzen baditugu, argi dago biztanleriaren nekea eta haserrea geroz eta handiagoa dela. Hori guztiz logikoa da; izan ere, sarritan geure pazientziaren mugekin topo egiten ari gara. Geroz eta zailagoa da neurri murriztaileak betetzea eta, era berean, geroz eta azalpen gehiago eman behar dira neurriak betetzeko erabakia hartzen denean -ustez egokiak direlakoan-.

Gizartearen osasun emozionala kolokan jartzen ari dira eta ulertezinak diren neurriak inongo azalpenik gabe hartzen dituztenean geroz eta zailagoa egiten dute neurriak erantzukizunez betetzea. Neurri bat hartu izanaren arrazoiak azaltzen direnean askoz errazagoa da neurri hori erantzukizunez betetzea. Horrexegatik, pandemiari aurre egiteko ardura dutenek erantzukizuna jarri beharko lukete erdigunean eta ez neurriak bete behar izatearen agindua. Hartutako osasun-neurrien eta neurri murriztaileen atzean dauden justifikazioak ez azaltzeko bi arrazoi daude soilik:

  1. justifikazio horiek ez daude eta horregatik ezin dira eman, edo
  2. neurrien justifikazioak ez direla ulertuko pentsatzen dute eta horregatik ez dira ematen.

Nire ustez, hartu diren neurri gehienek justifikazioa badute, baina, ez da azalpenik eman nahi izan. Jokabide hori zenbait gurasok haien seme-alabekin dutenaren antzekoa da: gauzak horrela egin behar dira eta kito.

Azalpenen falta horrek arazo asko ekar ditzake epe luzera. Gizartearen haserrea geroz eta handiagoa da eta edozein aukera ona da neurriak ez betetzeko. Aste Santuan zehar bizikideen arteko bilerak soilik egin zitezkeen etxebizitzetan, baina, ziur nago inor gutxik bete duela arau hori. Bide batez, esan behar da neurriak modu egokian betetzea ere ez dela erraza; izan ere, zer egin daitekeen eta zer ez jakitea kasu askotan lan nekeza da. Zenbait kasutan argi dago zaila dela neurri batzuk koherenteak direla pentsatzea. Esaterako, mendian bakarrik dagoen lagun batek maskara jarrita eraman behar izatea guztiz inkoherentea da. Hala ere, horrelako egoeren aurrean arauak salbuespenak izango balitu, ziur aski ezinezkoa litzateke maskara eramateko araua betetzen dela bermatzea. Horrexegatik, arau errazena da musukoa beti erabili behar dela arautzea. Horrekin ados nago, baina, zalantzarik gabe azalpenak eman behar dira kasu guztietan.

Mugikortasuna mugatzea da gobernatzaileek hartzen duten neurri murriztaileenetakoa, baina, mugitzen zaren ala ez baino erabakigarriagoa da joan zaren leku horretan egiten duzuna. Ba al dauka zentzurik udalerrien itxiera perimetralak udalerri barruan inolako osasun-neurririk ez bada betetzen? Dakigunez, itxiera perimetralak kasu zehatzetan bakarrik dira eraginkorrak. Intzidentzia altua duen udalerri baten itxiera koherentea da inguruan intzidentzia baxua duten herriak daudenean. Gainera, itxiera perimetralak benetakoa izan behar du eta ez salbuespenez jositakoa. Itxitako udalerritik ateratzea posible bada erosketak egiteko, ikastera edo lanera joateko, kirola egiteko… itxieraren eraginkortasuna guztiz diluitzen da. Horrexegatik, benetako itxierak lortzeko beste neurri osagarriak ezarri behar dira -telelana kasu-. Are gehiago, aerosolen bidezko kutsatzea saihesten duten benetako neurrietan dago gakoa.

Dirudienez, zero COVID estrategiaren ordez intzidentzia baxu -baina, egonkor- baten alde egin dugu. Horrekin lotuta, argi izan behar dugu Hego Euskal Herrian 100.000 biztanleko 300 kasuko intzidentzia onartzeak egunero sei hildako ekarriko dituela. Europako Gaixotasun Kutsakorren Kontrolerako Erakundeak intzidentzia onargarria 50 kasutan jarria dauka, ideia bat egite aldera. Ikerketek erakutsi dutenez, aerosolen bidezko kutsatze gehienak eremu itxietan gertatzen dira, hortaz, aerosolen aurkako neurri egokiak hartu beharko lirateke. Maskarak oso eraginkorrak dira aerosolik sor ez dadin, baina, musukoen erabilera egokia egitea eta musukoak edonorentzat eskuragarri egotea ezinbestekoa da. Eremu irekietan arriskua askoz ere txikiagoa da, hortaz, egin beharreko jarduerak eremu irekietara eraman beharko lirateke. Eremu itxietan aireztapena egokia dela bermatu behar da -aireztapen gurutzatua dagoela ziurtatuz edo karbono dioxido sentsoreen bidez, esaterako-, baina, edozein kasutan eremu itxietan ezinbestekoak diren jarduerak bakarrik egin beharko lirateke eta inoiz ez maskararik gabe. Nagusiki zirrikitu horretatik sartzen zaigu birusa. Jakina, neurri horrek ekarri ditzakeen kalteen aurrean laguntza ekonomiko eta sozialak jarri behar dira martxan.

Herritarrei informazio argia eta zuzena ematea ezinbestekoa da, bestela, hartutako erabakiak ezin dira ulertu eta erabaki horien atzean beste interesak daudela pentsa daiteke. Bereziki aipatu nahiko nuke Aste Santuaren aurretik hartutako erabaki ulertezinak, inongo azalpenik gabe hartutakoak. Lehenago hartutako erabakiekin koherentziarik izan gabe, itxialdi perimetrala ezartzeko hamalau egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 400ekoa baino handiagoa izan behar zen eta ez 500ekoa, orain arte bezala. Orain zerrendak astelehenetan eguneratzen dira eta ez astean bitan, orain arte bezala. Gainera, Aste Santuko jaiegunen ondorioz hainbat salbuespen egin dira. Bereziki mingarria izan da itxita egon diren udalerrietatik irteteko aukera izatea neurriak jakinarazi baino lehen erreserbak eginda zeudenean. Beste modu batera esanda, itxitako udalerrien kasuan, egindako gomendioak jarraituz ahalik eta gutxien mugitzeko erabakia hartu zuenak jaiegunak herritik atera gabe igaro behar izan ditu, baina, kanpora joatea erabaki zuenari ez zaio inongo trabarik jarri. Neurri horrek sortzen duen diskriminazio sozioekonomikoaz aparte, bidegabea eta ulertezina da. Era berean, erkidegotik ateratzeko aukerarik ez dago, baina, Europako beste herrialde batera joatea posible da -intzidentzia altuagoko herrialdeak izanik ere-.

Oro har, erantzukizunez jokatzen dutenek ez dute arau berezirik behar. Informatuta daudenez badakite zer egin daitekeen eta zer ez eta horren arabera jokatzen dute. Horretarako, noski, ezinbestekoa da informazioa: birusa nola zabaltzen den jakitea, aerosolen aurkako neurri eraginkorrak ezagutzea eta abar. Labur esanda, guztiok nahiko argi daukagu zer egin behar den: elkarrekintza soziala murriztu eta aerosolen bidezko kutsatzea saihestu. Ikerketek erakutsi dutenez, neurri desberdinek antzeko emaitzak eman ditzakete eta, gainera, sarritan emaitza bera edo hobea lor daiteke obligazioaren ordez informazioa, komunikazioa eta erantzukizuna erabiltzen badira. Beti egongo dira desegoki jokatuko dutenak, baina, biztanleriaren gehiengoak erantzukizunez jokatzen du azalpen egokiak ematen badira. Azalpen horiek, noski, ez dira beti zientzian oinarritutakoak izan behar. Horrekin esan nahi dudana zera da: agintariek informazio zientifikoa jaso eta kontuan hartu behar dute, baina, argi dago haien erabakietan beste balio batzuk ere sartu behar direla -etikoak, kulturalak, sozialak, ekonomikoak…-. Hala ere, ezinbestekoa da herritarrek hartutako erabaki horiei buruzko azalpenak izatea. Esaterako, arrisku handiko jarduera dela jakinda ere, tabernen eta jatetxeen barruko eremuak irekita mantentzeko arrazoiak egon daitezke -ekonomikoak, sozialak, erabaki hori ez hartzearen ondorio okerragoak-, baina, azalpenak jaso beharko genituzke.

Neurri desberdin asko hartu daitezke pandemiari aurre egiteko eta herrialde bakoitzak erabaki desberdinak hartu ditu, baina, argi dagoena da neurri bat ezartzearen edo beste bat ez ezartzearen arrazoiak ematen ez direnean nekez eska dakiokeela biztanleriari erantzukizunez jokatzea. Ez da nahikoa esatea arauak batzorde tekniko batek hartu dituela. Era berean, erantzukizunez jokatu ez duten pertsonen atzean ezin da gorde pandemiaren kudeaketa desegokia. Asko daukagu hobetzeko, baina, horretarako ezinbestekoa da gardentasunez lan egitea eta hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzea. Analisi horien ondorioz etorkizunean neurri hobeak hartuko dira, baina, arauen ondorioen ebaluaziorik ez bada egiten, nola demontre jakingo dugu bide onetik goazen ala ez? Pandemia honetan zehar, gardentasuna eta informazioa desagertuta egon da hasieratik. Pentsatzen dute azalpenak ez direla beharrezkoak eta ez da beharrezkotzat jotzen ezer esatea. Agian, pentsatzen dutelako ez ditugula ulertuko, horien aurka egongo garela. Kontrakoa: errazago beteko ditugu arauak zergatik bete behar diren dakigunean. Jakina, orduan ere guztiok ez dugu erantzukizunez jokatuko, baina, guztiz zentzugabea da erantzukizuna eskatzea azalpenik eman gabe.

Aireztatu gabeko eremu itxi batean jateko maskara kendu dezakegula esaten digutenean, mendi tontor batean bakarrik egonda ere musukoa jarrita izan behar dugula esaten digutenean -erretzeko gogorik ez badaukagu behintzat-, Iruñera ez baina Atenasera joan gaitezkeela esaten digutenean edo ez hankarik eta ez bururik ez duten arauak bete behar ditugula esaten digutenean, ez dezatela erantzukizunik eskatu azalpenik eman ez badigute.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude