Moby Dick eleberrian idatzi zuen Melvillek “zeroiak zazpirena arnasten du bakarrik, beraien garaiko igandea”. Hala, Melville zetazeo odontozeto handi honek ur azpian egoteko duen sekulako gaitasunaz ari zen. Izan ere, kaxaloteak, gainerako zetazeoak bezala, urpekari bikainak dira. Batzuk sakonera handietan murgiltzen dira, nahiz eta urpean ezin duten arnasa hartu.
Izan ere, zetazeoak ugaztunak dira, eta, beraz, ezin dute uretan disolbatutako oxigenoa erabili, arrainek eta ornogabeek egiten duten bezala. Arnasten duten oxigenoak atmosferikoa izan behar du eta uretatik atera behar dira arnasa hartzera. Zeroiak, Ahab kapitaina itsutzen zuen bale zuri handia bezalaxe, 1.000 metroraino jaisten dira, are gehiago harrapakin bila badoaz. Beste batzuk, pilotu-izurdeak, esaterako, ez dira hain behera joaten, baina sakonera handietan murgiltzen dira ere.
Pilotu-izurde tropikala, Globicephala macrorhynchus izen zientifikoa duena, Delphinidae familiakoa da. Pilotu-izurde tropikala, beraz, izurde bat da, baina tamaina handikoa: 4 m-ko luzera izan dezake, eta 4 000 kg baino gehiagoko masa. Haren izen arruntak itsaso tropikaletako berezko espeziea dela adierazten badu ere, hedapenari dagokionez, Kantauri itsasoaren iparraldean du ipar-muga eta, beraz, Bizkaiko golkoaren hegoaldean ikus daiteke.
Duela urte batzuk, Tenerifeko uretan marka digitalak erabiliz egindako ikerketa batean (DTAG), La Lagunako Unibertsitateko Natacha Aguilar ikertzailearen taldeak 23 pilotu-izurderen mugimenduak erregistratu zituen. Horrez gain, ikerketa-taldeak pilotu-izurde tropikalek sortzen zituzten ekolokalizazioko “klikak” ere erregistratu zituen. Erregistro horiei esker, Globicephalak ehizarako darabilen estrategiaren ezaugarri batzuk ezagutzen ditugu.
Lortutako erregistroen arabera, jakin ahal izan da ehizan doazenean 500 eta 1 000 m arteko sakoneretara jaisten direla eta, batez beste, 20 minutu inguru irauten dutela urpean. Harrapakinen bila urperatzen direnean klik sekuentzia luzeak igortzen dituzte (geolokalizazioko soinu-uhinak) eta batzuetan, kliken sekuentzien artean, burrunbak igortzen dituzte. Burrunbak, antza, harrapakina heltzeko saiakerekin lotuta daude.
Urperatze sakonak egiten dituztenean, sakonera maximoko puntura iristen dira esprint azkarra egin ondoren, eta une horretan burrunba egiten dute. Hori da pilotu-izurdeen ehizaren sekuentzia. Urperatzen hasten direnean, mantso mugitzen dira, baina esprinta egiten dutenean 9 m s-1 abiadurara iristen dira. Abiadura ikaragarria ur azpian mugitzen den ugaztun batentzat. Esprintek 20 eta 80 segundo artean irauten dute, eta, energia-gastuari dagokionez, oso garesti ateratzen zaizkie pilotu-izurdeei. Izan ere, esprinta urperaldiko denboraren %2 eta 8% artekoa den arren, kalkulatzen da energia-gastu osoaren %10 eta %36 kontsumitzen duela.
Jokabide arriskutsua da. Bakarrik saiakeren erdiak izaten dira arrakastatsuak; beste erdietan ez dute asmatzen. Kontuan hartzen badugu ehizaren kostua handia dela, harrapakinaren tamaina ona edo egokia izan behar da, bestela ez litzateke errentagarria izango eta ez lukete ehiza-mota hori erabiliko.Ikerketa hori egin arte, zetazeoen artean ez zen ezagutzen “arrisku handia-errendimendu handiko” ehizarik, nahiz eta ezaguna izan predatzaile lehortarren artean. Lurreko ugaztunen artean, agian gepardoa da taktika horren adibiderik onena.
Beste zetazeo batzuek, moko-baleek esaterako, estrategia desberdinak erabiltzen dituzte. Ziphiidade familiakoak dira moko-baleak, eta haien ezaugarririk bereizgarriena mutur luzea eta mehea da; izurdeak dirudite. El Hierron ikertu diren moko-baleak denbora tarte luzeagoz urperatzen dira, ordu eta erdira arte. Horregatik, ez daude esprint biziak egiteko moduan, odoleko eta muskuluetako oxigenoa ez baita nahikoa urperaldi luzeak egin eta esprint batekin amaitzeko. Jakina, moko-baleen elikatzeko jokabidea ez da “arrisku handia-errendimendu handiko” tankerakoa, askoz ere kontserbadoreagoa baita. Urperatze bakoitzean 30 bat pieza hartzen dituzte, nahiz eta presa txikiak izan, bakoitzak elikagai kantitate txiki bat ematen du. Dena den, moko-baleen lokomozio kostuak txikiak direnez, denbora luzez egon daitezke urpean janari bila, eta azkenean, batzuek, pilotu-izurde tropikalak, eta besteek, moko-baleak, behar dutena lortzen dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Aguilar, N., Johnson, M. P., Madsen, P. T., Díaz, F., Domínguez, I., Brito, A., Tyack, P. (2008). Cheetahs of the deep sea: deep foraging sprints in short-finned pilot whales off Tenerife (Canary Islands). Journal of Animal Ecology, 77 (5), 936-947. DOI: https://doi.org/10.1111/j.1365-2656.2008.01393.x
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] eta urte guztian zehar, gainera. Izurde handia (Tursiops truncatus), mazopa (Phocoena phocoena), pilotu-izurde hegaluzea (Globicephala melas) eta cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) dira noizean behin lehorreratzen […]