AMBAR Elkartea, euskal uretako zetazeoen zaindari

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zetazeoek, beste edozein itsas animaliak bezala, itsas garraioaren eta gehiegizko arrantzaren eraso handia jasaten dute gaur egun. Haien habitatak eta bizi-espazioa narriatuta daude, bai fisikoki bai akustikoki (soinuak berebiziko garrantzia du zetazeoentzat), elikagaiengatik lehiatzen dute, arratza-sareetan korapilaturik hiltzen dira… Oro har, estimatzen da urtero 100.000 zetazeo hiltzen direla zakarren eta arratza-aparailuen ondorioz.

Mundu mailan eragin hauek balioztatzea zaila bada ere, eragina nabaria da eskualde mailan eta tokiko mailan. Horretan dihardu, hain zuzen ere, AMBAR Elkarteak, itsas faunaren ikerketa eta babeserako sorturiko elkarteak. Elkarte honek euskal uretan dabiltzan zetazeoen jarraipenean jarduten du, baina lan-prozedura berezi bat du: lehorreratzen diren indibiduoetan oinarritzen dira gehienbat beren datuak, hau da, euskal kostaldera hilzorian edo hilik hurbiltzen diren banakoetan. Datu hauetatik, itsasoan zuzenean populazio biziak aztertuz lortu ezin daitekeen informazio oso baliagarria eskuratzen dute.

AMBAR Elkartea
1. irudia: Izurdeak euskal kostaldean. (Argazkia: AMBAR Elkartea)

AMBAR Elkarteko Lehorreratze Sarea 1996 urtearen inguruan jaio zen, euskal itsasertzean lehorreratzen ziren zetazeoak ikertzen hasi zirenean. Ordura arte beste inork lan hori egiten ez zuela ikusita, AMBAR Elkarte ofiziala handik bi urtera sortu zen. Honela, elkarte honetako boluntarioen helburua (denak baitira borondatezko langileak) zetazeo, pinipedio, marrazo nahiz itsas dortoken populazioen jakintza eta kontserbazioaren alde lan egitea da. Hogeita bost urteko lanaren ondoren, populazio hauen inguruko ezagutza handia lortu du AMBAR elkarteak. Bertako zuzendaria da Leire Ruiz biologoa eta, azaltzen duenez, “Euskal itsasertzean, Estatuko kostalde ia osoan bezala, gehien lehorreratzen diren espezieak izurde marraduna (Stenella coeruleoalba) eta izurde arrunta dira (Delphinus delphis). Espero izatekoa da, ugarienak baitira eremu honetan eta urte guztian zehar, gainera. Izurde handia (Tursiops truncatus), mazopa (Phocoena phocoena), pilotu-izurde hegaluzea (Globicephala melas) eta cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) dira noizean behin lehorreratzen diren beste espezietako batzuk eta, are maiztasun gutxiagoz, tamaina handiagoko zetazeoak, hala nola Balaenopteridae familiako espezieak (horien artean, zere arrunta) edo kaxaloteak (Physeter macrocephalus).”

Lehorreratze baten inguruko lan dinamika

Zer egiten dute, beraz, AMBAR Elkarteko kideek lehorreratze baten berri jasotzen dutenean? “Tira, animalia bizirik edo hilik iritsi ote den, horren arabera” dio Leirek. Esaterako, “bizirik aurkitzen badugu, bere kabuz itsasora itzultzen ote den behatzen dugu (batzuetan gertatzen baita) edo gure laguntzaz itzul daitekeen aztertzen dugu. Kasu hauetan ahalik eta informazio gehien jasotzen saiatzen gara, animaliarekin harremanean ahalik eta gutxien arituz, bai pertsonen segurtasunagatik baita animaliaren sufrimendua ez areagotzeagatik. Oro har, kostaldera iristen direnerako oso kaltetuta egoten dira eta iritsi bezain pronto hiltzen ikusten ditugu. Horren aurrean, prozesua ahalik eta naturalena izan dadin laguntzen ahalegintzen gara. Aldiz, “hilda iristen badira, datu biometrikoak eta organo eta ehunen laginak hartzen ditugu, tokian bertan edo Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU), tamainaren arabera. Laginak PiEn bertan gordetzen dira eta Ehunen Biobankuaren parte dira”.

Lortutako informazio horrekin guztiarekin, animaliaren bizi historia berreraiki dezakete AMBAR elkartekoek. Izan ere, informazio genetikoa, fisiologikoa eta anatomikoa eskuratzeaz gain, toxikologia eta patologiak analizatuz, animalia hauei eragiten dieten gaixotasunak azter baitaitezke, baita heriotzaren kausak ere. Bestetik, urdaileko edukiaren arabera, zein espeziez elikatzen diren ere jakin daiteke eta, beraz, non elikatzen diren. Hau da, amaierarik gabeko hari bati tiratzearekin alderatzen du Leire Ruizek prozesua. Informazio honek guztiak espezie hauek sakontasunez ikertzen laguntzen die eta, hortaz, haien kontserbaziorako eraginkorrak izango diren plan eta estrategiak diseinatzea ahalbidetzen die.

AMBAR Elkartea
2. irudia: Euskadiko kostaldean urtean 10-30 itsas ugaztun bitarte lehorreratzen dira. Batez ere, izurdeak, mazopak eta pilotu-izurde hegaluzeak izate dira. (Argazkia: AMBAR Elkartea)

Kontserbazio-planak ordea, berandu heldu dira euskal kostaldera zetazeo espezie berezi batentzat, Ipar Atlantikoko sardako balea edo euskal balearentzat (Eubalaena glacialis), balea handietatik urriena gaur egun. Historikoki, arrunta zen espezie honetako indibiduoak ozeano Atlantikoaren bi ertzetan aurkitzea, baina mendeetan zehar etengabeko arrantzari eta beste hainbat faktore antropikori aurre egin ondoren, azkenean Atlantiko ekialdean iraungi egin dela dirudi.

Iraganean, euskal balearen ekialdeko banaketa mendebaldeko Saharatik Ipar lurmuturreraino (Norvegia) iristen zen, neguan ur azpi-tropikaletan erditu eta uda partean iparralderantz migratzen baitzuten, zooplanktonean aberatsak diren ur hotzetara. Urtaroko ziklo honen bidaietan, Bizkaiko Golkotik pasatzen ziren espezie honetako banako asko, eta hortik datorkie euskal jentilizioa, jada XI. mendean euskal balearen arrantzaleek espezie hau harrapatzeko zuten zaletasunagatik, hain zuzen. Estimatzen da arrantza aurretiko espezie honen populazioa 9.000-21.000 indibiduokoa zela. 2018 urtearen amaieran, 409 banako bizi zeudela pentsatzen da, horietatik 250 heldu. Naturaren Kontserbaziorako Elkarte Internazionalak (IUCN, ingeleseko sigletan) urte berean argitaraturiko Zerrenda Gorrian, “mehatxatua” kategoria zuen esleitua euskal baleak, baina 2020an eguneraturiko zerrendan, ordea, “kritikoki mehatxatua” kategorian sartzea erabaki zen. Balea mitiko honen gaineko harrapakaritza XVIII. mendearen erdialdetik aurrera amaitu zela esan daiteke. Orduan, zergatik ez dira beren kabuz indarberritzeko gai izan espezie honen populazioak? Arrazoi nagusiak, besteak beste, itsasontzien talkak eta arrantza-sareen korapiloak direla pentsatzen da.

Galdera hau eta beste hainbat modu sakonago batean erantzun nahiko lituzke AMBAR elkarteak, baina, gaur egun, ez du ikerketarik aurrera eramateko nahikoa baliabide. Leire Ruizekin hitz egin ostean, ordea, argi dago euskal uretan bizi den itsas fauna aztergai paregabea dela eta, hori baino garrantzitsuago, azterketa behar duela, haren populazioen egoera ulertu eta etorkizuna aurresan ahal izateko. Ikas dezagun beraz gure akatsetatik, eta Euskal baleak balio dezala jarraitu behar ez den eredu gisa.

Esker ona:

Egileak eskerrak eman nahi dizkio Leire Ruiz Sancho biologoari eskainitako arreta eta informazioagatik.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cooke, J.G. (2020). Eubalaena glacialis (errata version published in 2020). The IUCN Red List of Threatened Species 2020, e.T41712A178589687. https://dx.doi.org/10.2305/IUCN.UK.2020-2.RLTS.T41712A178589687.en

Europar Batasuneko Parlamentua (2018). Plásticos en el océano: datos, efectos y nuevas normas europeas.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.