Asteon zientzia begi-bistan #356

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

homo

Paleontologia

Giza espezie ezezagun berri bat aurkitu dute Israelen. Homo nesher ramla izena jarri diote eta duela 470.000 eta 120.000 urte bitartean bizi izan zela uste dute. Zientzialarien esanetan, Homo sapiens-arekin duela 200.000 urte baino gehiago nahastu ziren neandertal zaharrak izan liteke. Bere ezaugarri fisikoak neandertalen (bereziki hortzak eta masailezurra) eta gizaki arkaikoen (eskeletoa) arteko nahasketa dira. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian Aitziber Agirreren eskutik: Homo berri bat aurkitu dute Israelen.

Berrian ere jakitera eman dute Hominido mota berri bat aurkitu dutela Ekialde Hurbilean. Juanma Gallegok azaltzen du aurkikuntza hau baliagarria izan daitekeela gaur egungo gizakien zuhaitz ebolutiboa argitzeko. Izan ere, duela 750.000-125.000 urte inguru gertatu zena argitzeko zailtasun nabarmenak baitituzte paleoantropologoek.

Biologia

Juanma Gallego kazetariak ez ditu gustuko armiarmak. Aldiz, ez dio muzin egiten zonbi ñimiñoei. Izan ere, asteon, berpiztu dituzten errotiferoei buruz hitz egin digu. Errotiferoak ur gezan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Idorrean edo bestelako baldintza kaskarretan mantentzeko ahalmen handia dute, eta orain egiaztatu ahal izan dute 24.000 urte igarota bizira buelta daitezkeela. Izan ere, Siberian dagoen Alazeia ibaiaren ondoan aurkitu dituzte batzuk bertako permafrostean izoztuta eta bizira ekarri dituzte.

Arkeologia

Gizakientzat argiztapen artifiziala funtsezko baliabidea izan zen Paleolitoan jokabide sozial eta ekonomiko konplexua zabaltzeko. Horrez gain, suaren kontrolari esker, haitzulo sakonetan lehen portaera sinbolikoa garatzeko aukera izan zuten. Ikertzaileek kobazuloen sakonean argia izateko behar zuten materiala eta ahalegina kalkulatu dute. Elhuyar aldizkarian: Paleolitoko argiztapen-sistemak ikertu dituzte esperimentalki.

Fisika

Zientzialaria, ikertzailea, abeslaria, dibulgatzailea eta beste hainbat gauza ere bada Eneko Axpe fisikaria. “Super egun on, Euskal Herria!” da bere ohiko agurra AEBtik agurtzen duenean. Bertan dago lanean, Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna baita Stanford Unibertsitatean eta NASAn. Naiz hedabidean elkarrizketa egin diote bere ibilbideaz eta aitortu duenez, ikertzaile gisa, Humanitatearen historian inoiz ikusi ez den fenomeno bat lehen aldiz azaltzea izugarria deritzo.

Ekologia

Irati Diezek Leire Ruiz biologoarekin hitz egin du AMBAR Elkarteak egiten duen lanari buruz. Elkartea itsas faunaren babesa eta ikerketa ditu helburu eta ikerketarako datuak, batez ere, gure kostaldean lehorreratzen diren animalien bidez lortzen dituzte. Hau da, euskal kostaldera hilzorian edo hilik hurbiltzen diren banakoak aztertuz. Euren lanari buruzko informazioa, AMBAR Elkartea, euskal uretako zetazeoen zaindari artikuluan.

Astrofisika

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak Marteko ur-izotzezko hodei berezi baten dinamika ikertu du. Hodeia 1 800 km-ko luzera eta 150 km-ko zabalera izatera hel daiteke, oso azkar zabaltzen da eta ordu gutxi batzuen buruan desagertzen da, eta zenbait hilabetez goizero errepikatzen du zikloa. Elhuyar aldizkarian xehetasunak: Marteko hodei erraldoi baten sekretuak argitu dituzte.

Osasuna

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu digu, Nerea Irigoyen ikertzaileak Cambridgeko Unibertsitatean zuzentzen duen taldeak birusaren kontrako estrategia berri bat proposatu duela. Koronabirusak eragindako infekzioari aurre egiteko, berari zuzenean eraso gabe, birusak kutsatu dituen zelulei eraginez. Horretarako bi botika konbinatu dituzte eta SARS-CoV-2 bidezko infekzioaren hedapena zeluletan %99,5era murriztea lortu dute. Xehetasunak, “Aurrerapausoak antibiral bat lortzeko bidean” artikuluan.

Ikerketa berri batek ohartarazten du ahalmen farmakologiko eta terapeutikoa duten landareei buruzko ezagutza indigena desagertu egingo dela hizkuntzak hiltzean. Indigenen komunitateek sendabelarrei buruz duten ezagutzaren %91a galdu egingo dela aurreikusi dute. Iker Tubia kazetariak jorratu du gaia Berrian ikerketan parte hartu duten bi ikertzaileekin hitz eginez, eta nabarmendu dute indigenek sendabelarrei buruzko ezagutza horiek beharrezkoak dituztela eta, galduz gero, beraien ongizatea eta osasuna kaltetu daitekeela.

Teknologia

Unai Otamendi UPV/EHUko ikaslea da eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu amaierako lanean, epidemien hedapenean portaera sozialaren eragina zein den ezagutzeko simulazio epidemiologikoak burutzeko programa bat diseinatu eta garatu du. Lanaren helburua izan da faktore sozioekonomikoak eta demografikoak kontuan hartzen dituen eredu epidemiologiko bat garatzea, hau da, programa informatiko bat. Berrian horren inguruan Edurne Begiristainek egin dion elkarrizketa: Test gehiago eginda, kutsatze kasuak sei aldiz gutxitu daitezke.

Gara elkarrizketa Eneko Axperi: «Humanitatearen historian inoiz ikusi edo ulertu ez den fenomeno bat lehen aldiz azaltzea izugarria da»


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.