Asteon zientzia begi-bistan #286

Uxue Razkin

Pedagogia

Etorkizuneko zientzia bermatzeko beharrezkoa da zientzia-bokazioak sortzea. Horretarako, zientziaren irakaskuntza esperimentazioari lotuta egon behar da. Azken hamarkadetan, ordea, jarduera ez-interaktiboak proposatu dira. Badira ere metodologia esperimentalak proposatu dituztenak. Baina laborategian ematen duten denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten igarotzen dute eta ez dute, aldiz, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denborarik.

Paleontologia

Geneen transmisioen kateri eusteko, animaliek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte eta bi multzotan bereiz daitezke: kume asko izatea (kantitatea) ala dituzten gutxi horiek ondo zaintzea (kalitatea). Orain, zaintzaren azken portaera honen adierazlerik zaharrentzat hartzen dena aurkitu dute duela 309 milioi urteko fosil batean. Gainera, espezie berri bati antzeman diote portaera hori: Dendromaia unamakiensis du izena eta Cape Breton uhartean aurkitu dute. Ez galdu!

Kimika

Azken urteotan, gelatina gisako proteinetan oinarritutako materialenganako interesa handitu da. Gelatinak hainbat abantaila ditu: ugaria, erabilgarria eta merkea da. Halere, kontuan hartu behar da proteina honetan oinarritutako materialek urarekiko sentikortasun handia dutela, bere erabilera mugatuz horrela. Baina bada gelatinaren urarekiko sentikortasuna txikitzeko metodo bat, lan honetan agertzen dena: materialak laktosarekin erreakzionarazi.

Astrofisika

Inoiz topatu den materialik zaharrena aurkitu dute meteorito batean. Australian eroritako meteorito batean topatu dute: silizio karburozko 40 pikor dira (pikor horiek izarren hautsa dira), mikra gutxiko tamaina dute, eta eguzki-sistema sortu baino lehenagokoak dira. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Biologia

Nola egiten diote aurre neguari ugaztunek? Tenperatura beherakadari erantzuteko moduak bi osagai nagusi ditu. Testuan azaltzen diguten bezala, alde batetik, kanpoarekiko isolamendu maila handitzen dute. Bestetik, giro tenperatura asko jaisten bada, jarduera metabolikoa ere areagotzen dute. Gizakiak, baina, bereziak gara. Zer gertatzen da hotza dugunean? Ez galdu!

Datozen hamar urteotan Antartika inbaditzeko arrisku handiena ekarriko duten munduko animalia eta landare-espeziak identifikatu dituzte ikerketa batean. Hamahiru espezie identifikatu dituzte, karramarro eta muskuilu batzuk, loredun landareak eta akaroak, besteak beste. Elhuyar aldizkarian aurki dezakezue espezie inbaditzaileen zerrenda!

Mikroglia garunean neuronen bizi-zikloa ixteaz arduratzen dela argitu berri du ikerketa batek. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, duela ehun urtetik, bazekiten mikroglia izeneko zelula txikiak direla hildako neurona horiek fagozitatu eta garuna garbitzeaz arduratzen direnak, baina susmoa zuten fagozitosia ez zela hondakinen bilketa pasiboa. Orain, prozesu hori aktiboa dela frogatu dute. Hortaz, hildako neuronak jasotzeaz gain, neuronen bizi-zikloa ixteaz arduratzen dela argitu dute.

Psikopedagogia

Gero eta garrantzi handiagoa dute emozioek errendimendu akademiko hobea lortzeko. Horregatik hartzen ari da protagonismo handiagoa emozioen kudeaketa ikasgeletan. “Historikoki onartu da gaitasun mentalak edo kognitiboak eragina duela ikaslearen errendimenduan, baina bereziki errendimendu akademikoa gaitasun horiekin lotutako faktoreekin neurtu izan delako”, dio Berrian Aitor Aritzetarena psikologiako doktoreak.

Fisika

Clarivate Analyticsek munduan gehien aipatzen diren ikertzaileekin osatutako zerrendan agertu da, hirugarren urtez jarraian, Javier Aizpurua (Donostia, 1971). Nanofotonikaren Teoria ikerketa taldeko buru da Materialen Fisika Zentroan, Donostian. Nanofotonika ikertzen du, hau da, argiaren eta nanoegituren arteko elkarrekintza. Bere lanaz mintzo da Berrian egin dioten elkarrizketa interesgarri honetan! Ez galdu!

Emakumeak zientzian

Ingurumen zientzietan lizentziatua den Sarai Pousok AZTI ikerketa zentroan egin du doktorego tesia. Nerbioi estuarioaren kasua ikertu du eta berak Unibertsitatea.net atarian azaltzen duen moduan, “bertako zerbitzu kulturalak ikertu ditut, zehazki, aisialdiko bi esperientzia: kirol arrantza eta hondartzen aisi erabilera. Aktibitate hauek uraren kalitate minimo bat behar dute praktikatu ahal izateko eta estuario honetan azken 30 urteetan gertatu diren aldaketa ekologikoaren ondorioz, aisialdirako aukerak ere aldatu diren aztertzea interesgarria iruditu zitzaidan”.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>