24.000 urtez izoztutako leinua bizira ekarri dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Artean munduan mamutak zirela, eurekin batera bizi ziren animalia ñimiñoak berpiztea lortu du ikertzaile talde batek: Siberiako permafrostean gordetako errotiferoak gurean dira berriro.

Denetako jendea dago munduan. Eta, agian, unibertsoan hala izango da ere. Adibidez, Liu Cixin egilearen The three-body problem liburuan aukera bitxi batekin jokatzen da. Hiru izarrez osatutako eguzki sistema baten inguruan bizi diren estralurtarrek senperrenak ikusten dituzte hain ingurune ezegonkorrean bizitzeko. Euren zibilizazioa goreneko puntu batera heltzear dela… sast! espazio hondamendia dator, dena hankaz gora jartzera. Zorionez ―beraientzat―, gauzak gaizki datozkienean, gai dira euren buruak idortzeko, eta, horrela, haien planetak bizia mantentzeko baldintzarik ez duen garaietan ere bizirik irauten moldatzen dira. Ingurune hori oso atsegina egiten ez zaienez, erabaki bat hartuko dute… lasai, ba, honaino irakur dezakegu. Jo liburuetara edo itxaron Netflixen bertsioa iritsi arte.

Gaurkoan interesatzen zaiguna da denboran letargiaren antzeko egoera batean mantentzeko gaitasuna. Espazio bidaietan erabiltzeko antzeko gaitasunekin amestu den arren, praktikan soilik organismorik sinpleenek dute aukera hasiera batean ia mirarizkotzat har dezakegun ahalmen hori abiatzeko. Orrialde hauetan behin baino gehiagotan aipatu izan diren tardigradoak horren adibide bikainak dira. Baina errotiferoak ere ez dira atzean geratzen, oraingo honetan ikusiko dugun bezala.

errotiferoak
1. irudia: Siberian dagoen Alazeia ibaiaren ondoan aurkitu dituzte errotiferoak, bertako permafrostean izoztuta. Laginketa egiteko espedizioa 2015eko abuztuan egin behar izan zuten, Artiko inguruek utzi ohi duten udako tarte laburra aprobetxatuz. (Argazkia: Tatiana Vixnivetskaia)

Naturak eskaintzen duen katalogo opariaren barruan, errotiferoak aparteko kapitulu bat merezi dute. Ur gezako animalia mikroskopiko hauek, normalean, sexu gabe ugaltzen dira; baina, behar izanez, gero, ugalketa sexualari ekiteko moduan daude ere. Hau ez da gertatzen, baina, bdelloidea klaseko errotiferoetan: 460 espezie inguru biltzen dituen talde horretako animalia guzti-guztiak emeak dira. Ernalketa behar ez duen obuluak dituzte, eta, beraz, partenogenesi bitartez ugaltzen dira. Hala eta guztiz ere, sexurik gabe mantendu dira milioika urtez, espezie ugari sortuz, eta, horregatik, sexuaren abantaila ebolutiboa ikertzen duten zientzialariek askotan errotiferoetara jo dute, haien proposamenak kontrastatzeko.

Ez da duten ahalmen bitxi bakarra. Horrez gain, inguruko baldintzak kaskartzen direnean, paregabeko egoera batean sartzeko gai dira. Adituek kriptobiosi deitzen diote bizitzaren eta heriotzaren arteko egoera hori, organismoaren prozesu biologikoak stand by egoera batean geratzen direnekoa. Orain arte eskuratutako ezagutzagatik, uste da errotiferoetan gene berezi bati zor zaiola gaitasun hori: prozesua abiatzeko beharrezkoak diren proteinen sintesia abiatzen du gene horrek. Besteak beste, zelula mintzei eusteko beharrezkoak diren aldaketak egiten laguntzen dute proteina horiek.

Bada, duela gutxira arte, egoera horretan mantentzeko gaitasun hori hamarkada batez luzatzen zela uste zen, baina, uste hori irauli duten datuak eman dituzte orain. Current Biology aldizkariari bidalitako gutun batean jakinarazi dutenez, Siberiako permafrostean 24.000 inguru urtez izoztuta mantendu diren errotiferoak aurkitu dituzte. Halako ehunka animalia aurkitu dituzte laginetan, eta, horietatik, batzuek aktibitatea berreskuratu dute. Are gehiago, errotifero horietako batzuk ugaldu dira, ikertzaileen harridurarako. Ondorengoen analisi genetikoa ere egin dute, errotifero horiek laginean aurkitutako errotiferoetatik jaiotakoak direla egiaztatzeko. Horrek ere eman die aukera jakiteko non dauden gaur egun genetikoki hurbilen dauden errotiferoak, eta Belgikan lagindutako Adineta vaga izeneko espeziekoak direla ondorioztatu dute.

Karbono-14 bidezko datazioa baliatu dute permafrost geruzaren adina kalkulatzeko. Lurzoru izoztu horretan mikrobioek bertikalean mugitzerik ez dutenez, zientzialariek argi dute bertan aurkitutako mikroorganismoak adin horretakoak direla. Aurreko ikerketa batean 30.000 urte bizi izandako nematodoak eskuratu eta bizira ekarriak zituzten ere, baina, errotiferoen kasuan, hamar urteko epe hori hartzen zen baliokotzat. Milaka urtez kriogenizatuta mantendu eta berpizteko gain diren organismoen katalogoak, beraz, gora doa.

Kultiboetako emaitzak

Halako emaitza ponposoak eskaintzen dituzten ikerketa asko bezala, nazioarteko prentsan oihartzun handia izan du aurkikuntzak. Soilik artikuluaren metriketan ehun hedabide inguru azaltzen dira. Baina bitxia izan da hedabide batzuk berpiztutako errotiferoak aipatzen dituztela, eta, beste batzuk, errotifero bat. Bat besterik ez da izan, ala, errotifero asko? Current Biology-ko gutunean hainbat errotifero aipatzen dira hasierako kultiboetan, eta, ondoren, norbanako bat. Zalantza, beraz, argitzeke.

errotiferoak
2. irudia: Errotiferoak ur gezan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Idorrean edo bestelako baldintza kaskarretan mantentzeko ahalmen handia dute, eta orain egiaztatu ahal izan dute 24.000 urte igarota bizira buelta daitezkeela. (Irudia: Galban, S. et al.)

Ea, Zientzia Kaiera honen irakurle maiteok: ongi baino hobeto dakizuenez, toki onean zaudete, eta hemen gauzak arduraz hartzen dira. Errauskineren ipuinean bezala, larunbat batean bota dugu galdera posta elektronikoz, Euskal Herrian ia-ia gauerdia zela. Mosku inguruetan dagoeneko igandea hasita zela jaso dugu Stas Malavin ikertzailearen erantzuna, galdera bota eta 15 minutu ingurura, hain justu —Спасибо, Стас!—. Ez esan, mesedez, globalizazioak gauza ederrak ez dituenik.

“Arrazoi duzu”, dio Malavinek, “horrek asko nahasi ditu kazetariak”. Normalean permafrostean gordeta dauden mikroorganismoekin jarraitzen duten prozesua azaldu du. “Permafrost lagina jartzen dugu kultibo ingurunean, eta platera behatzen dugu noizean behin, erabateko esterilizazio baldintzetan, noski. Organismo biziak berraktibatzen dira, eta lagin berdinean zeuden eta berraktibatu egin diren bakterioez elikatzen hasten dira; eta, batzuetan, ugaltzen hasten dira ere. Gero, banan banan aukeratu, klonatu, hazkuntzak egin eta horiekin lan egiten dugu”.

“Kasu honetan, hilabete inguru pasata, hainbat errotifero ikusi genituen. Astebete bat igarota zegoen kultiboa behatu genuen azken egunetik. Horrek esan nahi du behatutako errotifero horietako batzuk ondorengoak izan daitezkeela, bizpahiru aste bizi direlako, eta eklosiotik hainbat egunetara arrautzak jartzen hasten dira. Beraz, ez dugu izan ‘esku artean’ bizirik iraun duen errotifero hori, edo horiek”. Gogorarazi duenez, halako kasuetan kultiboak behar dituzte, eta bizirik iraun duen errotifero horren ondorengoak oraindik laborategian dituztela erantsi du. Kontua are gehiago argitzeko, birusen adibidea jarri du. “Imajina ezazu gaixotutako pertsona batetik birus berria isolatu dela. Inozoa litzateke galdetzea isolatutako birus horren lehen partikula non dagoen, ezta?”.

2015eko abuztuan Alazeia ibiaren inguruetan (Siberia) zulatuz eskuratutako laginetan zeuden errotiferoak. Hilabete horretan bertan izatea ez zen kapritxoa. Izan ere, goiko latitude horietan uda bereziki laburra da: ekainetik abuztura bitartean baino ez dago elurretatik eta izotzetik salbu. Eta hori ez zen izan bertara joandako zientzialariek nozitu behar izan zuten traba bakarra. Bilbo erdialdekoa ez baizik jatorriz Ukrainakoa den Tatiana Vixnivetskaia mikrobiologoaren hitzetan “milioika eltxo” zituzten inguruan, “tonaka”. Ziztadak arintzeko pomada bila joatea ez zen lan erraza: gertueneko herria —Andruxkino— hiru ordutara zegoen… txalupa azkarrean. Bertara joateko, noski, helikopteroa erabili behar zuten. Zientziaren bideak, beraz, nekezak dira, eta denbora dezente behar da emaitzak paper edo paper baten gainean ikusteko. Eskuratu dituzten emaitzak ikusita, nahiko argi dago eltxoen ziztada horien guztien ondoren ere, ahaleginak sobera merezi izan duela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Shmakova, L. et al. (2021). A living bdelloid rotifer from 24,000-year-old Arctic permafrost. Current Biology, 7, 31(11), 712-713. DOI: 10.1016/j.cub.2021.04.077.


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Juanma Gallego kazetariak ez ditu gustuko armiarmak. Aldiz, ez dio muzin egiten zonbi ñimiñoei. Izan ere, asteon, berpiztu dituzten errotiferoei buruz hitz egin digu. Errotiferoak ur gezan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Idorrean edo bestelako baldintza kaskarretan mantentzeko ahalmen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.