Nerea Irigoyen, birologoa: “Birologia maskulinoegia da oraindik”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Nerea Irigoyen Vergarak abizen euskaldunak dituen arren, Zaragozan jaioa da, eta hamar urte daramatza Erresuma Batuan, zehazki, Cambridgeko Unibertsitatean. Zika birusa ikertzen duen laborategi baten burua da, baina, orain, beste ikertzaile asko bezala, COVID-19a eragiten duen SARS-Co-V-2 birusari adi dago.

Grinaz hitz egiten du bere lanari buruz, eta, denboran atzera eginda ere, aitortu du betitik izan dituela gogoko biologia eta esperimentuak. “Gurasoek asko bultzatzen gintuzten anaia eta biok jolastera eta esperimentatzera. Adibidez, babarrunak eta haziak ereiten genituen kotoian eta nola hazten ziren marrazten genuen, eta mineralak edo zerua aztertzera jolasten ginen”.

Horrez gain, gogora ekarri du 1980ko hamarkadan GIBak eta hiesak sekulako eragina zutela, eta uste du horrek ere, neurri batean, eraman zuela birusak ikertzera. “Gustatuko litzaidake jakitea,orain haurrak diren horietatik, zenbatek bukatzen duten birologia ikasten, pandemia bizi izanaren ondorioz”.

Irudia: Nerea Irigoyen Vergara birologoa Cambridgeko Unibertsitateko Birologia Saileko laborategian.

Nola nahi ere, farmazia ikasten hasi zen, eta oso gustura aritu zen, oso zabala baita: botanika, anatomia, biokimika, fisiopatologia, mikrobiologia, bioteknologia… Horren ondotik, Madrilera joan zen, Espainiako Bioteknologia Zentrora, tesia egitera. Hor bete-betean sartu zen birusak ikertzera; hasieran birusen egituran, eta, gero, birologia molekularrean.

Tesia bukatutakoan Ingalaterrara joan zen, eta dagoeneko ia 10 urte daramatza han: “Urte asko dira, eta itzultzea edo beste norabait joatea pentsatzen hasia naiz, ez baitakit, gainera, zer gertatuko den Brexitarekin”, dio Irigoyenek.

Dibertsitatea, sarien bidez

Ez du ukatu, dena den, alde on asko aurkitu dituela han, esaterako, finantziaziorako erraztasunak eta ingurunea: “Europako Batasunetik, beste leku batzuek baino askoz ere gehiago jasotzen du ikerketarako. Eta masa kritikoa; hori ere nabarmena da. Leku gutxitan egongo da hemen adinako ikertzaile-dentsitatea: Oxforden, Cambridgen eta halako beste tokiren batean… Makrolaborategi bat bezala da. Batzuetan gehiegizkoa ere izan daiteke, zure inguruko guztiak doktoreak edo maila handiko ikertzaileak baitira, eta, nahitaez, beren lanari buruz hitz egiten dute, laborategitik kanpo daudenean ere”.

Brexitarekin, baina, uste du finantziazioa asko jaitsiko dela, eta ikertzaileen artean ere aldaketak egongo direlakoan dago, asko eta asko atzerritarrak baitira. Horrekin lotuta, onartu du giroa oso hierarkizatua eta maskulinoegia dela oraindik: “Laborategi bateko buru izatera iritsi den lehen emakumea izan naiz, eta, gainera, Europako hegoaldekoa naiz. Pixka bat arraroa da gizon zuri eta goi-mailakoen tartean egotea, baina uste dut horra iritsi izna garrantzitsua dela etorriko direnenek eredu bat izan dezaten”.

Dena den, pixkanaka egoera aldatzen ari dela nabarmendu du Irigoyenek. Hain zuzen, dibertsitatea bultzatzeko sari batzuk sortu zituzten, Athena SWAN (Scientific Women’s Academic Network), jakinik erakundeei gustatu egiten zaiela lehia eta sariak jasotzea. Genero-bereizketa murrizteko hartzen dituzten neurrien arabera banatzen dituzte urrezko, zilarrezko eta brontzezko sariak, eta, adibidez, ikerketa medikoko laborategi batek ezin du diru-laguntza publikorik jaso, ez badu, gutxienez, zilarrezko sari bat.

Britainia Handian hainbeste urte igaro ondoren, hegoalderako mugitzeko gogoa du, Espainiara, adibidez. “Hala ere, Pasteur Institutuak ere (Paris) asko erakartzen nau, gaixotasun tropikaletan espezializatuta baitago”, esan du.

Orain ahalegin guztia SARS-CoV-2 birusa ikertzera bideratzen ari badira ere, berak nahiagoko luke zikarekin jarraitu: “SARS-CoV-2a oso da garrantzitsua, nola ez, bizitzen ari garen pandemiaren eragilea delako, baina, ikuspegi zientifikotik, koronabirus bat da, eta lehendik ere ikertu izan ditut koronabirusak. Askoz ere kitzikagarriagoa zait zikaren birusa, bai berezko ezaugarriengatik bai sozialki duen inpaktuagatik. Azken finean, populazioaren zati zaurgarrienari eragiten dio: emakumeak, leku pobreetan bizi direnak… 2016ko Brasilgo izurritean, emakumeen heriotza-arrazoi nagusia abortu ilegalak izan ziren. Gustatuko litzaidake zerbait egitea haien alde”.

Fitxa biografikoa:

Nerea Irigoyen Vergara Zaragozan jaio zen, 1981an. Farmazian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan doktoratu zen, Biologia Molekularrean, Birologia espezialitatean. Espainiako Bioteknologia Zentroan egin zuen tesia (CNB-CSIC), eta Cambridgeko Unibertsitatean, berriz, doktoretza-ondorengoa. 2018ko irailetik bere ikerketa-taldea zuzentzen du, Cambridgeko Birologia Sailean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #301 - Zientzia Kaiera

[…] ikertzen duen laborategi baten burua da, Cambridgeko Unibertsitatean. Ia 10 urte daramatza bertan. Orain pandemiak sortu duen egoeraren kariaz, SARS-CoV-2 birusa ikertzea dagokio: “Ikuspegi zientifikotik, koronabirus bat da, eta lehendik ere ikertu izan ditut koronabirusak. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>