Eukaliptoak, euskal ibaien gosete kronikoaren erantzule

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1986 eta 2019 urteen bitartean, eukalipto-landaketen azalera %300 baino gehiago handitu zen Euskadin. Beste modu batera esanda, 5.000 hektarea inguru izatetik ia 20.000 hektarea izatera iritsi ginen 33 urteko denbora-tartean. Landaketa hauetatik gehienak lursail pribatuetan kokatzen bada ere, mendi publikoen azaleraren %14-19 inguru eukaliptoz estalia dago gaur egun.

Eukalipto deritzegun zuhaitzek Myrtaceae familiako zenbait espezie hartzen dituzte barne, eta haien banaketa naturalak Ozeaniaren parte handi bat estaltzen du, Tasmania, Australia, Kaledonia Berria, Ginea Berria, Indonesia eta Filipinak, hain zuzen. Espezie batzuk, alabaina, munduko beste hainbat herrialdetan landatu izan dira egur-industriaren eskutik, zuhaitz hauen egur-kalitate handiak eta hazkuntza bizkorrak abantailez baliatuz. Estimatzen da, gaur egun, eukaliptoek 20 milioi hektarea inguru estaltzen dituztela mundu-mailan eta euskal lurraldeak ere, onura horiez jakitun, bere mendiak estali ditu zuhaitz australez, pinuaren tradizioa kolokan jarriz.

eukaliptoak
Irudia: Zientziak erakutsi du, besteak beste, UPV/EHUn egindako ikerketek, eukalipto sail zabalek kalte egiten dietela ibaietako eta basoetako ingurumenari. (Argazkia: Abel Domínguez – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Eukaliptoak izan duen mundu-mailako arrakasta zuhaitz honek duen adaptazio-ahalmenari zor dio, lurzoru eta klima ezberdin askotan bizitzeko gaitasuna baitu eta belarjale, intsektu fitofago eta patogenoentzat ez baita oso erakargarria. Nola haziko litzateke bestela hain indartsu espezie australiar bat Euskal Herrian? Baina bateragarritasun hau, zoritxarrez, ez da noranzko bikoa, euskal ekosistemak ez baitira eukaliptora ongi egokitzeko gai izan. Jakina da zuhaitz-monolaborantzek (bai eukaliptoek bai pinu-landaketek) baso-ekosistema osoak ordezkatzen dituztela eta eragin ikaragarria dutela lurzoruetan, besteak beste, bertako materia organiko eta mantenugaiak gutxitzen dituztelako. Hala ere, agian hain nabariak ez diren ondorioak dakartza bertako baso bat eukalipto-landaketa batez ordezkatzeak. Ondorio horietako bat da, hain zuzen, Euskadin gehien ikertu den alderdietako bat, eukalipto-landaketei dagokienez: monolaborantza hauek euskal erreketan duten eragina, hain zuzen. Baina, nola eragin diezaioke zehazki ekosistema lurtar batek inguruko ekosistema urtar bati?

Hau ulertzea errazagoa egingo da analogia bat erabiliz. Ekosistemak, ikuspuntu energetiko batetik, “telefono apurtua” jokoarekin aldera daitezke: hitzak (gure kasuan, energia) jokalari batetik bestera pasatzen dira eta, hitz horietako batzuk bidean eraldatu edo galtzen badira ere, jokoaren funtsa, hitzak jokalari guztien belarrietatik pasatzean datza. Ekosistemen kasuan, jokalariak maila trofiko ezberdinetako organismoak izango lirateke, hala nola ekoizleak, kontsumitzaileak eta deskonposatzaileak. Honela, ekosistema ororen funtsa energiaren transmisioa izango da eta haren osagarriak diren organismoak, bestalde, energiaren “gordailuak” eta “transmititzaileak”. Organismoek, energia bildu eta, era berean, eskuragarri utziko dute maila trofiko goreneko organismoentzat, beren elikagai bihurtu ondoren.

Baina zeinek esaten du joko honetako lehen hitza? Edo, gure kasuan, zeinek sartzen du sisteman energia? Munduko ekosistema gehienen kasuan, sistema ekologikoen funtzionamendurako beharrezkoa den energia ekoizle primario deituriko organismoek ekoizten dute; horra hor beren izenaren jatorria. Organismo horiek, jakina denez, eguzki-energia, energia kimiko bihurtzen dute fotosintesiaren bidez eta, honela, energia gainerako maila trofikoentzako erabilgarri eta transferigarri bilakatzen dute. Erreka-ekosistemak, alabaina, bereziak dira alderdi honetatik; izan ere, sisteman sartzen den energia gehiena ez datorkie ekoizle primarioetatik, ibaira erortzen diren inguruko arbolen hostoetatik baizik.

Bi sistemen arteko harreman hauskor hau da, hain zuzen ere, eukalipto-landaketek ezegonkortzen dutena, erreken inguruko basoen konposizioa aldatzeak errekara iritsiko den elikagai kantitate eta kalitatean eragingo baitu. Eukalipto-hostoak mantenugaietan eskasak dira eta, ondorioz, elikagai-iturri pobrea dira organismo askorentzat. Gainera, argizariz estalitako kutikula gogorra dute, hondoen infekzioak galarazten dituena. Bestalde, olio esentzialen kontzentrazio altuak izaten dituzte, mikrobio eta belarjaleen aurkako eragina dutenak. Ezaugarri hauengatik guztiengatik, eukalipto-hostoen deskonposaketa geldoagoa da beste edozein orbelekin konparatuz, eta, horregatik, oso balio baxuko elikagaia da euskal erreketako organismoentzat. Gainera, ikusi izan da beste espezie batzuen hostoen deskonposaketa ere moteldu dezakeela, errekako elikagai ustiagarri kantitatea nabarmenki gutxituz. Batez beste eta eskala globalean, orbelaren deskonposaketa-tasa %23 gutxitzen da eukalipto-landaketez inguraturiko erreketan.

Eragin hauek gehien pairatzen dituen organismo taldeetako bat erreketako ornogabeak dira, zenbait ikerketatan ikusi den moduan. Aitor Larrañagak, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, eukalipto-landaketen azpian kokaturiko erreketan ornogabeen dentsitatea %23 baxuagoa zela aztertu zuen beste baso mota batzuez estalita zeuden errekekin konparatuz, eta, ornogabe-espezieen dibertsitatea, %11 baxuagoa. Hau gutxi balitz, zenbait ornogaberen gorputz-tamainak ere konparatu zituzten ikerketa honetan eta eukaliptoekin erlazionatutako erreketako ornogabeen gorputz-tamaina %37 txikiagoa zela ikusi zuten. Horrek zera adierazten du: euskal baso autoktonoetako orbela eukalipto-orbelez ordezkatzeak erabat baldintzatzen du animalia talde honen bizimodua, elikagai-eskasia eragiten baitu eta, ondorioz, indibiduo kopurua eta aniztasuna murrizteaz gain, indibiduo bakoitzaren hazkuntza mugatzen baitu.

Laburbilduz, eukalipto-landaketek eragin oso handia dute euskal erreketan eta, oro har, kutsadura urbano eta industrialek baino inpaktu ahulagoa badute ere, pinu-landaketak baino kaltegarriagoak dira. Oro har, erreka-ekosistemen ahultze eta sinplifikatzea dakarte, eta edozein asaldura pairatzeko jasangarritasuna murrizten dute. Horregatik, erreka-ekosistemen iraunkortasuna erabat kolokan jartzen dute. Jatorri antropikoko biodibertsitate-galeraren beste adibide bat gehiago izan zitekeen hau azken finean, baina kasu honetan gure lurraldeko ondare naturala dago jokoan, euskal erreken biziraupena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Elosegi, A., Cabido, C., Larrañaga, A., & Arizaga, J. (2020). Efectos ambientales de las plantaciones de eucaliptos en Euskadi y la península ibérica. Munibe Ciencias Naturales, 68, 111–136. DOI: https://doi.org/10.21630/mcn.2020.68.20


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude