Hezkuntza moden joan-etorriak (eta II)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hezkuntza moden joan-etorriak (I) artikuluan moda hauen testuinguruan murgildu ginen. Jakin badakigu, honezkero, hezkuntza modak beti egon direla eta hauek, ez direla baliozko teorietan oinarritzen. Izan ere, haien eraginkortasuna ez dago azterlan zientifikoen bidez frogatuta. Beraz, zelan atzeman oinarririk gabeko proposamen metodologiko hauek?

hezkuntza modak
Irudia: Ez dira nahasi behar hezkuntzaren berrikuntza eta hezkuntza modak, baina nola bereizi? Estatu Batuetako Emory Unibertsitateko ikertzaileek, zientzia eta pentsamendu zientifikoa oinarri hartuta, hezkuntza modak atzemateko 10 irizpide landu zituzten 2012an. (Argazkia: Лариса Мозговая
– Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gure gizarteak eskura dauden frogarik onenetan oinarritutako hezkuntza nahi badu, eta ez joan-etorrian dauden hezkuntza modak, funtsezkoa da hezkuntza komunitateko eragile guztien kultura zientifikoa hobetzea. Hori gertatu arte, hona hemen irakasleek eraginkortasunari buruzko baliozko frogarik ez duten hezkuntza jardunbideak atzemateko erabil ditzaketen hamar alerta seinale (Lilienfeld, Ammirati & David, 2012):

1.- Faltsugarritasun falta eta ad hoc hipotesien gehiegizko erabilera

Faltsugarritasuna teoria bat ebidentziaren laguntzaz ezeztatzeko gaitasuna da. Teoria bat eztabaidaezin bihurtzeko modu bat ad hoc hipotesiak erabiltzea da. Hau da, fenomeno jakin bati buruzko hipotesi berriak aipatzea, teoriaren aurreikuspenak zergatik berretsi ez diren azaltzeko. Adibidez, irakurtzen ikasteko metodo orokorra ez denez alfabetikoa bezain ona, metodo orokorra defendatzen dutenek esan dezakete irakurketaren abiadura eta zehaztasuna neurtzeko ariketak ez direla egokiak.

2.- Autozuzenketa falta

Baieztapen zientifikoei etengabe egiten zaizkie mailaz mailako zuzenketak, baina sasizientziek bere horretan mantentzeko joera dute, defendatzen duten ideiaren aurka gero eta ebidentzia gehiago badago ere. Autozuzenketa falta horren adibide bat ikaskuntza estiloen teoriaren inguruan ikus daiteke. Baliorik ez duela erakusten duen ebidentzia gero eta ugariagoa eta sendoagoa den arren, oraindik oso zabalduta dago eskoletan.

3.- Berrespena nabarmentzea

Berrespenaren alborapena norberaren hipotesiak babesten dituen ebidentzia bilatzean datza; aldi berean, aurkako hipotesiak alde batera utzi edo modu selektiboan berrinterpretatzen dira. Horren adibide da, adibidez, Berard metodoa. Ikaskuntza eta jokabide arazoetarako eraginkorra dela defendatzeko (ikus azken alerta seinalea), sortzaileek zenbait testigantza bildu dituzte webgune ofizialean, metodoak bizitza aldatu diela baieztatzen dutenak. Hala ere, webgune horrek ez du aipatzen metodoak ez duela zertan haur guztiekin funtzionatu.

4.- Parekoen ebaluazioa saihestea

Perfektua ez bada ere, parekoen ebaluazioak nolabaiteko babesa ematen du kalitate gutxiko ikerlanen kontra. Ebaluazio mota honetan, ikertzaile independente batzuek –askotan hiruk edo gehiagok– ikerlanak berrikusten dituzte argitaratu aurretik. Dena den, aldizkari guztiek ez dute parekoen berrikuspena egitea eskatzen ikerlanak argitaratzeko. Horren adibide da Brain Gym metodoa. Garuna lantzeko metodo hori 80 herrialdetan baino gehiagotan erabili da (Hyatt, 2007), eta, bere webgune ofizialeko atal batean, ustez eraginkorra dela erakusten duten ikerlanen zerrenda luze bat biltzen du. Hala ere, ikerlan kualitatiboak dira gehienak. Eta, ikerlan esperimentalen artean, bi bakarrik argitaratu dira parekoen berrikuspena eskatzen duten aldizkarietan.

5.- Gehiegizko konfiantza anekdota eta testigantzetan oinarritutako frogetan

Anekdotak ez dira egitateen baliokide. Zaila da anekdotak egiaztatzea; oso adierazgarritasun eztabaidagarria dute, eta oso ahulak dira azalpen alternatibo askoren aurrean. Esku hartze baten eraginkortasuna defendatzeko anekdotak erabiltzearen adibide argia Doman metodoan aurkitu dezakegu. Ez dago haren eraginkortasunari buruzko azterlan enpiriko baliodunik, baina bai erabiltzaile partikularren testigantza ugari; «niri funtzionatzen dit» delakoa defendatzen dute, eta beren arrakastaren froga gisa aurkezten dituzte metodoaren sustatzaileek.

6.- Konexio falta

Konexioa egoteko, baieztapen multzo batek aldez aurretik baliozkoak diren baieztapenetan edo aurkikuntzetan oinarrituta egon behar du, edo horiekin lotuta. Sasizientziek, askotan, ez dute lotura hori. Adibidez, batzuen arabera, hemisferio nagusiaren desberdintasunek (ezkerreko garuna, eskuineko garuna) lagun dezakete azaltzen ikasleen arteko desberdintasun indibidualak. Ideia horren aldekoek alde batera uzten dituzte ikerketa ugari, bereziki garuneko bi hemisferioek beti elkarrekin lan egiten dutela erakusten dutenak, bai eta bi hemisferioak informazioa prozesatzeko orduan antzekoak direla erakusten dutenak ere.

7.- Ohiz kanpoko baieztapenak

Ohiz kanpoko baieztapenak egiteko, ohiz kanpoko egitateak behar dira. Hala ere, sasizientzia askok ez dute premisa hori betetzen. Horren adibide dira haur indigoak; hain zuzen ere, Asiri metodoaren (gure herrialdera iritsi da) sortzaileek aldarrikatzen dituztenak. Haien arabera, ikuspegi espiritual eta mentaletik, haur horiek haratago doaz giza eboluzioan. Hala ere, ez dute aurkeztu baieztapen harrigarri hori egiaztatzen duen frogarik.

8.- Ad antiquitatem falazia

Tradiziora jotzean datza; «horrela egin izan da beti» esatea, jardunbide zehatz baten baliozkotasuna defendatzeko. Gure herrialdeko haur hezkuntzako ikastetxe askotan gertatzen da hori; zehazki, ikasgeletan Doman metodoa eta patterning metodoa (egile berarena) urte luzez erabili dutenetan. Beste adibide argi bat proba proiektibo batzuen erabilera da, hala nola giza irudiaren marrazkia eskola psikologiaren eremuan, haren baliozkotasunari buruzko frogarik ez badago ere.

9.- Hizkera hiperteknikoaren erabilera

Komunitate zientifikoaren barruan, sarritan, termino berriak sartu behar dira aurkikuntza berri bat deskribatzeko. Hala ere, sasizientzien eremuan, gehiegi erabiltzen da jargoi teknikoa, baieztapenei sinesgarritasun handiagoa emateko. Adibidez, entzumen terapien –hala nola Tomatis edo Berard metodoak– aldekoek hizkuntza hipertekniko batera jotzen dute maiz; esate baterako, ustez konpontzen dituzten arazoak deskribatzeko, «soinuarekiko hipersentikortasuna», «interferentzia, soinu seinaleen prozesamendu eraginkorrarekin» eta halako adierazpenak erabiltzen dituzte.

10.- Muga baldintzarik ez

Zientzialariek egiten dutenaren kontra, jardunbide sasizientifikoen aldekoek ez dituzte definitzen defendatzen dituzten jardunbideen mugak. Hau da, ez dute zehazten esku hartzeak zer kasutan diren eraginkorrak eta zer kasutan ez. Izan ere, beren metodoaren erabilera kasu gehiegitarako defendatzen dute. Hori da, adibidez, Irlen metodoaren kasua. Metodo horren sustatzaileek arazo fisiko (adibidez, erosotasuna eta argiarekiko sentikortasuna) eta psikologiko ugaritarako (adibidez, arreta eta kontzentrazioa) balio duela defendatzen dute.

Oharra: Alerta bakoitzerako adibide zehatz bat edo bi eman badira ere, ia adibide guztiak erabil daitezke hamar alerta horietako asko adierazteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lilienfeld, S. O., Ammirati, R., and David, M. (2012). Distinguishing science from pseudoscience in school psychology: science and scientific thinking as safeguards against human error. Journal of School Psychology, 50, 7-36. DOI: 10.1016/j.jsp.2011.09.006


Egileaz:

Marta Ferrero (@ferrero_mar) Psikologian doktorea da eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hezkuntza eta Prestakuntza Fakultateko irakaslea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 17an: “El ir y venir de las modas educativas“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Hezkuntza-modei buruzko artikuluak:

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude