Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago

Argitalpenak · Dibulgazioa

Izaki bizidunok azido nukleiko, gluzido, proteina eta lipido izenez ezagutzen diren biomolekula organikoz osatuak gaude. Guzti hauek, ezinbestekoak diren funtzioak betetzen badituzte ere, historikoki garrantzia gehiago eman zaie proteina edota azido nukleikoei eta honek, lipidoak bigarren maila batean kokatzea eragin du. Dena den, azken urteotan lipidoen inguruan egin diren hainbat aurkikuntza esanguratsuen ondorioz, beraien gaineko interesak gorako joera hartu du.

1. irudia: Ezkerrean: gizakien azaleko stratum corneumeko lipidoz osatutako mintz naturala eta eskuinean txerriaren birika surfaktanteko mintzak.

Lipidoak batez ere karbono eta hidrogenoz, eta parte txikiago batean oxigenoz, osatutako molekula hidrofobikoak dira; hau da, uretan disolbagaitzak baina disolbatzaile organiko ez-polarretan disolbagarriak dira. Dena den, zenbait lipidok, atal hidrofobikoaz gain, atal polarra edota hidrofilikoa ere badaukate. Kasu hauetan, lipidoa anfipatikoa dela esaten da. Bestalde, aseak edota asegabeak izan daitezkeen karbono kate luzez osatuak daude. Beraien artean antolatzeko daukaten erari dagokionez, bigeruza lipidiko izenez ezagutzen den egitura da ezagunena. Dena den, mizela, liposoma edota beste forma konplexuago batzuetan ere antola daitezke.

Zelula batean aurkitzen den lipido talde ugariena glizerofosfolipidoena da. Izenak dioen bezala, beraien atal polar gisa fosfato talde bat edukitzeagatik nabarmentzen dira. Glizerofosfolipidoen barnean aurkitzen dira hain zuzen ere mintz plasmatikoan ugariak baina gainontzeko mintzetan urriak diren esfingolipidoak. Esfingolipido guztiek, esfingosina izenez ezagutzen den aminoalkohol bat daukate oinarritzat eta honi, kate luzeko gantz azido ase edo asegabe bat lotu dakioke zeramida izenez ezagutzen den lipidoa sortzeko.

Azken urteotan lipido ikerketan berezituak diren hainbat talde zientifikok egindako lan sakonei esker, esfingolipidoak, egitura edota erreserba funtzio soilak izateaz gain, lipidoak zelula mailan ezinbestekoak diren hainbat prozesutan ere garrantzitsuak direla onartu da. Zeramidak zelulen heriotza programatuarekin daukan lotura zuzena da hain zuzen ere, prozesu horien artetik zabalduena. Izan ere, mitokondrietan ematen den zeramida kontzentrazio igoera, apoptosi prozesuaren hasieratzat jotzen da. Honetaz gain, hazkuntza zelularra gelditzearekin, seneszentziarekin, diferentziazio zelularrarekin edota erantzun immunearekin lotutako eginkizunak ere izan ditzake. Gainera, esfingolipidoek, kaltetutako DNAren aurrean ematen den erantzunean parte hartzen dutela, eta gibelean ematen den drogen glutazio eta detoxifikazio prozesuan ere zerikusia daukatela uste da.

Kontutan eduki behar da mintzetan aurkitzen diren lipido mota ezberdinak era heterogeneo batean nahastuak daudela eta beraien artean elkarrekintzak gertatzen direla. Zenbait ikerketetan ikusi denez, estres egoeren aurrean esfingolipidoen eta kolesterolaren arteko elkarrekintzak gerta daitezke. Gainera, elkarrekintza hauek zenbait seinalizazio bidezidorren hasiera izan daitezkeela uste da.

Azkenaldian, hainbat esfingolipidok izan dezaketen tumoreen aurkako terapiekiko kimio-erresistentzia mekanismoaren teoria bolo-bolo dabil. Izan ere, hainbat drogekiko erresistentzia daukan ABCB1 proteinarekin lotu dira. Dena den, azken hamarkadan, lipido-lipido elkarrekintza eta esfingolipido bidezko seinalizazio ebidentzi gehienak mintz ereduetan deskribatu direnez, gaiaren inguruko ikerketa aurreratuenak eredu konplexuago batera eraman beharko lirateke. Hau da, zelula mintzetara edota in vivo eginiko esperimentuetara. Horrela, egitura eta funtzioaren arteko erlazioa guztiz argituko luketen ereduak garatuko lirateke. Gainera, eredu hauek minbiziaren aurkako terapien inguruko jakinduria hobetzean eta tumoreen aurkako tratamenduen eragina handitzean garrantzitsuak izatea espero da.

Iturria

Monasterio, Bingen G.; García-Arribas, Aritz B.; Alonso, Alicia; Goñi, Felix M. (2019). «Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago»; Ekaia, 36, 2019, 109-126. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20791)

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago
  • Laburpena: Esfingolipidoek, beren buru polarrean dauzkaten talde polarren bidez, geruza bikoitzean existitzen diren beste lipido batzuekin sare konplexu bat eratzeko ahalmena daukate. Sare konplexu honen eraketa, -OH eta -NH- taldeekin hidrogeno-zubiak eratuz lortzen dute hain zuzen ere. Azken urteotan, lipido-urmaelaren hipotesiaren barruan, esfingomielinaren eta kolesterolaren arteko elkarrekintza espezifikoa asko ikertzen ari da, eta ikerketa honen emaitza da, estres-egoeren aurrean, zelulen mintzetan, esfingomielina-zeramida konplexuak sortzen direla proposatu izana. Gainera, kolesterol-zeramida elkarrekintzak ere gertatzen direla erakusten duten artikuluak gero eta ugariagoak dira. Existitzen diren esfingolipido moten inguruan jartzen ari den arretak gaiaren inguruko jakinduria handitzera garamatza. Izan ere, azkenaldian, deoxiesfingolipidoak bezalako esfingolipido aldakorren eta N-azil katearen luzerak edota lipidoen asegabetze-mailek daukaten efektuaren inguruko ikerketa gehiago egiten ari dira. Aldakortasun horiek garrantzitsuak izan daitezke zeramidarekin lotutako droga terapeutiko edota gaixotasun ezberdinen tratamenduak garatzeko; horien artetik garrantzitsuenak minbiziarekin lotutako terapiak dira.
  • Egileak: Bingen Gutiérrez Monasterio, Aritz B. García-Arribas, Alicia Alonso, Felix M. Goñi.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 109-126
  • DOI: 10.1387/ekaia.20791

Egileaz

Bingen Gutiérrez UPV/EHUko Biofisika Institutuan dabil.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude