Paralaxia objektu baten posizioa behatzailearen posizioaren araberakoa izateari deritzo eta angelu moduan adierazi ohi da.
Paralaxia, astronomian, izar baten −nahiz bestelako gorputz baten− eta Lurraren arteko distantzia adierazteko modu bat da: behatutako gorputzak lur-orbitaren erradioarekiko daukan aurkako angelua da (astronomia-unitate bat, 1 AU). Angelu hori segundo batekoa denean, gorputza parsec (pc) bateko distantzian dagoela esaten da, edo, beste era batera esanda, 3,2616 argi-urtera.
Arku-segundoen neurriko paralaxiak neurtzea kontu arazotsua zen Kopernikoren jarraitzaileentzat, garai hartako tresnak erabilita egiteko, baina haiek tinko eutsi zioten Lurrak Eguzkiaren inguruan −eta ez alderantziz− biratzen zuela defendatzeari. Horretarako, izarrak distantzia itzeletara zeudela argudiatzera behartuta ikusten zuten euren burua.
Galileo zuzeneko neurketaz bestelako aukera batzuen bila aritu zen. Paralaxiaren antza zuen zerbait proposatu zuen: izarren posizio erlatiboan jartzea arreta. Horretarako, izar guztiek argitasun berdina daukatela zioen (egun badakigu ez dela hala), eta, ondorioz, uste zuen zeruan ahulago antzematen zen izar batek beste distiratsuago batzuk baino urrutiago egon behar zuela; horrela, izarra behatzen nahikoa denbora emanez gero, aldaketak hauteman ahalko ziren haren posizio erlatiboan.
Robert Hooke zientzialaria, Londresko Royal Society elkarteko esperimentuen arduraduna, konturatu zen auzi horrek ospea eskuratzeko aukera emango ziola paralaxia neurtzeko modua aurkituko zuenari; izan ere, Lurra mugitu egiten dela frogatuko zukeen aurkikuntza horrek. Hauxe idatzi zuen 1674an: «[…] Kopernikok auzia berpiztu zuenetik, Lurra mugitzen den ala geldi dagoen ikertzeak geure astronomo zein filosofo moderno onenen zorroztasuna findu du». Hookek elkarteari bidaltzen zizkion txostenak soilik ikusita, bazirudien saiakerak arrakastatsuak zirela, baina ez zuten interes handiegirik sorrarazi, segur aski inork ere ez zituelako sinesgarritzat jotzen.
XVIII. mendeko hogeiko hamarkadara arte itxaron behar izan zen saiatze horretan beste urrats bat ikusteko: garai horretan James Bradley astronomoa saiatu zen Hookek 1669ko txostenean baieztaturikoa egiaztatzen. Aitzitik, argiaren aberrazioa aurkitu zuen ustekabean; alegia, izar batek duen itxurazko posizio-aldaketa Lurra mugitzen den norabidean; Lurraren mugimendu horren froga, beraz. Paralaxia hautematea, ordea, ezinezkoa zitzaien oraindik ere.
Tresneria hobetzearekin batera baino ez zen lortu paralaxia antzematea. Hautemate hori astronomoen arteko berebiziko lasterketa bilakatu zen, bai aurkikuntzak zekarren izen onagatik, bai neurriari buruz lor zitekeen informazio interesgarriagatik ere. Izar ezberdinak ikertzen zihardutela, paralaxia ikusi zuten 1838. urtean Friedrich Bessel eta Fredrich Struve astronomoek, Königsberg (egungo Kaliningrad) eta Dorpat (egungo Tartu) hirietako behatokietatik, hurrenez hurren (Struvek geroago Polkovo-tik ere bai, San Petersburgotik gertu). Hala ere, Thomas Henderson astronomoak hautatu zuen, Esperantza Oneko Lurmuturreko Behatokian lanean zebilenean, paralaxia zehazteko zegoen izarrik onena, Lurretik gertuen dagoena izan ere: Alpha Centauri. Hendersonek 1833an hautemango zuen paralaxia beranduenez, baina bere neurketak ez ziren Bessel eta Struverenak bezain zehatzak izan. Ziurgabetasunak jota, Henderson izan zen datuak argitaratzen azkena eta Struve lehena. Bessel, berriz, fenomenoa behatzen bigarren baino ez zen izan, baina berak eman zuen xehetasun gehien, eta zehaztasun handiaz. Hortaz, beraren lana izan zen sinesgarriena.
Badugu izar-paralaxia, beraz, –edo paralaxi trigonometrikoa, bestela deituta– baina paralaxi espektroskopikoa ere badago. Izarren ezaugarri espektroskopikoen eta magnitude absolutuen (hau da, 10 parsec-eko distantzian balego izar batek edukiko lukeen itxurazko magnitudearen) arteko korrelazio enpiriko batetik abiatuta —Hertzprung-Russel diagrama deritzon korrelazioa–, posible da izar batekiko distantzia zehaztea haren itxurazko magnitudea izar ezagunen magnitude absolutuekin konparatuta.
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:
Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:
Xabier Bilbao
1 iruzkina
[…] duen distantzia da parseca. Horren haritik tiraka egin du asteon César Tomé dibulgatzaileak “Paralaxiaz” […]