Asteon zientzia begi-bistan #351

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Igandeetako gehigarria da “Asteon zientzia begi-bistan” atala. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zapore

Biologia

Zapore gozoekiko zaletasuna erakusten dugu jaioberritik. Ume-umetatik hautematen ditugu zapore gozoa eta garratza. Lehena preziatzen dugu eta bestea, aldiz, baztertzen dugu. Eta hori guztia ezer ikasi barik. Zelan da posible? Errezeptoreei esker. Juan Ignacio Pérez biologoak hurbildu du gaia Zientzia Kaiera blogean: Mikatz babeslea.

Hizkuntzalaritza

Keinu ikonikoak zeinu bisualak dira, eta haien forma zuzenean esanahiaren antzekoa da. Hau da, esanahia adierazten dute aurrez ezarritako korrespondentziarik gabe. Bokalizazioek antzeko zeregina izan ote zezaketen aztertu du Humboldt Unibertsitateko Aleksandra Ćwiek ikertzaileak gidatutako taldeak. Emaitzek iradokitzen dute hitzik ez dagoenean, pertsonek bokalizazioak erabil ditzaketela askotariko esanahiak komunikatzeko. Ana Galarragak eman ditu xehetasunak Elhuyar aldizkarian: Hots ikonikoak hitzen aurrekariak izan zitezkeela iradoki dute.

Informatika

Liburutegi batzuek ehunka kilometro lineal izan ditzakete apaletan. Bertan biltzen diren liburuak antolatzea eta partekatu ahal izatea da liburutegien balio handiena. Horretarako, Henriette Avram programatzaile informatiko eta sistemen analistak MARC formatua (MAchine-Readable Cataloging -makinak irakur dezakeen katalogazioa-) garatu zuen. Rocio Benaventek kontatu digu Zientzia Kaieran: Henriette Avram, liburutegietako informazioa partekatzeko sistema garatu zuen programatzailea.

Medikuntza

Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien gaitzei deitzen zaie zoonosia. Multzo honetan sar daitezke egungo Covid-19a, eta ezagunak zaizkigun ebola eta zika gaixotasunak edo salmonellosia eta tuberkulosia ere, beste askoren artean. Berrian jakinarazi digute pandemiak alarmak piztu ondoren, zoonosiei aurre egiteko adituen talde bat osatu duela NBEk.

Hegaztien gripearen mundu mailako hedapena, bereziki H5N8 birusaren azpitaldearena, kezkagarria da haztegietako, basoko bizitzaren segurtasunerako eta munduko osasun publikorako. Zientzialariak arduratuta daude, Europako, Asiako eta Afrikako 46 herrialdetan baino gehiagotan hegaztien gripeak gizakiei eragin dielako. Aitziber Agirrek ematen ditu honen berri Elhuyar aldizkarian: H5N8 birusaz hegaztien gripea gizakietan zabaltzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Osasuna

Polenak urte osoan dabiltza atmosferan berez, baina udaberrian gertatzen da benetako eztanda. Gure inguruan, pertsonen % 25-30ek dute edo izan dezakete alergiaren bat, polenari edo beste eragileren bati. Kopuru hau etengabe ari da gora baina kontua da maskaren erabilera dela eta, inoiz baino alergia kasu gutxiago daudela. Enekoitz Telleria kazetariak landu gaia Berrian: Iragazki bat doministikuentzat.

Mediku foniatrak komunikazioaren nahasteak aztertu, diagnostikatu eta tratatzen ditu. Besteak beste, hizkuntzaren eta entzumenaren alterazioez arduratzen da. Ana Martinez foniatra da eta irrintzia ikertu du bere doktorego-tesian. Iker Tubiak jaso ditu emaitzak Berrian. Esaterako, irrintziaren oihua deskribatu eta haren espektro harmonikoaren morfologia ezohikoa dela ikusi dutela kontatzen digu kazetariak: Irrintzi bat kontsultan.

Arkeologia

Egoitz Etxebestek jakinarazi digu Elhuyar aldizkarian, duela egun batzuk Scientific Reports aldizkarian Australiako eta Indonesiako ikertzaile-talde batek adierazi duela labar-artea azkarrago honda litekeela klima-aldaketaren eraginez. Ikertzaileek ikusi dute tenperaturaren igoerak eta muturreko beste klima-patroi batzuek areagotu egin dutela kaltzio sulfato eta sodio kloruro gatzen metaketa pinturetan, hauek kaltetuz.

Teknologia

NovaSeq6000 errendimendu altuko sekuentziazio plataforma ahaltsua da. UPV/EHUko SGIker ikerketa zerbitzuak darabil otsailetik Genomika Zerbitzuan eta gailuari esker, genomaren azterketa osoa eta datu gehiago eskuratzeko aukera dute, azkar eta lehen baino merkeago. Maria Ortegak hurbiltzen digu aurrerapen hau Berrian: Aukera berriak birusa kontrolatzeko.

Zhurong roverrak Marten lur hartu du. Txina ibilgailu bat Marteren lurrazalean jartzea lortu duen hirugarren herrialdea izan da. 90 eguneko bizitza izango du Zhurongek, Marteren ingurunearen azterketa geologikoak egingo ditu. Planeta gorritik bidali ditu lehen irudiak. Edu Lartzagurenek aurreratu zigun Berrian, Marteko azalean zegoela robota eta Jakes Goikoetxeak, berriz, Marteko lehen irudiak bidali dituela ‘Zhurong’ ibilgailu txinatarrak.

Psikologia

Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre egiten. Izan ere, zulo asko dituen bide bati aurre egiteak konfiantza handiagoa sortzen du norberarengan, arazorik gabeko bideari ekiteak baino. Marta Bueno jorratu du gaia Zientzia Kaiera blogean: Ez naiz behar bezain ona.

Geologia

Mutrikun amonite erraldoi fosilen etxea zabaldu dute, Nautilus. Bertan tailerrak eta bestelako ekintzak gauzatuko dituzte ondare geologikoaren transmisioa bermatzeko. Asteon Guillermo Roa eta Aitziber Agirre kazetariek azaldu dute Elhuyar aldizkarian Mutrikuko amonite erraldoien historia argitzen ari direla UPV/EHUko paleontologoak. Momentuz hipotesiak baino ez dituzte, horietako bat, agian errutera hurbildutako amonite emeak zirela.

Argitalpenak

Geologia eta paleontologia du hizpide Kepa Altonaga zoologoak argitaratu duen ‘Iridioaren mintzoa’ saiakeran. Iridioa oso metal urria da lurrazalean, eta hizkera arruntean elementu estralurtarra ere esaten zaio, meteoritoetan ugaria delako. Lurra jo zuen meteorito bat omen da dinosauroen desagerpenaren eragile eta hari horri tiraka idatzi ditu Altonagak hainbat pasarte. Gorka Arrese kazetariak Berrian eman digu liburuaren berri: Amonite bila haitzetan.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.