Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumea zientzian
Kari Alberdik, sare sozialetan Kari Kimikari moduan aurkezten denak, dibulgazio-lana egiten du Twitterren eta Instagramen eta bere esperientziaren inguruan hitz egin du aste honetan Zientzia Kaieran. Bere esanetan, komunikazioa falta da zientzian dabiltzanen eta ez dabiltzanen artean eta beraz, zubi-lana egitea erabaki zuen euskal abestiak eta eduki zientifikoak uztartuz. Bere azken helburua, zientziaz inguratuta gaudela ohartaraztea da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Kari Alberdi, kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea: “Garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita”.
Osasuna
EAEko Gazteen Behatokiak hainbat modutan neurtu du pandemiak gazteengan izan duen eragina, besteak beste, hainbat arlotako espezialistengana joaz. Horietako batzuk laburbildu ditu Garak, “Gazteen zaurien barruan begiratzen” artikuluan. Bertan irakur daiteke, hala nola, gazte batzuek hibernazio afektiboa aukeratu dutela pandemiari aurre egiteko eta beste batzuek, bestalde, bizitzan oreka berrezartzeko aukera izan dute. Orokorrean, enpatikoagoak izaten ikasi dutela diote baina ondorio latzen truke, ondorio ekonomikoak nahiz psikologikoak, hain zuzen.
Teknologia
Euskarazko sare neuronalak posible direla argitaratu dute Asier López, Mikel de Velasco eta Raquel Justok, UPV/EHUko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikerlariek. Sare neuronalak datuetatik eredu konputazional konplexuak lortzeko balio duten paradigma konputazional bat dira eta adimen artifizialaren beste arloetan izan duten emaitzak ikusirik, elkarrizketa sistema automatikoak eraikitzeko teknologia nagusia bilakatu dira. Baina orain arte, arloko autore gehienek ingelesez dauden datu-baseekin egin dute lan eta hiru ikerlari hauen artean, euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa eraiki dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Zoologia
Saguak, baleak, hegaztiak eta arrabioak, denek beren gorputz-tamaina txikitu dute azken urteetan eta ikertzaileek ez dakite zergatik. Zientzia Kaieran “Animaliak txikiagotzen ari dira” izenburuarekin argitaratutako artikuluan, bi kasu aurkezten dira, gorputz-tamaina geroz eta txikiagoa duten bi espezie: Doñanako basasaguen kasua eta Eskandinaviako izokinen kasua. Bertan azaltzen denez, bi espezieen gorputz-tamainaren murrizpena gizakiaren esku-hartzearekin erlazionaturik egongo litzateke.
Matematika
Legez kanpoko zenbakien inguruan hitz egin du Josu Docel matematikariak Zientzia Kaieran. Badira zenbaki batzuk jendearen duintasun edo intimitatearen kontrako informazioa dutenak edo baita estatu-sekretu direnak, eta horrelako informazioaren jabe izatea legearen kontrakoa izan daiteke. Honen adibide da, esate baterako, DVDak pirateriatik babesten dituen enkriptazioa gainditzeko behar zen informazioa gordetzen zuen zenbakia, legez kanpokotzat jo zena 2007an. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Legez kanpoko zenbakien existentziaren inguruan artikuluan.
Arkeologia
Alkerdi 2 haitzuloan (Urdazubi) duela 25.000 urteko dozena bat grabatu figuratibo aurkitu dituzte. Kantabriako Unibertsitateko Diego Garate Maidagan labar-artean aditua izan da lan honen koordinatzailea eta azaldu duenez, grabatu figuratibo hauek paleolitikoan oso ohikoak ez ziren ezaugarriak dituzte. Bisonteak, uroak, zaldiak eta, bereziki, lau bulba nabarmentzen dira grabatu hauetan. Iristeko zaila den leku batean zeuden ezkutatuta. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Duela 25.000 urteko grabatu ezohiko batzuk aurkitu dituzte Alkerdi 2 haitzuloan
Astronomia
Mexiko, Korea eta Espainiako astrofisikari-talde bat zulo beltzen inguruko hauts kosmikoa nola banatzen den ikertzen aritu da Kanarietako Teleskopio Handia erabiliz. Horri esker, aurretik egindako beste behaketa batzuetan lortutako informazioa osatu ahal izan dute eta dirudienez, hauts kosmikoa zulo beltzetik ehunka argi-urteetara dauden hodeietan antolatzen da, zulo beltzetik ateratzen den haizeak lagunduta. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Zulo beltz masiboen inguruko hautsa hodeietan banatzen dela ondorioztatu dute.
Farmakologia
Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, sendabelarren gaineko ezagutza galbidean dagoela jakinarazi dute Zuricheko Unibertsitateko ikertzaileek. Amazonia, Ginea Berria eta Ipar Amerikako sendabelarren propietate eta erabilerak hizkuntza indigenetan baino ez dira transmititzen eta ahozko komunikatzen dira gehienetan. Egungo botika asko sendabelarren ezagutza tradizionaletik atera dira, hala nola, azido azetilsalizilikoaren eta morfinaren osagai aktiboak. Beraz, hizkuntza indigenak galtzeak kolokan jar dezake etorkizunean botika berriak sortzeko gaitasuna.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.