Azken emakume gatz egileak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Triasiko Berantiarrean, duela 230 miloi urte inguru, Iberiar penintsulako iparraldea itsasoak estalia zegoen. Garai hartan, gatz ugariko buztinen sedimentazioa gertatu zen. Lurrazalak aldaketa sakonak izan zituen, eta buztin geruzak beste material batzuekin estali ziren. Hala ere, geruza gaziek, dentsitate txikiagokoak eta plastikotasun handikoak, pixkanaka-pixkanaka gora egin zuten beste harri batzuetan zehar. Horrela, harriak deformatu edo zeharkatu egin zituzten, eta kasu batzuetan gainazaleraino heltzea lortu zuten. Egitura horiei diapiro esaten zaie, eta zenbait kilometrotako sakonera izan dezakete. Lurpeko ur korronte batek diapiroa zeharkatuz gero, gatza uretan disolbatzen da, eta, korrontea azaleratzen denean, ur gaziko iturburuak eratzen dira.

Gasteiz ondoan, mendebalderantz eginda, halako egitura bat dago: Añanako diapiroa, zeinak 20 km2-ko azalera eta 5 km-ko sakonera baitu. Azaleratzen den uraren gatz kontzentrazioa 220 g/l da. Adibidez, Kantauri itsasoak 35 g/l-ko gatz kontzentrazioa du (Frankovic et al., 2016).

emakume gatz egileak
1. irudia: Añanako bailaran duela 7 000 urte hasi zen gatza ekoizten. (Iturria: Añanako Gatz Harana Fundazioa)

Badakigu gatza oso preziatua izan dela beti, elikagaiak kontserbatzeko erabil daitekeelako, eta oso balioetsia izan dela, halaber, gutxi dagoelako. Hain balioetsia, ezen antzinatean gatza erabiltzen baitzen ordainsari moduan (gaztelaniaz, salario). Lurpeko gatz hobiak, hau da, gatzarrien (halita) meatzeak ustiatzen hasi aurretik, gatzaren ekoizpena kostako gatzagetara eta iturburu gaziak zituzten barnealdeko eremuetara mugatzen zen.

Asko dira gatz ustiapenaren gaineko datu arkeologikoak; horiei esker, Neolitoan eta Kalkolitoan zer erabilera zuen jakin dezakegu. Aldi horretakoak dira iturburuetatik gertuko aztarnategietan topatu diren zeramika moldeen zati ugari. Izan ere, orduko gatz egileek zeramika ontzi ugari behar zituzten ur gaziko iturburuetatik gatza lortzeko. Ontziak –batzuetan erabat egosi gabeko zeramikaz eginak– ganbera labeen gainean jartzen zituzten, edo zuzenean buztinezko oinazpiko edo idulkietan. Prozesuaren amaieran, edonola ere, moldeak hausten zituzten gatz blokeak ateratzeko. Instalazioa abandonatu ondoren, molde hautsien zatiek, labeetako errautsekin eta labeen euskarri- eta pareta-hondakinekin nahasirik, lur eremu handiak eratu zituzten. Lur eremu horiek briquetage izenez ezagutzen dira Europa osoan, eta, arkeologoen arabera, halako gatz ekoizpenaren arrasto nabarmenena dira.

Añanako bailarara itzuliz, arkeologia lanek aztarnategi zabal bat agerian utzi dute, eta azken sei milurtekoetako datu garrantzitsuak eskuratzen ari dira. Horiei esker, gatza ekoizten noiz hasi zen jakin dezakegu. Oraindik abian dauden ikerketa horiek erakutsi dutenez, Añanako bailaran duela 7 000 urte hasi zen gatza ekoizten.

Oraingo aroaren aurreko I. mendean, penintsulako iparraldeko eskualde hori Erromatar Inperioak hartu zuenean, aldaketak egon ziren gatza ekoizteko prozesuan: ura behartuta lurrundu ordez, agente atmosferikoen bidez (haizea eta eguzkia) lurruntzen uzten hasi ziren, eta modu horretan lortzen zen gatza. Sistema berri horrek kostu handiagoa zekarren, putzu handiak eta beste instalazio batzuk behar baitziren; ekoizpena, ordea, ikaragarri handitzen zen. Gainera, erregaia aurrezten zen, eta ez zen erabilera bakarreko ontzirik alferrik galtzen.

Baina jarrai dezagun gatz egileek gatz zuri-zuria eta garbia –segituan erabil zitekeena– lortzeko jarraitzen zituzten urratsekin.

2. irudia: “Partidero” biltokia Añanan. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Iturburuko ura partidero deritzon biltoki bateraino eramaten zuten ubideen bidez, eta handik uraren banaketa kontrolatzen zen zenbait adarkaduraren bidez, putzu pribatuetara eramateko (familia ekoizle bakoitzak, oro har, putzu bat zeukan). Azkenik, putzuetatik larrainetara garraiatzen zen ura. Larrainak plataforma lauak eta errektangularrak ziren, ertz batez inguratuak, igerilekuak bezala, eta 10 cm-ko sakonera zuten. Egiturak ur gaziz betetzen ziren, oineko erpurura heldu arte. Ura ez zen etengabean igarotzen ubide saretik; aitzitik, txandaka banatzen zen esklusa sistema sinple bati esker. Hala, bizilagun guztiei ziurtatzen zitzaien euren putzuak betetzeko aukera. Ura banatzeko prozedura zinez garrantzitsua zen, eta Liburu nagusia izenekoaren bidez arautzen zen (Plata Montero, 2010).

Larrainak zurarekin eraikitzen ziren habeen gainean, gainazal lauak eta zabalak lortzeko. Gainera, behar baino larrain garaiagoak eraikitzen ziren, azpialdean gatza biltegiratzeko. Biltegi horiei muera esaten zitzaien. Zurezko plataformak ahalik eta iragazgaitzenak izan zitezen, buztinarekin estaltzen ziren. Horren gainean, gatz geruza bat lehortzen uzten zen, eta lehortzean, buztina gatzetik bereizten saiatzen ziren, gatza ahalik eta zuriena izan zedin, gizakiak kontsumitzeko erabiltzen zen eta.

Helburu horrekin –hots, buztinak gatza ez zikintzea–, XIX. mendean buztinaren gainean errekarriak jartzen hasi ziren, baina, pentsatzekoa denez, gatz asko sartuko zen horien artean. XX. mendean buztina zementuz estaltzen hasi ziren, gainazala garbi egon zedin. Hala ere, zementua pitzatu egiten zen tenperatura aldaketekin, eta lehendik zegoen geruzari beste bat gehitu behar zitzaion. Geruzen gehiegizko pisuaren ondorioz, habeek ezin zioten larrainari eutsi. Arazoa konpontzeko, zementu geruza guztiak kendu zituzten, eta oinarrian zegoen buztina lauzekin estaltzen zuten. Hala, lauzaren bat hondatuz gero, arazorik gabe alda zitekeen.

3. irudia: Añanako gatzagen ikuspegi orokorra; larrain zaharrak eta berreraikitakoak. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Larrainen gainean isuritako gesala lurruntzen uzten zen; gesala noizean behin mugitu beharra zegoen, gatza bloke handietan pilatu ez zedin. Gatza oraindik heze zegoela biltegiratzen zen larrainen azpiko biltegi edo terrazetan. Horretarako, goiko irekidura batzuetatik sartzen zen, boquera izenekoetatik, alegia.

Larrain bakoitzean tona bat gatz inguru ekoizten zen. Gatza ustiatzeko, eguraldi ona behar zen; euriak prozesu osoa hondatzen zuenez, udaberriko eta udako hilabeteetan lan egiten zen. Normalean, familia bakoitzak zenbait larrain eduki ohi zituen, eta larrain multzo osoari granja zeritzon.

Larrain multzoetan gatz egile emakumezkoak nahiz gizonezkoak aritzen ziren lanean, Salineras de Añana bideoan ikus dezakegunez. Zazpi minutuko bideo atsegin hori Berdinbidean zerbitzuaren bidez egin da. Zerbitzu hori, hain zuzen, berdintasunari buruz aholkularitza emateaz arduratzen da Arabako udalerri txikietan. Emakumeek landa inguruneko herrietako bizitza sozial eta kulturalean izan duten zereginaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimenaren barruan egin da bideoa.

Emakumeek eta gizonek beste zeregin bat izaten zuten gatz bilketa amaitu ondoren: gatz zakuak sorbaldan edo buruan garraiatzen zituzten terrazetatik herriko biltokietaraino. Biltokietan luzaroago gordetzen zuten gatza, euritik salbu. Zeregin horri entroje esaten zioten. Egunean hogei aldiz egin zezaketen bide osoa. Gizonek anega bat eta erdi eraman ohi zuten bizkarrean; emakumeek, anega bat –gehienetan buruan–, eta umeek, anega erdi. Anega bat 56 kg inguru dira. Zorionez, XX. mendean umeek lan egitea debekatu zen, eta, horren ordez, eskolara joaten ziren. Gatza garraiatzeko modu horrek ez zuen arriskuan jartzen larrainen egitura; zamabereak eta ibilgailu txikiak, ordea, ezin ziren larrainetatik igaro.

Gaur egun, Añanako bailara ikertzen jarraitzen dute arkeologoek, kimikariek, biologoek, ingurumen arloko adituek eta beste zientzialari batzuek. Hainbat larrain berreskuratu dira, eta gatzagako lan tradizionalak egiten jarraitzen dute, bai hezkuntzari loturik, bai gatzaren artisau ekoizpena babesteko helburuarekin. Gatzaren ekoizpen katean, hala ere, bazegoen emakumeek soilik egiten zuten eta oraindik ere egiten duten lan bat: amaierako produktua kontrolatzen eta garbitzen dute, ontziratu, etiketatu eta banatu aurretik. Emakumeek, zeregin horretan, arreta handiz kentzen dituzte amaierako produktuaren ezpurutasunak. Hori egin ondoren, gatza prest dagoen merkaturatzeko.

Joan den mendeko emakume gatz egileen lekukotasunak gure arreta erakartzen du, hunkitu egiten gaitu eta gogoeta eginarazten digu. Horren adibide dira bideoko emakumeak: ahantzi ezin ditugun emakume itzelak, gizonekin batera lan egin zutenak gatzagetan nahiz beste hainbat ogibidetan. Jada ez diegu gizon aurpegia bakarrik jartzen luthierrei, eskribauei, Erdi Aroko eskuizkribu argiztatuak egiten zituztenei, inprimatzaileei, nekazariei edo gatz egileei. Izan ere, badakigu lan horietan eta beste askotan emakumeek ekarpenak egin zituztela beren adimenarekin, sormenarekin eta lanarekin. Emakume haiek, bada, aitortza eta ikusgarritasuna merezi dute.


Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko irailaren 7an: “Las últimas salineras“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude