Lurraren %70a estaliz, ozeanoek zeregin handia dute planetaren prozesu gehienetan. Azken 200 urteetan CO2-aren emisioak gorakada handia izan du gizakien jarduera dela eta. Ondorioz, atmosferako CO2-aren kontzentrazioa bolumeneko milioiko 280 partetik (280 ppm) 415ppm ingurura igo da garai aurre-industrialetik gaur egunera.
Zenbait ikerketen arabera, 2100. urterako kontzentrazioak 936ppm-ko mailetara irits daitezke isuriek orain arte bezala jarraituz gero. CO2-aren hazkundeak bi efektu nagusi ditu: alde batetik, tenperatura globalaren igoera da, hau da, berotegi efektuaren areagotzea; eta bestetik, ozeanoen azidotasuna.
Ozeanoek CO2-a absorbatzen dute, eta ondorioz, atmosferan dagoen kontzentrazioa murrizten da, baina honek uraren pH-a txikitzen du. Itsasoko uraz gain, bereziak diren hainbat gune ikertzearen beharra agertu da ere, hala nola estuarioak. CO2-aren hazkundearen efektuak ur sistema hauetan ez dira gehiegi aztertu eta oso garrantzitsuak dira animalia eta landare espezie askoren bizileku baitira.
Azidotasuna aztertzeko lau parametro erabiltzen dira:
- alkalinitate totala (TA),
- disolbatutako karbono ezorganikoa (DIC),
- pH-a,
- iheskortasuna (fCO2).
Beraien arteko erlazio termodinamikoa dela eta, esperimentalki soilik neurtu behar dira bi beste biak kalkulatu ahal izateko. Lau parametro hauen azterketa bat egin da Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai (UR), Plentzia (PL) eta Nerbioi-Ibaizabal (NI). Estuario hauek aukeratu ziren beren arteko kutsadura maila oso ezberdina izango zelakoan. Laginketak 3 urtez egin ziren, urtaro bakoitzean, estuarioen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak ikusi nahian eta baita denborarekiko joerak aztertu nahian.
Lortutako emaitzek erakutsi dute CO2-aren sistemarekin erlazionatutako parametro guztiak korrelazio handia daukatela gazitasunarekin. Beraz, parametro hauen normalizazioa egiten ez bada, emaitzak marearen momentuaren menpe egongo dira. Orain arte bibliografian aurki daitezkeen normalizazioak gazitasun aldaketa txikientzako baino ez dute balio eta lan honetan aztertutako estuarioen kasuentzako ez dira erabilgarriak.
TA eta DIC-ari dagokienez, PL-n eta UR-n, ekarpen nagusiena ibaitik dator hauen arroa mugikorrak diren karbonato-mineralez osatuta daudelako. Beraz, estuarioetan aurkitzen diren balioak azaltzeko, inguruko geokimika kontuan izan behar da. Nerbioi-Ibaizabalen aldiz, balio altuenak Kadagua, Asua eta Gobela ibaiadarretatik datoz. pH-ari dagokionez, PL eta UR estuarioetan ibaiko laginek erakutsi dute pH balio altuenak berriro ere. Honek laguntzen du aurretik aipatutako teoria, hauen arroa mugikorrak diren karbonato-mineralez osatuta daudela. Izan ere, karbonato ioiak pH handitzen du. NI-n atentzioa eman du Galindo ibaiadarrak erakutsitako pH balio baxuak, pH = 7 bezain balio baxuetara heldu delarik. Hau oso arraroa da ur natural hauetan eta aurki daitekeen azalpen bakarra antropogenoa da. Honekin erlazionatuta, ibaiadar honek iheskortasun balio altuenak erakutsi ditu, atmosferikoa baino 25 aldiz altuagoa.
Emaitza hauek guztiak kontuan izanda, esan daiteke PL eta UR estuarioak antzeko portaera daukatela, CO2-aren sistemari dagokionez, eta beste edozein estuariotan topa daitekeenaren antzekoa. Ibaitik datozen balio altuak arroaren geokimikari dagozkie eta beraz, normaltzat har daitezke. Bestalde, orokorrean NI-n aurkitutako balioak normalak izan arren, Galindo ibaiadarrean oso balio ezohikoak aurkitu dira. Kontuan izanda ibai hau zenbait fabriketatik pasatzen dela, badirudi pH balio baxu hauek isuri bati dagozkiela. Bilbo inguruko laginketa puntuek ere balio ez-ohikoak erakutsi dituzte.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2020ko ale berezia
- Artikuluaren izena: Uraren azidotasunari buruzko ikerketa Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal.
- Laburpena: Lurraren % 70 estaltzen dutelarik, ozeanoek zeresan handia dute planetaren prozesu gehienetan. Azken 200 urteetan CO2-aren emisioak gorakada handia izan du gizakien jarduera dela eta. Horren ondorioz, atmosferako CO2-aren kontzentrazioa 280 ppm-tik 415 ppm ingurura igo da garai aurreindustrialetik gaur egunera bitartean. Zenbait ikerketaren arabera, 2100. urterako kontzentrazioak 936 ppm-ko mailara irits daitezke, isuriek orain arte bezala jarraituz gero. CO2-aren hazkundeak bi efektu nagusi ditu: alde batetik, tenperatura globalaren igoera, hau da, berotegi efektuaren areagotzea; eta bestetik, ozeanoen azidotasuna. Ozeanoek CO2-a absorbatzen dute, eta, ondorioz, atmosferan dagoen kontzentrazioa murrizten da, baina horrek uraren pH-a jaitsiarazten du. Itsasoko uraz gain, bereziak diren hainbat gune ikertzearen beharra ere agertu da, hala nola estuarioak. CO2-aren hazkundeak ur-sistema horietan izan dituen efektuak ez dira gehiegi aztertu, eta oso garrantzitsuak dira, zeren eta animalia- eta landare-espezie askoren bizileku baitira. Azidotasuna aztertzeko, lau parametro erabiltzen dira: alkalinitate totala, disolbatutako karbono ezorganikoa, pH-a eta iheskortasuna. Haien arteko erlazio termodinamikoa dela eta, esperimentalki soilik bi neurtu behar dira beste biak kalkulatu ahal izateko. Lan honetan, alkalinitate totala eta disolbatutako karbono ezorganikoa neurtu dira. Lau parametro horien azterketa egin da Bizkaiko hiru estuariotan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal. Laginketak hiru urtez egin ziren, urtaro guztietan, estuarioen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak ikusi nahian, bai eta denborarekiko erlazioak aztertu nahian ere.
- Egileak: Leire Kortazar, Luis Ángel Fernández
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 125-144
- DOI: 10.1387/ekaia.21030
Egileez:
Leire Kortazar eta Luis Ángel Fernández UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.
1 iruzkina
[…] horretan, Urdaibaiko egoera aztertu dute. Horrela ikusi du Bilbaok: “Jendeak paradisu baten pareko ikusten du. Baina nik batzuetan oso […]