Jone Bilbao, ingurumen-zientzialaria: “Ingurumen Zientzietan ikusi nuen nire intereseko hainbat gai ukitzeko aukera”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Jone Bilbao Antolinek irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Aitortu duenez, hasieratik izan zuen helburutzat ulergarria izatea, “sekula ez bainaiz originala izan”. Izan ere, iruditzen zaio ikertzaileek oso argi izaten dutela zertan dabiltzan, baina ingurukoek, normalean, ez dutela arrasto handirik izaten. “Hortaz, nire asmoa zen azaltzea zer egiten nuen, eta zergatik. Eta non; nire kasuan oso garrantzitsua baita lekua”.

Leku hori Urdaibai da. Hiru urte daramatza han ikertzen Bilbaok, eta orain laugarrena egingo du. Txiotesian, tarte horretan egindako ikerketen eta lortutako datu eta emaitzen zati txiki bat baino ez du azaldu, baina garrantzitsua iruditu zaio zer egiten ari diren azaltzea, mundu hori arrotza zaionak ere ulertu dezan.

Jone
Irudia: Jone Bilbao Antolin, ingurumen zientzialaria. (Argazkia: Elhuyar)

Jone Bilbao berarentzat nahiko naturala edo zuzena izan da Urdaibain ikertzera eraman duen bidea. “Sopelakoa naiz, eta, beraz, beti izan dut lotura estua naturarekin, batez ere itsasoarekin eta hondartzarekin. Egia da, ikasketak aukeratu behar dituzunean, gauzak ez dituzula argi izaten, eta nik ere ez neukan hasieratik garbi Ingurumen Zientziak ikasi nahi nituela. Baina hor ikusi nuen aukera gustatzen zitzaizkidan gauzak ikasteko: ez zen biologia purua, ez zen kimika… Eta beti izan dut interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi nuen aukera horiek denak ukitzeko“.

Horrez gain, ingurumena hobetzeko lan egiteko gogoak ere bultzatu zuen karrera hori ikastera, eta, behin horretan zebilela, ekologiak, kutsaduraren analisiak eta halako gaiek erakarri zuten. “Horrek eraman ninduen Plentziara, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egitera, eta hortik aurrera Urdaibain geratu naiz, tesia egiten”.

Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta hasieratik sentitu da gustura taldean: “Orain gehiago gara, baina sartu nintzenean taldea oso txikia zen, eta oso ondo hartu ninduten. Gero, taldea handitzen joan da, eta oso eroso nago denekin. Niretzat inportantea da; azken finean, laginketetara beti norbaitekin joan behar duzu. Batzuetan joan naiz ikasleekin, beste batzuetan lankideekin edo zuzendariarekin… baina beti da taldeko lana”.

Lan horretan, Urdaibaiko egoera aztertu dute. Horrela ikusi du Bilbaok: “Jendeak paradisu baten pareko ikusten du. Baina nik batzuetan oso zikin ere topatu dut, eta zenbaitetan arrazoi naturalengatik izan da, adibidez, euriteengatik, baina beste askotan ez. Eta egia da hondakin-uren tratamenduan egin dituzten aldaketekin, berehala sumatu dugula hobekuntza. Bai guk, emaitzetan, baina baita handik pasatzen zen edonork ere, begi-bistakoa izan baita. Usainean bertan nabaritzen da”.

Azaldu duenez, hondakin-uren tratamendurako plana 2017an onartu zen, eta horren barruan URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak saneamendu-sarea eraiki behar zuten, eta Bermeoko Lamiaran araztegiarekin lotzeko azpiegiturak egin behar zituzten. Lanak ez dira egun batetik bestera egin, baina 2021tik aurrera, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko. Horri esker, ez dira estuariora iristen.

Ondorioak agerian

Horren ondorioak azpimarratu ditu Bilbaok: “Udan Urdaibaiko hondartzetan izaten ziren ur fekalen agerpenak konpontzea zen, batez ere, helburua. Baina gure ikerketetan ikusi dugu beste onura argi batzuk ere ekarri dituela. Adibidez, amonio- eta fosfato-kontzentrazioak nabarmen jaitsi dira, eta ur zikinetan gailentzen diren organismoak ere gutxitu egin dira”.

Finantzazioaz ere hitz egin du. Izan ere, ikerketaren alderdirik zailena horixe izaten da, finantzazioa lortzea, eta, hasieran, haiei ere asko kostatu zitzaiela baieztatu du Bilbaok. “Lehenengo laginketa-urtea inolako finantzaziorik gabe egin genuen. Urte horren ondoren, lehen emaitzak lortu genituenean, jada babesa lortu genuen, bai URArena, bai Busturialdeko Ur Partzuergoarena. AZTIrekin elkarlanean ere aritu gara… Beraz, orain ondo, baina, hasieran, guk ikusten genuen zer garrantzitsua zen hainbeste diru kostatuko ziren azpiegitura-lanen onurak neurtzea, baina ez genuen laguntzarik lortzen“.

Orain, Bilbon egin zen bezala, jarraipen-programa bat jarri nahi dute martxan, eta aurrera ateratzea espero dute.

Fitxa biografikoa:

Jone Bilbao Antolin Sopelan jaioa da, 1995ean. Ingurumen Zientzietako gradua ikasi zuen UPV/EHUko Gasteizeko campusean, 2013 eta 2017 bitartean, eta horren ondoren, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egin zuen (2017-2018) Plentziako Itsas Estazioan (PiE-EHU). 2019an, Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa doktorego programan hasi zen tesia egiten, EHUren doktoratu aurreko laguntzarekin (2019-2023), Sergio Seoaneren zuzendaritzapean. Leioako campuseko Landare Biologia eta Ekologia sailean dago, Ibaien Ekologia izeneko taldean, Fitoplankton ikerketa-taldearen barruan, eta PiE-EHUko parte ere bada.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Jone Bilbao Antolinek hiru urte daramatza Urdaibaiko urak ikertzen, eta berak irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Bilbaok adierazi duenez, beti izan du interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..