Maitasuna airean dago (Love is in the air) dio abesti ezagunak. Beno, egia esan, airean aurki ditzakegu mota eta tamaina askotako partikulak. Horietako batzuk atseginak egiten zaizkigu –adibidez, artikulu hau irakurtzen duzun bitartean edaten ari zaren kafearen usaina–, beste batzuek kezka sortzen digute –adibidez, kutsadura sortzen duten partikulak–. Bai, airean denetatik dago, DNA barne.
Azken hamarkadan DNA hainbat tokitatik detektatzea lortu dute ikertzaileek. Ingurumenean aske dagoen DNA hori eskuratu da lakuetatik, ibaietatik edo kostaldeetatik. Hala, ikertzaileak gai izan dira espezie inbaditzaileen eta espezie arraroen DNA detektatzeko. Horrez gain, hostoetatik eskuratu da intsektuen DNA edo lurzoruan detektatu da ugaztunen DNA.
DNA airean detektatzeko saiakerak, aldiz, urriagoak izan dira. Kontuan izan behar da polena DNA airetik garraiatzeko egitura biologikoa dela. Hortaz, DNA airean ere egon badago, polenari alergia dioten pertsonek ondo baino hobeto dakiten bezala. Baina DNA aske egon daiteke airean? Ez dago argi animalietatik DNA nola askatzen den eta gene-eduki horrek zenbat irauten duen airean. Hainbat ikerketa gai izan dira bakterioen eta onddoen DNA airean detektatzeko; eta 2015. urtean ornodun eta artropodoen DNA detektatu zen Washingtoneko (AEB) aire-monitoreetan. Baina ez zegoen argi airean dagoen DNA detektatzeko tekniken erabilgarritasuna.
Danimarkako ikertzaile-talde bat ideiak lantzen ari zen ikerketa berritzaileen deialdi baterako. Kristine Bohmann-ek –ikertzaile-taldeko kideetako batek– gogoratzen du ideiak pentsatzen eta proposatzen ari zirelarik esan zuela “zoroagoa izan behar da proposatzen duguna; adibidez, airetik DNA xurgatzea: hori zoramena litzateke”. Bada, aurkeztu zuten airean dagoen DNA aztertzeko proposamena eta eskuratu zuten ideia zoro hori gauzatzeko dirua. Laginketa Kopenhageko zoologikoko hiru lekutan egin zuten. Leku bakoitzean hainbat xurgagailu eta haizagailu erabili zituzten DNA eskuratzeko eta jakiteko zein xurgagailu eta haizagailu ziren eraginkorrenak. Xurgatutako aire horretatik 49 ornodun espezieren DNA eskuratzea lortu zuten.
Beste ikertzaile talde batek –aurrekoarekin zerikusitik ez zuen ikerketa batean– iragazkiak zituzten huts-ponpak jarri zituzten Hamerton Zoo Park (Erresuma Batua) zoologikoko 20 kokalekutan. 30 minutuz huts-ponpek airea iragazi zuten, airean zegoen DNA harrapatzeko itxaropenarekin. Guztira, 72 aire-lagin bildu zituzten zoologiko barneko eta kanpoko eraikinetatik. Iragazi horietan DNA gutxi egon zitekeenez, DNAren kopurua handitzeko PCR teknika erabili zuten. Horrela, DNAren kopuru nahikoa lortu zuten DNA hori sekuentziatu ahal izateko. Sekuentziatutako DNA datu-base publikoetan bilatu zuten, ezagunak ziren DNA sekuentziekin erkatzeko. Horri esker, ikertzaileek identifikatu egin zuten zoologikoan bizi diren 17 espezieren DNA. Harrigarria badirudi ere, zoologikoko animalia batzuen DNA detektatu zen animalia zegoen lekutik 300 bat metrora. Gainera, detektatu egin zuten zoologikoaren inguruan bizi diren espezie batzuen DNA, hala nola trikuak eta oreinak; eta harrapariei jaten emateko erabiltzen den haragia, hau da, gai izan ziren detektatzeko oiloen, txerrien, behien eta zaldien DNA. Guztira, ikertzaileek identifikatu egin zuten ugaztunen eta hegaztien 25 espezieren DNA.
Bi lan independentetan gai izan dira airean dagoen DNA eskuratzeko, baina zeintzuk izan daitezke haren erabilerak? Adibidez, airean dagoen DNA erabilgarria izan daiteke biodibertsitatea aztertzeko. DNA horri esker, beste modu batera detektatzen zailak diren animalien presentzia baieztatu daiteke: DNA hari esker detekta daitezke ingurune idorretan, zuloetan edo haitzuloetan bizi diren animaliak; edo fauna aztertzeko erabiltzen diren kameretatik kanpo gelditzen diren hegaztiak.
Hala ere, garatzen ari den teknika denez, muga batzuk baditu airean dagoen DNA detektatzeak. DNAk airean zein distantzia egin dezakeen da zalantzarik handiena. Hainbat faktorek muga dezakete distantzia hori; adibidez, inguruneak berak muga dezake, baldintzak ez baitira berdinak landa batean edo baso batean. Beste zalantza bat da animaliek nola askatzen ote duten DNA airera. DNA aska daiteke animaliek larruazalean hatz egiten dutenean, larruazala igurzten dutenean, doministiku egiten dutenean edo jarduera indartsu bat egiten dutenean –adibidez, borrokatzean edo harrapakina menderatzean–. Muga horiek baldintzatuko dute metodo honek duen gaitasuna animalia baten kokalekua zehazteko.
Erantsi beharra dago, beste erronka bat dela lagin hauetan kutsadura saihestea. Halako laginak prozesatzerakoan gerta liteke DNA arrotza laginean sartzea eta, ondorioz, saihestu behar da bere jatorria airean ez duen DNA laginean sar dadin. Dirudienez, ezin daiteke aire esterila erabili kontrol gisa. Hortaz, zaila da jakitea prozeduran zehar kanpoko DNA sartzen ote den. Ondorioz, metodo hau sendoa eta fidagarria izateko arazo hori gainditu beharko du.
Itxuraz zoroa dirudien ideia batetik abiatuta, aztertzen zailak diren animaliak detektatzeko teknika bat garatzeko oinarria jarri da. Horrek azpimarratzen du zientziak baduela ideia berritzaileak proposatzeko alderdi oso irudimentsua; eta baduela, gainera, burutazio horiek gauzatzeko ausardia. Horrela, zientziak aurrera egiten du, irekitzen ditu sinesgaitzak diren bideak eta sakontzen du ezagumenduan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Stokstad, E. (2021). DNA pulled from thin air identifies nearby animals. Science. DOI: 10.1126/science.abl5425
Egileaz:
Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
1 iruzkina
[…] 2021/11/17 DNA airean dago […]