Izoztutako sekretua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2005. urtean 1918ko Espainiako gripea eragin zuen birusaren sekuentziazio genetikoa egitea lortu zuten. Zientziak eta hainbat zientzialarik emandako pausoak ezinbestekoak izan ziren aurkikuntza horretara iristeko. Alaskako herrixka bateko hobi komun bateko gorpuek sekretupean gorde zuten sekuentzia genetiko hori, hainbat hamarkadatan izoztuta.

Brevig Mission delakoa, Nome inguruan kokatutako Alaskako herrixka bat da, Seward penintsulan. Kokalekua 1900. urtean ezarri zen eta 2020ko datuen arabera 428 biztanle dituen arren, garai latzak izan zituen. Brevigen tenperaturak oso hotzak dira eta, neguan zehar, esaterako, tenperaturak ia beti zero azpitik daude. Udan ere nekez gainditzen dira 10 ºC-ak. 1918ko gripe pandemia –Espainiako gripe gisa modu okerrean ezagutzen dena- Brevigeraino ere iritsi zen. Hain zuzen ere, korreoa eramaten zuen leran iritsi zen gripearen birusa Alaskako mutur batean isolatutako herri hartara. Ameriketako bertakoek gripearekiko erresistentziarik ez zuten eta, sarritan, gripeak kalte latzak eragiten zizkien. 1918koa are larriagoa izan zen eta Brevigeko biztanlerian triskantza gertatu zen. 80 biztanleetatik 72 Espainiako gripeak jota hil ziren bost egunetan. Hildakoak bertan lurperatu zituzten, Alaskako permafrostean. Permafrosta une oro izoztuta dagoen lurrazaleko zatia da eta Alaskako gainazal gehiena mota horretakoa da. Geruza horretan materia organikoa nahiko egonkor mantentzen da; izan ere, usteltze prozesuak askoz ere motelagoak dira.

Espainiako gripea
Irudia: Alaskako permafrostean izoztutako gorpuetan 1918ko gripe pandemia eragin zuen birusaren arrastoak aurkitu zituzten eta, hortik, birusaren sekuentzia genetikoa lortu zuten Hultin eta Taubenbergerrek. (Argazkia: Walkerssk – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Brevig Missioneko triskantzatik lau urtetara, Johan Hultin jaio zen Stockholm hirian. Hogeita sei urte geroago, AEBra joan ostean, 1950. urtean, Hultin Iowako Unibertsitateko mikrobiologiako ikaslea zen. Ziurrenik ez zekien Brevig Mission non zegoen ere, baina, 1918ko gripe pandemiari buruzko hitzaldi batean, aditu bati entzun zion esaten norbaitek izoztutako iparraldeko lurretara bidaiatu beharko lukeela bertan gripez hildako gorpu izoztuak aztertzeko. Agian, izoztutako gorpu horietan birusaren arrastoak bere horretan egongo ziren oraindik. Aukera oso txikia bazegoen ere, nonbait egotekotan, bertan egongo zen birus madarikatua.

Hultinek bere doktorego-tesia izango zenaren gaiarekin topo egin zuen: 1918ko birusa aurkitzea, berreskuratzea eta aztertzea. Horrela, birusaren jatorria ezagutzea posible izango zen eta baita hain hilgarria izateko arrazoiak ezagutzea ere. Johan gaztea Alaskara bidaiatzeko prestatzen hasi zen eta informazioa biltzen hasi zen: hemerotekak aztertu zituen, garaiko datuak, eskualdearen informazio paleontologikoa eta abar, kokagune posibleak aurkitzeko. 1918an Alaskan kokatuta zeuden misioekin harremanetan jarri zen eta, azkenean, bilaketa luze horren emaitza gisa, berarentzat interesgarriak ziren hiru gune aurkitu zituen: 1918ko gripearen ondorioz heriotza asko gertatu ziren hiru kokagune. Agian, izoztutako permafrostean oraindik birusaren arrastoak aurkitzea posible izango zen.

Hiru kokaguneetatik bat erreka baten ondoan zegoen eta bestea itsasoaren ondoan. Urak lurrazala desizozten zuenez, ez zegoen aukerarik bertan birusaren arrastoak topatzeko. Hala ere, Hultinek azken itxaropena zuen hirugarren kokagunearekin: Brevig Mission, hain zuzen ere. Johanek jakin bazekien 1918ko pandemiaren ondorioz hil ziren 72 pertsonen gorpuak hobi komun batean zeudela eta lekua bi gurutzerekin markatuta zegoela. Hala ere, lehen bidaia hartan ezinezkoa izan zen indusketa lanekin hastea, neguko baldintza gogorrengatik.

Gorpuak hilobitik ateratzeko baimenak lortu ostean, 1951ko ekainean bertara itzuli zen Hultin. Orduan bai, izoztutako lurraren azpian, 2 metroko sakoneran, lehen gorpuak aurkitu zituzten eta bost Inuiten biriketatik laginak hartu zituen espedizioko patologoak. Bertan, 1918ko gripe pandemia eragin zuen birusaren arrastoak aurkitzea espero zuten permafrostean. Laginekin Iowako Unibertsitateko laborategietara itzuli ziren eta bertan laginetatik birusak hazten saiatu ziren. Ernaldutako arrautzetan kultiboak egin zituzten eta hudoak birusarekin kutsatzen saiatu ziren, baina, ez zuten arrakastarik lortu. Hartutako lagin guztiak ez ziren baliagarriak izan. Hogeita hamar urtez lo egon zen birusa esnatzea ezinezkoa izan zen. Hultinek Brevigeko eskimalei zin egin zien ez zuela birusa berpiztuko eta, azkenean, horrela izan zen.

1918ko gripe pandemiaren jatorriak aztertzen jarraitzeko aukera horrela itxi zen. Pandemiak garai hartan sortu zuen kezka oso handia zen; izan ere, ez da ahaztu behar bere hilkortasun tasa izugarria izan zela. Lehen Mundu Gerran 21 milioi lagun hil ziren lau urtetan. Gripearen kausaz heriotza horiek lau hilabetetan gertatu ziren eta 1920ko udan desagertu zen arte, 50-100 milioi hildako eragin zituela jotzen da. Hultinen ikerketa-lerroa oso konplexua zen garai hartan eta, ez da ahaztu behar, DNAren helize bikoitzaren egitura, adibidez, oraindik ez zela ezagutzen. Johan Hultin guztiz etsita gelditu zen bere esperimentuen porrotaren ondorioz eta bere doktorego-tesiaren norabidea aldatu zuen, mikrobiologiaren beste esparru batzuetan lan egiten hasi zelarik.

Guzti hori gertatzen zen bitartean, Jeffery Taubenberger birologoa jaio ere ez zen egin; 1961. urtera arte ez baitzuen mundua ezagutu. Alabaina, 1980ko hamarkadarako Taubenberger birologo eta patologo amerikarrak jada bere ikerketa-lerroak ondo definituta zituen. Hamarkada horretan, Jeffery birus hilgarrien bila zebilen eta tartean, 1957 eta 1968an hildako ugari eragin zituen gripe asiarraren jatorriaren bila ari zen. 1996an Taubenberger gripe asiarraren eta 1918ko gripearen arteko loturak ikertzen ari zen. Taubenbergerren ikerketa-lerro nagusietako bat zen biktimetatik birusen informazio genetikoa lortzea eta AEBtako Indar Armatuen Patologia Institutuan Espainiako gripeaz hildako 100 gaixoen autopsiak aurkitu zituen eta horietako 70en ehunak oraindik gordeta zeudela jakin zuen. Historia klinikoak aztertuta eta analisi histologikoen ondoren, 13 lagin erabilgarri lortu zituen birusaren sekuentziazio partziala egiteko. Ikerketa horien ondorioak ziren Science aldizkarian argitaratu zituen 1997an. Hain zuen ere, Jefferyk 1918ko birusaren sekuentzia genetikoaren zati bat argitaratu zuen eta Hultin Taubenbergerrekin harremanetan jarri zen berehala. Ikertzaile taldeak emaitza interesgarriak lortu zituen, baina, jakin bazekiten lagin horietatik ezinezkoa izango zela birusaren sekuentzia genetiko osoa lortzea. Ezinbestez, Taubenbergerren ikerketa amaitu gabe geldituko zen.

Alabaina, 50eko hamarkadan guztiz etsita gelditu zen zientzialari hark, Johan Hultinek, Science aldizkariko artikulu hori irakurri zuen. Berrogei urte baino gehiago pasa behar izan ziren arren, Hultinek oraindik itxaropena zuen bere ikerketa amaitu ahal izateko. Esan eta egin. Hultinek Jeffery Taubenberger birologoak idatzitako lana irakurri zuenean berarekin harremanetan jarri zen eta handik gutxira, Brevigen zeuden biak. Pauso hori emateko Taubenbergerrek tresna oso garrantzitsu bat izan zuen eskura, PCR teknika, hain zuzen ere. Hultinek ezin izan zuen teknika hori bere ikerketetan erabili, jakina, 1980ko hamarkadara arte ez baitzen asmatu.

Edozein kasutan, Hultin eta Taubenberger Brevigera joan ziren eta berriro gorpuak aztertzeko asmoz. Diotenez, biztanle batzuk oraindik gogoratzen ziren bost hamarkada lehenago Hultin bertan egon zela leku berean indusketak egiten. Berriro ere gorpuak hilobietatik ateratzeko baimenak lortu ondoren, Lucy izenez ezagutzen den 30 urte inguruko emakume gizen baten laginak hartu zituzten. Antza, gantzak deskonposiziotik babestu zituen birikak eta, bertan, nahiko material aurkitu zuten 1918ko birusaren sekuentzia genetiko osoa lortzeko. Harrigarria badirudi ere, zazpi hamarkada baino gehiagoz Lucyren biriketan oraindik birusaren arrastoak zeuden eta arrasto horietarik 1918ko gripea eragin zuen birusaren sekuentzia genetiko osoa lortu zuten. Lan mardula izan zen, bederatzi urtez egon baitziren lanean lagin horiekin emaitzak lortu eta argitaratu zituzten arte. 2005. urtean, 1918an Lehen Mundu Gerrak baino hildako gehiago eragin zituen gripearen birusaren sekuentzia genetiko guztia lortu zen. Hultinei esker, Taubenbergerrek 1918ko gripearen birusa berpiztea lortu zuen eta Nature eta Science aldizkarietan argitaratu zituen emaitzak.

Zientziaren bideak sarritan oso korapilatsuak eta luzeak dira, baina, Espainiako gripea eragin zuen birusaren analisi honek erakusten du zein garrantzitsua den zientziaren komunikazioa. Hultin eta Taubenberger ez baziren harremanetan jarri, ziurrenik ez zen lortuko 1918ko birusaren sekuentzia genetikoa. Beste zenbait kasutan, aurrerapen zientifikoak nola lotzen diren ere ikustea miresgarria da. Hultinek 1950eko hamarkadan ez zuen lortu bere doktore-tesiaren gaiarekin jarraitzea oraindik asmatu gabe zegoen teknika bat, PCRa, beharrezkoa zelako arrakasta izateko. Hala ere, irmo eutsi zion bere hipotesiari eta azkenean, lortu zuen bere ikerketari amaiera ematea.

Egindako lan horiei esker jakin dugu, adibidez, 1918ko gripearen birusa hegaztietatik pasa zela gizakietara, gripe arrunta baino 50 aldiz kutsakorragoa izan zela eta laborategian inokulatutako arratoi guztiak hiltzen dituela astebeteko epean. 2002. urtean, Johan Hultinek esan zuen guztiz ziurra zela beste pandemia bat iritsiko zela, baina, ezinezkoa zela aurresatea noiz iritsiko zen. Horren aurrean nola presta gintezkeen galdetzen zuen Hultinek. Bada, erantzuna Hultin berak ere bazekien: ikertuz.

Informazio gehiago:

Erreferentzia bibliografikoa:

Taubenberger, J.K., Hultin, J.V., Morens, D.M. (2007). Discovery and characterization of the 1918 pandemic influenza virus in historical context. Antiviral Therapy, 12(4 Pt B), 581-591. DOI: 10.1056/NEJMra0904322.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

  • […] Josu Lopez-Gazpiok Espainiako gripea eragin zuen birusaren sekuentzia genetiko osoa lortzeak eragin zituen nondik norakoak azaldu ditu Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, hainbat zientzialariren esfortzuari esker izan zen posible aurkikuntza hori. Zientzialari horietako bat Johan Hultin suediarra izan zen, eta […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.