Zerez dago egina harea?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zerez dago egina harea? Hori da zientzia-dibulgazioko ekitaldi batera joaten diren entzuleek geologooi sarritan egiten diguten galderetako bat. Eta erantzuna beti bera da: lekuaren arabera.

Harea lekuaren araberakoa dela erantzunez gero, ematen du azalpen bat emateko gai ez garela eta disimulatzen saiatzen ari garela, baina hori da erantzun zuzena. Izan ere, harearen konposizioa jaso dugun lekuaren araberakoa da. Geologian, «harea» terminoak sedimentuaren ale tamaina oso zehatz bat definitzen du, eta ez du kontuan hartzen alearen jatorria.

harearen konposizioa
1. irudia: Islandiako harearen itxura lupa binokularrean. Harearen konposizioa: kolore beltzeko arroka bolkanikoen zatiak eta kolore berdeko olibino mineralaren kristal batzuez osatuta dago. (Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila)

Sedimentuak finkatu gabe dauden partikula edo material solidoak dira, batzuetan uraren edo haizearen eraginez lurrazalean edo itsaso eta ozeanoen hondoan metatu arte garraiatzen direnak. Sedimentuen sailkapen bat egin nahi dugunean, bi aukera ditugu: edo haien konposizioa aztertu, edo tamainari adierazi. Eta azken kasu horretan aurkitzen dugu «harea» terminoa.

Sedimentua alearen tamainaren arabera sailkatzeko gaur egun erabiltzen den eskala estandarizatuaren eta unibertsalaren arabera, harea gisa definitzen dira gutxienez 0,063 mm eta gehienez 2 mm dituzten partikula guztiak, haien konposizioa edozein dela ere. Sedimentua harea ote den identifikatzeko modu errazagoa nahi baduzue, hartu eskuan pixka bat eta ukitu hatzekin; larruazala ziztatzen edo urratzen dizuela sumatzen baduzue, harea aurkitu duzue.

Gainera, harearen sailkapenaren barruan azpibanaketak egin ditzakegu, hura osatzen duten partikulen diametroaren arabera. Hala, harea oso fina (0,063-0,125 mm), harea fina (0,125-0,25 mm), erdi mailako harea (0,25-0,5 mm), harea lodia (0,5-1 mm) eta harea oso lodia (1-2 mm) bereizten ditugu.

harearen konposizioa
2. irudia: Wadi Rum (Jordania) basamortuko harearen itxura lupa binokularrean. Harearen konposizioa: kuartzozko alez osatuta dago eta ale horiek kolore gorrixka ematen dien burdin oxidozko patina batez estalita daude. (Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila)

Eta haren konposizioari buruzko galderari erantzuteko, iturri eremuan –hau da, sedimentuaren sorburuan– dauden material geologikoen motaren araberakoa baita, mota askotako hareak aurki ditzakegu. Adibide batzuk emango dizkizuet.

Kantauri itsasertzeko hondartzetako harea, batez ere, kuartzo alez osatuta dago, beste mineral batzuekin batera (hala nola feldespato eta karbonatoak), eta itsas organismoen maskor eta oskol zati batzuk ere izan ohi ditu. Konposizio misto horrengatik ditu, hain zuzen, guztiok ezagutzen ditugun tonalitate kromatiko arre horiek. Aitzitik, Karibe itsasoko hondartzetan, harea ia erabat dago osatuta itsas organismo karbonatatuen zatiez –batez ere koral zatiez–, eta horregatik du, hain zuzen, hain kolore zurixka. Kanariar uharteetako hondartzetan, alabaina, mota askotako arroka bolkanikoen zatiez osatutako harea dago, eta kolore beltz, gris edo arrea ematen dio hareari konposizio horrek.

Baina adibiderik bitxiena Tunelboka eta Gorrondatxe hondartzetan dago, biak Getxon (Bizkaia), bertako hondarra oso berezia baita. Itsasertzeko eremu horretan, metalurgia enpresek joan den mendean Nerbioi ibaiaren ertzetatik Kantauri itsasora egindako isurketa guztiak metatuz joan dira itsas korronteak, galdaketako zepak barne. Beraz, hondartza horietako harea beltz distiratsua galdaketako zepen zatiz osatuta dago, eta, gainera, osagai magnetikoa dute zepa zati horiek; horregatik, iman bat hurbilduz gero, imanak erakarri egiten ditu.

harearen konposizioa
3. irudia: Trengandín hondartzako (Noja, Kantabria) harearen itxura lupa binokularrean; kolore garden eta grisaxkako kuartzozko alez eta kolore horixka eta arreko itsas organismoen zatiz osatuta dago. Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila.

Baina hondartzetan ez dugu harea soilik aurkitzen. Basamortu handietan –hala nola Saharan–, halaber, haizeak garraiatu eta metatutako partikula sedimentarioak ere harea partikulen neurrikoak dira. Eta halako partikulen konposizioa, baita ere, ale sedimentario horien jatorrizko arroken araberakoa da.

William Blake poetak zioen bezala, «mundu bat ikusteko harea ale batean». Eta egia da, harea-pikor bakoitza, berez, mundu bat da, istorio liluragarri bat kontatzen diguna; belarri geologikoekin entzuten jakin behar dugu, besterik gabe.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.