Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria

Emakumeak zientzian

Edertasunaren balio eta estandar gisa argaltasuna saritzen duen mundu batean, gorputzeko gantzaren aurka borrokatzea nahi izan ohi dute pertsona batzuek eta, neurri handiagoan, emakume batzuek. Obesitatearen epidemia gero eta handiago deneko sasoi honetan, gorputzaren parametro horren kontrolari eustea osasun pertsonaleko eta publikoko arazo hori kuantifikatzeko modu bat da. Hala ere, gorputzeko koipeak funtzio bat betetzen du gure organismoan, eta lotura estua du prozesu metaboliko eta ugalketa prozesu jakin batzuekin, batez ere emakumeenekin.

Harreman horretan protagonistetako bat leptina da. Leptina gantz-ehunean sortutako hormona da, eta funtsezko zeregina du gorputza erregulatzeko prozesuetan: apetitu eta asetasun sentsazioan, baina baita emakumeen obulazio zikloan ere. Hori da, hain zuzen ere, gorputzeko gantz portzentaje txikiegiak edo gantz hori nabarmen murrizteak ziklo hormonala eten eta emakumeen emankortasuna murriztu ahal izateko arrazoietako bat. Haurdunaldian, plazentak leptina ere sortzen du, eta amaren esnean leptina aurkitu da; horrek agerian uzten du, berriz ere, substantzia horrek eginkizun garrantzitsua duela ugaltze prozesu osoan.

Rose Frisch
1. irudia: Rose Epstein Frisch biologoa. (Argazkia: The New York Times)

Rose Frischen lanari esker ezagutzen dugu, hain zuzen, leptina eta hark emakumeen ugalketa osasunean duen eginkizuna, bai eta gorputzeko gantzak ugalkortasunarekin duen harreman guztia ere. Rose Frisch zientzialaria aitzindaria izan zen emakumeen ugalkortasunaren ikerketan garai batean, Gerra Hotzaren hamarkadetan; orduan, zientzia esparrua ez zen oso harkorra emakumeentzat, ikertzaileak izan edo ikerketaren xede izan.

Bronx auzoko eskola publiko batetik bonba atomikoa garatzera

Frisch 1918ko uztailaren 7an jaio zen, New York hiriko Bronx auzoan. Errusiako etorkin juduen alaba izan zen, eta hiriko eskola publiko batera joan zen. Bere nebak hala aholkatuta eta unibertsitate bekak ematen zituen fundazio baten laguntza ekonomikoarekin, Smith Collegen ikasi zuen, eta bertan graduatu zen Arteetan, 1939an. Garai hartan, hitzordu itsu batean, David H. Frisch ezagutu zuen, Princetongo Unibertsitateko Fisikako unibertsitate ikaslea; harekin ezkonduko zen. Rose Frischek berak lortu zuen Zoologiako goi mailako titulua Columbia Unibertsitatean, 1940an, eta, ondoren, biak matrikulatu ziren Wisconsingo Unibertsitatean, eta, bertan, Genetikako doktoregoa lortu zuen Frischek, 1943an.

Alabaina, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, ikasketak bertan beherea utzi behar izan zituen. 1942aren hasieran, Mexiko Berriko Los Alamoseko laborategira eraman zituzten biak, sekretismoz. Han hasi zen lehen bonba atomikoa garatzeko karrera. Laborategi horretan, Frischek giza konputagailu gisa lan egin zuen, Richard Feynman fisikariarentzat, eta eragiketak kalkulatzen eta ekuazioak ebazten lagundu zion.

Japoniako Hiroshimako eta Nagasakiko hirietan bonbak garatu eta jaurti ondoren, eta, ondorioz, gatazkaren amaierarekin, Frisch Bostonera itzuli zen eta, bertan, azkenean, doktoregoa amaitu zuen. Urte horien ondoren, bikoteak hiru seme-alaba izan zituen, eta Frisch arduratu zen haiek zaintzeaz; aldi berean, bere senarraren bizitza sozialari eusten laguntzen eta bere ikasleei arreta ematen jardun zuen. 1960an, bere seme txikiak Lehen Hezkuntza amaitu zuenean, Frisch ikerketan murgildu zen, berriro.

Zertarako lansaria, senarraren soldatarekin bizitzea baduzu?

Bere lehen lana Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Zentroko ikertzaile elkartu gisa izan zen; bertan, nahiz eta doktorego bat izan, oso soldata baxua zuen; izan ere, bere nagusien arabera, senarraren soldatarekin nahikoa zuten bizitzeko. Frisch familiak gerora azaldu duenez, berak, lehenago eta geroago emakumezko beste zientzialari batzuek bezala, gizonen mespretxu horrek bi motatako eraginak izan zuen: batetik, egia zen bere ideien aurka jokatu ohi zutela gizonek, baina, bestetik, karrera bat –eta horri zegozkion maila igoerak– ezin zuenez lortu, askatasun handiagoa zuen bere interesei eta jakin-minari jarraitzeko, mailaz igo nahi zuten ikertzaileek zituzten presio akademikorik gabe, unibertsitateko liburutegian kalitatezko materiala –ikerketakoa eta estatistikoa– eskuratzeko aukera zuen bitartean.

Rose Frisch
2. irudia: 2004. urtean Rose Frisch ikertzaileak argitaratu zuen liburuaren azala. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1974an, Frischek erdibana sinatu zuen azterlan bat; azterlan horretan zera frogatu zen, emakume baten hilekoaren zikloak eten egiten zirela, hark pisu handia jaisten bazuen. Nahiz eta zenbait animaliaren hazleek bazekiten gorputzeko gantz kopurua eta ugalkortasuna lotuta daudela, harrera txarra izan zuen ia erabat gizonezkoz osatutako hitzaldi eta biltzar haietan emakume batek –emakume zahar batek, gainera– hilekoaren zikloez hitz egiteak. Bere seme-alaben hitzetan, behin, hitzaldi batean, bertaratutako gizon batek modu oldarkorrean galdetu zion bere aurkikuntzei buruz, eta, hitzaldiaren ondoren, bere alabak, anorexia zuenak, haurdun geratzeko zenbateko pisua irabazi beharko lukeen galdetzera hurbildu zitzaion.

20 urte geroago egiaztatu zen hipotesia

Gaur egun, bi gauza horien arteko lotura oso ezaguna eta onartua da, eta horren arrazoia, leptina, 1994an aurkitu zen, baina, hori baino askoz lehenago, Frischek jada zehaztu zuen gantzean bazegoela osagai bat emakumeen ugalketa gaitasunari eusteko beharrezkoa zena.

Hipotesi hori oso intuizio zorrotzean oinarritutako analisi eta behaketa kliniko zehatz batetik abiatzen zen, esaterako, gehiegizko pisua duten neskak sarritan pubertarora argalagoak diren beste batzuk baino lehenago iristen direla, eta emakumeek, dieta zorrotza edo/eta kirol asko egiteagatik, askotan hilerokoa izateari erabat uzten diotela edo ziklo irregularrak izaten hasten direla, bereziki atletak eta gimnastak. Emakume horietako asko, txikitatik hasten baziren entrenatzen, ohi baino geroago iristen ziren pubertarora, eta gero haurdun geratzeko arazoak izan ohi zituzten, itxuraz osasuntsu egon arren.

Leptinaren aurkikuntzak Frischen hipotesia berretsi zuen bi hamarkada geroago, baina hark eragina izaten jarraitzen du gaur egun ere; izan ere, haren inplikazioak malnutrizioaren eta ugalkortasunaren arteko loturari buruzko eta gorputzeko gantzaren portzentaje baxuaren eta bularreko minbizia izateko arrisku txikiagoaren arteko loturari buruzko –estrogenoekiko esposizio txikiagoa izateagatik– azterlan eta ikerketa askoren atzean daude.

Frisch 2015eko urtarrilaren 30ean hil zen, 96 urterekin.


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 23an: Rose Frisch, la científica que relacionó la grasa corporal con la fertilidad femenina ante la hostilidad de sus colegas.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.