Prozesu ebolutiboan zehar, tresnak egiteko harriak edo mineralak manipulatzea giza jardueraren erakusgarri argitzat hartu da. Izan ere, harrizko tresnek gure arbasoen ohiturak aldatzen lagundu dute, eta pixkanaka-pixkanaka gizakia ingurune berri eta anitzetara egokitzea ahalbidetu dute. Esate baterako, tresnek aukera eman zuten dieta zabaltzeko eta dieta horretan landare gogorrak edo zuntzdunak sartzeko, edo gorpu abandonatuetatik haragia ateratzeko.
Harrizko tresnen ekoizpenaren hastapena, hau da, industria litikoa deiturikoarena, asko aztertu da, aztarnategi berri eta zaharretatik lanerako material gehiago lortu den heinean. Esparru konplexu horretan, nabarmena da gaian adituak diren emakume zientzialarien parte hartzea, haien ikerketen zorroztasuna eta interesa dela eta; hori garbi islatzen da emakume horiek egindako ekarpenen meritu ukaezinean.
Historiaurrearen hainbat estadio bereiz daitezke, gero eta landuagoak diren tresna litikoak eraikitzeko baliatzen ziren teknika desberdinak oinarritzat hartuta. Duela urte gutxi arte, teknologiarik antzinakoena olduvai aldi edo 1 modua izenekoa zen. Lehen aldiz Mary Nicol Leakey arkeologo britainiarrak (1913-1996) deskribatu zuen teknologia hori. Gaur egun uste da Mary Nicol Leakey izan zela bere garaian gure iragan urruna fidagarritasun handienaz aztertu zuen pertsonetako bat.
Mary Nicol Leakey etengabeko azterketan
Mary Nicol Leakey, Kenyan jaiotako Louis Leakey antropologo britainiar ezagunarekin (1903-1972) ezkondua zegoena, independentzia eta autonomia handiko emakumea izan zen, pertsonalki zein profesionalki. 1935eko hamarkadaren erdialdera, senarrarekin batera iritsi zen Afrikara; ordutik, bere autobiografian aitortu zuenez, liluratuta sentitu zen inguru haiekin, eta Britainia Handira eta Estatu Batuetara egindako bidaia laburrak kenduta, Kenya eta Tanzania artean igaro zuen bizitza osoa.
1960tik aurrera, Mary Nicol Leakey luzaroan bizi izan zen Olduvaiko Arroilan «ondoen sentitzen nintzen lekuan», bere hitzetan. Leku hori aintzira bat izan zen garai batean, eta gaur egun 100 metroko sakonera duen amildegi higatu bat da. Hango labarretan fosil ugari eta harrizko erreminta pila bat daude. Testuinguru hori liluragarria iruditu zitzaion zientzialariari, eta etengabeko aztergai bihurtu zuen.
Eskualde hartan, Mary Nicol Leakeyk, esploratzaile natiboen talde batekin elkarlanean, ehunka harrizko tresna atera zituen lurpetik. Ordura arte, beste ezein arkeologok ez zuen halako erregistro luze eta jarraiturik osatu Harri Aroko Kulturei buruz. 1963tik aurrera, zientzialariak Nairobiko museoko Historiaurreko eta Paleontologiako Zentroan igaro zituen hurrengo bost urteak, eta bildutako tresnen bilduma zabala aztertu zuen.
Emaitzetan oinarrituta, bere obra klasikoa izango zena idatzi zuen (Olduvaiko Arroila: indusketak I. eta II. estratuetan, 3. Liburukia). Bertan, zehatz-mehatz aztertu zituen ateratako tresnen ezaugarri fisikoak, haien forma eta itxura deskribatu zituen, zein materialekin eginak zeuden, etab. Era berean, bere aurkikuntzek gizaki arkaikoen portaerari buruz iradokitzen zutenari buruzko eztabaida gauzatu zuen. Geroago, adituek aitortu dute lan horrek dimentsio berri eta esanguratsua eman ziola Paleolitoaren ikerketari.
Noiz egin ziren lehen tresnak?
Aipatzekoa da Mary N. Leakeyren lanaren aurretik, komunitate espezializatuak ziurtzat jotzen zuela aspaldi desagertu zela antzinako gizateriaren bizitzari edo jarduerari buruzko ebidentzia oro. Baina ikertzaile berezi honen indusketek hori ez zela horrela frogatu zuten. Aitzindaria izan zen harrien eta hezurren arteko lotura azpimarratzean, eta diziplinari giza portaera primitiboari buruzko lehen ikuspegia eman zion.
Mary Nicol Leakeyk Olduvain berreskuratu zituen tresnak bi milioi urte inguru zituztela jo ziren, eta, beraz, garai hartan ezagutzen ziren tresnarik zaharrenak bihurtu ziren. Tresna soilak ziren, harri koskorrak besterik ez, baina ertz ebakitzaile edo birrintzaile bat zuten, eta, hori lortzeko, mutur batean printza bat edo bi erauzi zitzaizkien perkusio bidez. Espezializatu gabeko pertsona bat ez litzateke gai izango harri horiek tresnatzat hartzeko, baina ikertzaile honek ongi antzeman zion zein zen haien benetako izaera. Haren aburuz, bistan zen zerbaitetarako moldatu zituztela, eta horregatik proposatu zuen industria berezi horri olduvai aldi deitzea.
Ikertzaile aitzindari honen behaketa arretatsuei esker ondorioztatu zen, ezen aztertutako materialean aurkitutako aldakortasun handiak argi eta garbi adierazten zuela homininoak harrizko tresnak egiten aritu izan zirela Olduvaira iritsi baino ehunka urte lehenagotik. Beste era batera esanda, duela bi milioi urteko lanabes horien konplexutasun mailak honako hau ematen zuen aditzera: fabrikazioari dagokionez, aurretik, etapa askoz primitiboagoak eta desantolatuagoak egon behar zutela.
Mary Nicol Leakeyren ikerketen ondoren, arroilan aurkitutako tresnak Olduvaiko Arroilan aurkitutako Homo habilis fosilekin lotu ziren; azken horiek 2,1 eta 1,5 milioi urte bitarteko antzinatasuna zuten. Mary Nicol Leakey-ren lan originalak eta arkeologiaren alorrean berritzeko zuen gaitasunak berekin ekarri zuen komunitate espezializatuak aitortzea haren emaitzek dimentsio berri bat eman ziotela arkeologia paleolitikoaren ikerketari. Era berean, olduvai aldiko kulturaren edo 1 moduaren aurkitzailetzat jo zen.
Usteetatik harago
Ordutik aurrera, eta hamarkadetan zehar, komunitate espezializatuak uste izan du gure arbasoak Homo generoaren sorrerarekin lotuta hasi zirela harriak zizelkatzen, eta garapen teknologiko hori zuzenean egon zela lotuta klima-aldaketarekin eta sabana erraldoiaren hedapenarekin. Premisa, beraz, honako hau zen: gure leinuak bakarrik egin zuen harriak kolpatzeko eta lauza zorrotzen zatiak erauzteko jauzi kognitiboa, eta jarduera hori izan zen gure arrakasta ebolutiboaren oinarria.
2010ean, Mary Leakeyk aurkikuntza hori egin eta urte askora, ikertalde batek argitaratu zuen Etiopiako Afar eskualdean dagoen Dikika aztarnategian ebidentzia batzuk aurkitu zituela, eta ebidentzia horiek erakusten zutela homininoak uste baino askoz lehenago hasi zirela harrizko tresnak erabiltzen. Aurkikuntza horretan, ebaketa edo urradura markak zituzten animalia hezurrak topatu zituzten, eta, harrigarria bada ere, hezur horiek 3,4 milioi urte zituzten. Antzinatasun horrek adierazten zuen marka horiek ezin izan zituztela Homo generoko kideek egin, eta, beraz, beste espezie zaharrago batek egin zituela onartu zen, Australopithecus afarensis espezieko kideek hain zuzen ere, garai hartan Dikika inguruan bizi izan ziren hominino ezagun bakarrak.
Albisteak eztabaida bizia piztu zuen, eta oraindik ez da amaitu. Izan ere, aditu askok begirada eszeptikoz adierazi zuten ustezko ebaketa marka horiek, benetan, animalien hankek hezurrak zanpatzean utzitako markak zirela; beste batzuek, berriz, krokodiloen haginkadek utzitako markak zirela iradoki zuten.
Bost urte geroago, 2015eko maiatzaren 21ean, beste artikulu berritzaile bat argitaratu zen Nature aldizkarian, antzinako homininoek harrizko tresnak egiteari buruzkoa. Berriz ere zalantzan jarri zen teknologia litikoa Homo generoko kideek asmatu zutela defendatzen zuen hipotesia. Aurkikuntza deigarri horrek gutxienez 700.000 urte atzeratzen zuen lehen tresnen antzinatasuna. Informazio horrek astindu egin zituen komunitate zientifikoa eta publiko interesduna.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Bermúdez de Castro, José María (2015). La tecnología de Lomekwain: ¿Modo 0?, Reflexiones de un primate. Quo, 2015eko azaroaren 12a.
- Bjelland, Scott (2015). Oldest Stone Artifacts Found in Kenya’s Turkana Basin, Tourkana Basin Institute, 2015eko maiatzaren 18a.
- Harmand, Sonia et al. (2015). 3.3-million-year-old stone tools from Lomekwi 3, West Turkana, Kenya. Nature, 521, 310-315. DOI: https://doi.org/10.1038/nature14464
- Hogenboom, Melissa (2015). El lago que revela los secretos de la humanidad, BBC Earth, 2015eko abenduaren 9a.
- Kilgallen, Michaela and Mahreen Khan (2017). Professor Named One of Most Influential French by Vanity Fair, Stony Brook, 2017ko otsailaren 12a.
- Saénz, Cristina (2015). Halladas en Kenia las herramientas de piedra más antiguas, La Vanguardia, 2015eko maiatzaren 20a.
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Artikulua Mujeres con Ciencia blogean 2022ko urtarrilaren 18an argitaratu zen Científicas en el nacimiento de la industria lítica artikuluaren zati bat da.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. Harmand, 1974an jaioa, ikerketa bateko buru izan zen, eta, 2015ean, ikerketa horren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu ziren; emaitza horien garrantziak komunitate zientifikoa astindu zuen. 3.3-million-year-old stone […]