Sonia Harmand, Turkana aintzirako arkeologoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. Harmand, 1974an jaioa, ikerketa bateko buru izan zen, eta, 2015ean, ikerketa horren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu ziren; emaitza horien garrantziak komunitate zientifikoa astindu zuen. 3.3-million-year-old stone tools from Lomekwi 3, West Turkana, Kenya izeneko artikuluak agerian uzten zuen lehen tresnak Homo generoko lehen kideak baino zaharragoak zirela. Aurkikuntza deigarri horrek gutxienez 700.000 urte atzeratzen zuen lehen tresnen antzinatasuna.

Sonia Harmand Parisko Unibertsitatean graduatu zen, eta Historiaurreko eta Teknologiako ikerketa unitateari lotua egon zen. Zentro horrek ospe handia du harrizko tresnen analisiaren arloan egindako lanengatik. Gradudun gazteak Paris Nanterre Unibertsitatean irakurri zuen bere doktoretza, eta, ondoren, zientzialari ikertzailea izan zen Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean (CNRS) lau urtez (2009-2012).

Sonia Harmand
Irudia: Sonia Harmand arkeologoa. (Iturria: Stony Brook University)

1998az geroztik, homininoen genesi teknologikoaren berreraikuntzara bideratu du bere lana ikertzaileak –garai horri buruzko erregistro arkeologikoa nahiko urria da–. Gaur egun, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakasle elkartua da. Giza teknologiaren jatorria ikertzeaz gain –homininoek nola, noiz eta zergatik sortu zuten harrizko tresnen manufaktura–, zientzialari honek harrizko tresnen elaborazioaren eta balizko erabileraren atzean dagoen biomekanika aztertzen du (eskuen eta eskumuturren kontrola eta morfologia funtzionala). Era berean, primateen arkeologiaren arloko adituekin lankidetzan, homininoek izan zezaketen portaerari buruzko eredu ebolutiboak eraikitzen ari da.

Turkana aintziraren inguruko aurkikuntza iraultzaileak

2011n, Kenyako ipar-mendebaldeko Gran Rift haranean dagoen Turkana aintziraren ertz idorretan, Sonia Harmand arkeologoak eta bere ikertaldeak industria litikoaren ordura arteko ebidentziarik zaharrenak aurkitu zituzten; ebidentzia horiek 3,3 milioi urte zituzten. Aurkikuntza hori gaur egun Lomekwi-ko aztarnategia deitzen den tokian egin zen, eta, harrigarria bada ere, erregistro arkeologikoaren hasiera 700.000 urte atzeratu zuen.

Nabarmena izan da halako tresna zaharrek komunitate espezializatuaren eta publiko interesdunaren artean sortutako zalaparta, besteak beste, José María Bermúdez de Castro paleoantropologoak adierazi duen bezala, «erakusten baitigute oraindik asko dugula ikasteko gure iraganik urrunenari buruz». Ideia bera laztanduz, artikuluaren egileetako batek, Chris Lepre geologoak, honela zioen: «Aztarnategi osoa harrigarria da, egiatzat jotzen genituen gauza askoren historia berridazten baitu».

Ikertaldeak Nature aldizkariko artikuluan azaldu zuenez, harrizko 149 tresna aurkitu zituzten, besteak beste, lauzak, kolpatzeko erabilitako harriak eta ingude funtzioa bide duten beste harri batzuk. Sonia Harmand-ek honako hau azpimarratu du, enfasi handia jarrita, behaketa garrantzitsua baita: «Berreskuratu genituen nukleoak eta lauzak zizelkatuta daude, inolako zalantzarik gabe, eta ez dira harri baten ustekabeko edo berezko haustura baten emaitza».

Adituak eta bere laguntzaileek diote, halaber, tresna horiek bereziak direla jada ezagunak direnekin alderatuta, ordura arte aurkitutako tresna zaharrenak baino askoz handiagoak baitira, hau da, Olduvai aldiko kulturakoak baino askoz handiagoak. Gainera, harrietan atzemandako markek erakusten dute erabilitako manipulazio teknikak oso oinarrizkoak zirela; izan ere, Sonia Harmandek azaldu duen bezala:

«[Modu eta] keinuek gogora ekartzen dizkigute txinpantzeek fruitu lehorrak irekitzeko harriak erabiltzen dituztenean egiten dituzten keinuak».

Industria litikoko katebegi teknologikoa

Beste datu interesgarri bat zera da, Lomekwiko tresnen azterketek iradokitzen dutela tresna horiek tarteko fase teknologiko bat islatu dezaketela, hau da, hominino zaharrenek erabilitako harria jotzeko teknikaren eta ondoren iritsi zen xafla eta ertz ebakitzaileak lortzeko portaeraren arteko katebegi moduko bat. Arrazoiketa hori bat dator Mary Nicol Leakey arkeologoak egindako iradokizunarekin; izan ere, ikusi dugun bezala, hark zera esaten zuen, Olduvai aldiko kulturaren aurretik askoz ere desantolatuagoak eta primitiboagoak izan behar zuten zizelkatze etapak egongo zirela.

Sonia Harmanden eta bere taldearen lanaren garrantzia honetan datza: desafiatu egiten duela erabat onartuta dagoen ideia, hots, tresnak egiteko teknika bat garatzeko gai izan ziren lehen homininoak Homo generoko kideak izan ziren ideia; izan ere, tresna horiek 2,8 milioi urteko antzinatasuna dutela kalkulatzen da gaur egun. Tresnak askoz zaharragoak direnez, zientzialari horrek eta bere laguntzaileek izen berri bat proposatzen dute, Lomekwy aldiko teknologia; teknologia hori Olduvai aldiaren aurrekoa izango litzateke eta, beraz, erregistro arkeologikorako hasiera berri bat markatuko luke.

Aipatzekoa da, garrantzitsu baita, aurkikuntza berrietatik nahiko argi ondorioztatzen dela Homo baino lehenagoko talde batek jada bazuela behar besteko gaitasun intelektuala tresna zorrotzak nola egin asmatzeko, eta, beraz, portaera teknologiko homininoak orain arte oso eztabaidatua izan den antzinatasuna izan zezakeela.

Ildo horretan, teknologia litikoan aditua den Robert Sala i Ramos Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Historiaurreko Saileko irakasleak eta IPHESeko (Giza Paleoekologiako eta Gizarte Bilakaerako Kataluniako Institutua) zuzendariak, aipatutako Cristina Saéz kazetari zientifikoari azaldu dio aurkikuntza oso esanguratsua dela, erakusten duelako Homo generoa baino lehenagoko homininoak «gai zirela nahita keinu bat errepikatzeko, eta, gainera, aurreikus zezaketela, kolpatzen ari ziren harria hautsiz gero, mozteko tresna bat lor zezaketela». Hori behin eta berriz azpimarratzen du adituak; izan ere, «gure ahaide bizi hurbilenek, hots, txinpantzeek, ez dakite hori egiten; tresnak erabiltzen dituzte, baina ez dakite tresna horiek eraikitzen».

Bestalde, Sonia Harmandek adierazi duenez: «Lomekwiko tresna zahar horiek argitu egiten dute homininoen portaeraren garai ustekabeko eta aurrez ezezagun hori, eta, beraz, asko esan diezagukete gure arbasoen garapen kognitiboari buruz –fosiletan bakarrik oinarrituta ezin zen ulertu garapen hori–». Eta aurrerago hau gehitzen du: «Luzaroan onartu zen Homo habilis espezieko kideak izan zirela tresnak egiten lehenak, eta gure aurkikuntzak ideia horri aurre egiten dio».

2017an, Sonia Harmand «eragin handiena duten 50 frantsesetako bat» izendatu zuen Vanity Fair aldizkariaren frantsesezko edizioak. Balio handiko sari hori jasotzerakoan, bere ikerketako beste alderdi batzuk aipatzeaz gain, Hamandek honako hau adierazi zuen:

«Denbora asko behar izan genuen gure lana Nature aldizkarian argitaratzeko. Hiru urte izan ziren […], baina [aldizkariaren zenbaki horren] azala egin ahal izan genuen, eta hori ez da maiz gertatzen, batez ere harrizko tresnei buruz hitz egiten duzunean. Abentura ez da amaitu –esan zuen amaitzeko–, aztarnategian indusketak egiten jarraitzen baitugu; uda guztietan joaten gara».

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Artikulua Mujeres con Ciencia blogean 2022ko urtarrilaren 18an argitaratu zen Científicas en el nacimiento de la industria lítica artikuluaren zati bat da.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. 1998az geroztik, homininoen genesi teknologikoaren berreraikuntzara bideratu du bere lana ikertzaileak, eta gaur egun, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakasle elkartua da. Bere lan garrantzitsuenetako bat […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.