Asteon zientzia begi-bistan #391

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

padura

Arkeologia

Duela 8.200 urte bi gradu jaitsi zen Kantauri itsasoaren tenperatura eta ikerketa batek orduko giza biltzaileek klima-aldaketa gogor hari emandako erantzuna aztertu dute. Gure kostaldean orduan gertatutakoa 11.700 urteetako klima-aldaketa nabarmenena izan zen. Ikertzaileek azaldu dutenez, hozketa horrek kostako itsaskiak aldatzea ekarri zuen. Zehazki, El Mazo aztarnategiko moluskuen maskorrak aztertu dituzte, eta ikusi ahal izan dute espezie batzuen ugaritasunak gora egin zuela, baina beste espeziek batzuk, ordea, gutxitu egin zirela. Bakoitzak hotzarekiko zuen tolerantziari egotzi dizkiote aldaketa hauek. Espero dute ikerketa honek gaur egungo klima-aldaketaren ondorioak ulertzen lagunduko duela. Datu guztiak Ana Galarragaren eskutik Elhuyar aldizkarian.

Berrian Joseba Rios arkeologoak zuzendutako lan bat ekarri du Jakes Goikoetxea kazetariak. Neandertalen desagertzea hobeto ulertzeko eta osatzeko gauzatu den ikerketa burutu dute Riosek eta lantaldeak. Urteak daramatzate Kantauri aldeko Erdi Paleolitoko azken neandertalen aztarnak ikertzen. Duela 45.000 urtekoak dira haien arrastoen datazio gazteenak. Azaldu dutenez, Aranbaltzako (Barrika, Bizkaia) Erdi Paleolitoko neandertalak desagertu egin ziren, eta Akitaniatik joandako Chatelperron garaiko neandertalek ordezkatu zituzten. Hala ere, Garaizarrek argi utzi nahi izan du erantzun berriek galdera berriak sortzen dituztela eta ikerketa gehiago beharko direla hauei erantzuna emateko.

Aranzadiko eta EHUko ikertzaileek euskal kostaldeko itsasadarretako nekazaritza-hedapeneko paisaiak aztertu dituzte. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen du lur hauen eraldaketa izan dutela ardatz. Emaitzek erakutsi dute XVI. eta XIX. mendeen artean Euskal Herriko estuarioen paisaian eraldaketa handiak egin zirela nekazaritzarako lur berriak sortzeko. Beste eraldaketa batzuen artean, dikeak eta bestelako egiturak eraiki ziren, ur gazia sartzea saihestu eta, honela, lur berriak sortzeko. Hala, basadi gehienak lehortu eta polder edo erriberak sortu ziren. Ikertzaileek azpimarratu dute eraldaketa horiek garrantzia historikoa dutela, eta hauek dokumentatzeko eta babesteko beharra aldarrikatu dute.

Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. 1998az geroztik, homininoen genesi teknologikoaren berreraikuntzara bideratu du bere lana ikertzaileak, eta gaur egun, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakasle elkartua da. Bere lan garrantzitsuenetako bat Turkana aintziraren inguruko aurkikuntzak izan ziren. Izan ere, industria litikoaren ordura arteko ebidentziarik zaharrenak aurkitu zituzten. Azalpenak Zientzia Kaieran: Sonia Harmand, Turkana aintzirako arkeologoa.

Biologia

Juanma Gallego kazetariak, enara azpizuria hegaztiak habiak non kokatzen dituen jakiteko Aranzadik martxan jarri duen programa bati erreparatu dio. Zientzia herritarra deituriko egitasmo bat da eta hegazti honen nondik norakoak ezagutze du helburu. Enara azpizuriak (Delichon urbica) Afrikan ematen du negua, baina urtero bueltatzen da Euskal Herrira udaberrian, hemen habiak egitera. Bada, sare sozialen bidez, herritarrek hiru gauza egin ahal izango dituzte animalia hauen inguruko informazioa eskuratzeko: habiari argazki bat atera, habiaren kokapena seinalatu eta, azkenik, argazkia eta datu osagarri horiek sare sozialetan zabalduko #azpizuria traola erantsita. Azalpenak Alea aldizkarian: Auzokide hegalarien errolda

Teknologia

Platinoaren ordez burdina darabilen hidrogenozko erregai-pila garatzeak aukera onak eskain diezaioke energia berdeari. Hori da Londresko Imperial College zentroko ikerketa-talde baten lanak erakutsi duena hidrogeno erregai-pilak garatu ondoren. Prototipo honek erraz eskura daitezkeen eta merkeagoak diren materialak darabiltza eta ikertzaileek ikusi dute ohikoak baino jasangarriagoak direla. Datu guztiak Ana Galarragaren eskutik Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Charles Dickens idazle ingelesak testu batzuk idatzi zituen kode propio bat erabiliz, eta proiektu batek hauek deszifratu nahi ditu. Brakigrafia teknikan (hitzen laburdurak erabiliz) oinarritutako kode bat erabili zuen Dickens-ek, besteak beste, «Tavistock gutuna» idazteko. Gutun honek 150 urte baino gehiago daramatza New Yorkeko Morgan Liburutegi eta Museoan gordeta, eta, orain arte, inork ezin zuen bere gakoa aurkitu. Orain ordea, munduko toki guztietako hainbat pertsona aritu dira honen inguruan lanean, eta denen ekarpenei esker, partzialki ebatzi da gutunaren esanahia, edukiaren % 70 inguru. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua.

Geologia

‘Into the Ice’ (Izotzerantz) euskal espedizioa Amerikako hego muturreko glaziarretan ibili da ikerketa zientifiko zabal bat egiten. Zehazki, Darwin mendikatean ibili dira, Hego Amerikako hirugarren izotz eremu handienean. Eñaut Izagirre glaziologoa bere doktorego-tesia egiten ari da eta bere lana sistema glaziar horren egoera aztertzea zen. Eremu horretako Roncagli glaziarraren behealdean bi argazki kamera eta beste bi sentsore jarri zituzten glaziar horren joera ikusteko. Izagirrek azaldu duenez, lau urteko epean ia kilometro bat atzeratu da glaziarraren aurrealdea, 400 metro azken urtebetean. Espedizioan gertatutakoa dokumentatzen aritu dira bideokamera bidez, eta udazkenean ikus-entzunezkoa aurkeztu nahi dute, Mendi Film zinemaldian. Azalpenak Berrian: Munduaren amaierako izotzetara bidaia.

Osasuna

Osalanen laborategiak lanpostuetako substantzia kimiko kaltegarriak aztertzen ditu. Gaur egun, arnasbideetatik sartzen diren sustantzietan jartzen dute arreta handiena, formaldehidoan, adibidez. Formaldehidoa kontrolatu beharreko substantzia da. Izan ere, sektore askotan erabiltzen da eta minbizia eragin dezake. Kromoaren aztarnak ere aztertzen dituzte; lan askotan dago sustantzia kimiko hau, eta Osalanen ikerketen arabera, kromoaren arnasketa bronkitis kroniko kasuekin lotzen da, baita minbizi kasu batzuekin ere. Datu guztiak Berrian: Formaldehidoaren usainean.

Medikuntza

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, argipean lo egiteak osasun arazoak sorrarazi ditzake. Ikerketa baten arabera, lo gauden bitartean logelan argia egonez gero, bihotz abiadura eta glukosa mailak handitzen dira. Honek, zenbait gaitz garatzeko arriskua handitu dezake, hala nola, bihotzeko gaixotasunak, diabetesa eta sindrome metabolikoa. Lehenago argitaratutako ikerketa batek jada aztertu zuen loaldian argiarekiko esposizioaren eta gehiegizko pisuaren arteko lotura. Ikusi ahal izan zutenez, argi gehiagorekin lo egitean, intsulinarekiko erresistentzia handitzen da hurrengo goizean, eta zelulek ez dute odoleko glukosa behar bezala jasotzen.

Metastasia eragozten lagun dezakeen antigorputz bat aurkitu dute. MCLA-158 izena jarri diote antigorputzari eta metastasia prebenitzeko farmakoak lortzeko baliagarria izan daitekeela uste da. Bartzelonako IRB ikerketa-taldeak zuzendu du azterketa, eta azaldu dutenez, tumore solidoen zelula amen zabalkundea eragozteko ahalmena du antigorputzak. Argiago esanda, minbizien zabalkundean giltzarri diren bi proteina atzematen ditu antigorputz honek. Alabaina, argi utzi nahi izan dute ikerketa gehiago behar izango dela.

Biokimika

Unibertsitatea.net webgunean Jon Luzuriagari egin diote elkarrizketa. Luzuriaga Biokimikan lizentziatu zen 2012an, eta Biomedikuntzan doktoratu ondoren irakasle bezala dihardu gaur egun UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultatean. Tesian kaltetutako nerbio-ehunak birsortzea izan zuen ikergai. Egun irakaslea de EHU, gustuko du irakaskuntza baina ikerketarekin jarraitzea ere funtsezkoa dela uste du: Jon Luzuriaga: “Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua”

Astronomia

2016an aurkitu zen planeta bat ez da benetan existitzen. Urte horretan Arizonako Unibertsitateko astronomo batzuek hiru eguzki zituen planeta baten aurkikuntzaren berri eman zuten. Azaldu zutenez, oso planeta gaztea zen (16 milioi urte besterik ez zituen), eta Centaurus konstelazioan zegoen kokatuta, Lurretik 340 argi-urtera. Alabaina, beste ikerketa-talde batzek frogatu dute akatsak egon zirela lehen behaketa horietan eta identifikatu zutena ez dela planeta bat, urrutiago kokatutako izar baten argi-seinalea baizik. Datuak Zientzia Kaieran: Inoiz existitu ez zen planeta.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.