1807an, Liverpoolen, 77 urteko emakume bat hil zen, J.S., urte askoan umetokian min akutua izan ondoren. Zenbait medikurekin kontsultatu zuen, baina inork ez zuen zergatia ikertzeko lanik hartu. Autopsiak erakutsi zuenez, pelbiseko eta abdomeneko organoak oso erasanda zituen. Hala ere, bera aztertu zuen azken medikuak, John Rutterrek, ez zuen inoiz pentsatu egiten zizkion miaketetan aurkitutakoak J.S.-k aipatzen zuen min maila handia azaltzeko bezain larriak zirenik.
Emakumea «urduri» zegoela eta horregatik bere agonia puztu egiten zuela ondorioztatuta, histeralgia diagnostikatu zion; etimologikoki, umetokiko mina. Termino hori, halabeharrez, histeriaren historiarekin lotuta dago eta, esaterako, Wikipediako orrialde honetan irakur ditzakegun horri buruzko diagnostiko eta tratamenduek barre eginaraziko digute, haserrea pasatzen zaigunean.
Medikuek ez zuten inoiz serio hartu J. S.-ren mina, emakumea zelako. Hori are iraingarriagoa da gizonen kasuarekin alderatuz gero; azken horiek diotena sinesgarriagotzat eta neurrizkoagotzat jotzen da, deskribapen soiltzat eta kausa larriekin lotutzat. Joera horri minaren arloko genero arrakala deitzen zaio, eta, horren atzean, osasunarekin lotutako estereotipoak daude; emakumeen gorputzari buruzko diskurtso medikoetan eta emakumeen gaixotasunak gutxiestean sustraitutako estereotipoak. Zorionez, arrakalari eta berau areagotzen duten aurreiritziei buruzko ikerketan lortutako ebidentziek mito horiek deuseztatzen dituzte.
Emakumeen minaren gutxiespena
Gero eta azterlan gehiagok erakusten dutenez, emakumeek mina adierazten dutenean joera hori izateak diagnostikoan eta ondorengo tratamenduan eragin negatiboa du. Emakumeen min fisikoa serio hartzen denean, profesional txar batek asmatutzat edo puztutzat jo eta irribarre gutxiesgarria egiten ez duenean, haren osasuna eta ongizatea nabarmen hobetzen dira. Deigarria da Ameriketako Estatu Batuetako larrialdi unitateetan emakumeek, abdomeneko mina dutela azaldu ondoren, batez beste gizonek baino 16 minutu gehiago itxaron behar izatea botikak jasotzeko, eta, mina arintzeko lehen aukera gisa tratamendu hori jasotzeko dituzten aukerak % 7 txikiagoak izatea. Aurreko aukerak dira: baso bat ur hartzea, arnasa hartzea, antsiolitiko bat hartzea eta «lasaitu zaitez» entzutea.
Erresuma Batuko azterlanek erakusten dutenez, emakumezkoen mina gaizki interpretatzearen ondorioz –adibidez, antsietatearekin nahastea–, emakumeek bihotzekoa izan ondoren diagnostiko okerra jasotzeko dituzten probabilitateak % 50 handiagoak dira. 2020an endometriosia zuten emakumeei egindako inkesta batean ikusi zenez –eta horretaz ari garela, batez beste zazpi-bederatzi urte igarotzen dira diagnostikatu arte–, min ginekologikoa buruko osasun arazoekin lotzearen ondorioz kasuen % 50ean atzerapenak sortu eta diagnostikoak galdu ziren.
Hori baino errealitate onartezinago bat ere badago: gutxiengo kaltebera batzuek mina adieraztean sortzen diren aurreiritziak. Adibidez, emakume beltzen minaren pertzepzioaren aurrean dagoen joera arrazistaren ondorioz, mina ez da aintzat hartzen eta diagnostikoak atzeratu egiten dira, batez ere, amen osasunaren eta ugalketa osasunaren arloetan.
Munduan, emakumeek gizonek baino min kroniko handiagoa izaten dute. Planeta osoko emakumeengan mina eragiten duten gaixotasunen karga handitu denez, erantzun klinikoetan dauden desparekotasunen arrazoiak eta ondorioak ulertzea, jorratzea eta behar bezala ezabatzea ezinbestekoa da. Sinesmen faltsuez ohartzeak, diagnostiko prozesuetan generoa kontuan hartzeak eta minaren arloko ezberdintasunen oinarri biologiko eta psikosozialei buruz gehiago ikertzeak emakume askoren bizi kalitatea hobetzen lagunduko lukete. Osasunaren zaintzan erabateko genero berdintasuna lortzeko, medikuntzak bere iragana aztertu ere egin behar du. Kasu historikoek erakusten dutenez, generoarekin lotutako minaren arloko mitoek oraindik ere indar handia dute, baita aurrerapen zientifiko eta biomediko asko egin ondoren ere.
Minaren gaia genero ikuspegi berria
Histeria, diagnostiko gisa, erabat zaharkituta dagoen arren, osasun profesional batzuek oraindik aipatzen dute, emakume baten min adierazpenak sinesgarriak iruditzen ez bazaizkie eta jaramon handirik ez zaiela egin behar uste badute. Ezgaitasun profesional horren aurrean, generoarekin lotutako minaren arrakala desagerrarazteko ahaleginak egin eta heziketa eman behar da. Ildo horretan, minaren gaia genero ikuspegi berri horretatik lantzen duten ekimen asko daude. Halako ikerketetan, besteak beste, minaren neuronen jarduera genetikoa aztertzen ari dira. Horrek botika esperantzagarrienak identifikatzen lagundu dezake eta, halaber, gizonen eta emakumeen minak ezberdinak direla erakusten du. Diana Tavares-Ferreirak eta haren kideek erronka horiek guztiak planteatu zizkioten beren buruari eta beren ondorioak 2022ko otsailean argitaratu zituzten (Tavares-Ferreira et al., 2022). Min kronikoarekin aktibatzen diren neuronak hautemateaz gain, aintzat hartu gabe zegoen nerbio sistemako zelula mota bat (Schwann-en zelula) deskubritu zuten azterlanean. Horrek erakusten du minaren pertzepzioari buruz asko daukagula ikasteko oraindik.
Min kronikoak, definizioaren arabera 12 astetik gorako iraupena duen minak, Erresuma Batuko heldu guztien ia erdiari eragiten dio. Mundu mailan, min hori duten pertsonen % 70 inguru emakumeak dira. Munduko biztanleak zahartzen ari diren neurrian, gero eta premiazkoagoa da tratamendu eta terapia berriak aurkitzea, adinekoen artean min kronikoa izatea ohikoagoa delako.
«Arratoiekin egindako minaren inguruko azterlan gehienetan, gizakientzako helburu farmakologikoak bilatzen direnean, nolabaiteko egokitzapen falta bat sumatu da», dio Diana Tavares-Ferreirak. Espezieen arteko ezberdintasunei buruz gehiago ikasteko, berak eta bere taldeak beren gorpua zientziari eman zioten hildako zortzi pertsonaren minaren neuronak mapatu zituzten eta, gero, aurkikuntza horiek arratoiekin eta tximinoekin lortutako datuekin alderatu zituzten.
Minaren seinaleak neurona espezializatuen bidez transmititzen dira gorputz osoan hedatzen diren zuntzekin, baina zelula horien zati nagusiak bizkarrezurreko gongoilak deitutako taldeetan daude. «Minerako botikak garatzeko proiektu askoren ardatza neurona periferiko horiek dira», dio Theodore Price-k, azterlanaren egilekideak. «Min kronikoa duten paziente gehienen kasuan, neurona horiek eragiten diete mina». Taldeak transkriptomika espaziala deitutako metodo bat erabili zuen zelula bakoitzean aktibo jarraitzen duten geneak zehazteko. Horrek erakutsi zuenez, gizakien minaren errezeptoreak mota guztietako minei erantzuteko prestatuta daude –adibidez, beroa edo min mekanikoa–; karraskarien minaren errezeptoreak, berriz, espezifikoagoak dira. Ezberdintasun horien inguruan gehiago ikertuz gero, gizakiengan funtzionatzeko probabilitate handiagoko botiken bilaketan aurrerapausoak eman ahal izango dira. Espero izatekoa da hori izatea atlasak hobetu eta gure espeziearen min sistemaren molekulen arkitektura hobeto ulertzen laguntzeko azterlan askoren abiapuntua.
Gizakien laginetan sexuarekin lotutako ezberdintasunak aurkitu ziren, esaterako: CGRP proteina kodetzen duen genea aktiboagoa izan zen emakumeen neurona taldeetan gizonenetan baino. Dirudienez, CGRPa migrainak izateko faktore garrantzitsua da eta horiek emakumeei gizonei baino hiru bider gehiago eragiten diete.
Oraindik ez dago argi zer proteinak bereizten dituzten minaren errezeptoreak. Hainbat motatako minen sorreran esku hartzen dutenak zein diren argituz gero, mina kentzeko botikak garatzeko aurrerapauso nabarmena emango litzateke; 2022ko azterlan hau gizakien neurona sentsorialak erabili dituen lehenengoetako bat da, eta, horri esker, neurona sentsorialen lehenengo atlasa egin ahal izan da. Mapa horiek minari buruz jakin behar dugun guztia azalduko ez diguten arren, abiapuntu on bat dira.
Minaren prozesua gizonen eta emakumeen arabera bereizteko bultzada hori mugimendu zabalago baten parte da; sexua biomedikuntzako ikerketako aldagai garrantzitsutzat jotzen duen mugimendu baten parte. Horrela, azterlanek, gizonezkoek osatzen duten erdiari bakarrik erreparatu beharrean, aukera guztiak barne hartuko dituztela bermatuko da. 2016an funtsezko aldaketa bat gertatu zen, Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak (NIH) dirulaguntzen eskatzaileei honako baldintza hau ezarri zienean: esperimentuetan erabilitako animalien sexuaren hautaketa justifikatzea.
Botikak berdinak minaren jatorria ezberdina izanda
Gaur egun, farmazia merkatuak denontzat analgesiko berak eskaintzen ditu. Baina minaren jatorria ezberdina bada, botika batzuk pertsona batzuentzat eraginkorragoak izan daitezke beste batzuentzat baino. Are gehiago, gerta daiteke hormona mailek gorabeherak dituztenean beste analgesiko batzuk behar izatea. Gainera, pertsonaren sexua beti ez dator guztiz bat gizon eta emakume kategoriekin: ezaugarri multzo batek baldintzatzen du, eta, horren barruan sartzen dira genetika, garapen anatomikoa eta hormona-mailak.
Duela gutxi argitaratutako artikulu batean, Parisa Gazerani, Anna Maria Aloisi eta Hiroshi Ueda ikertzaileek ordura arte gai honen inguruan jasotako ebidentzia guztia bildu zuten (Gazerani et al., 2021). Horrez gain, mina aztertzeko sexua eta generoa kontuan hartuko zituen ikuspegi berri batean oinarritzearen balioa sustatu nahi zuten, baita ezagutza hori praktika klinikoan ezartzea ere. Haiek gainbegiratutako argitalpenen artean, arlo honetako aukeren eta arrakalen espektroaren eta etorkizun ez urrunean edukiko dituzten aukeren ikuspegi bat ematen duten batzuk aipatuko ditugu:
- Zin-ek eta bere taldeak opioideen bidezko terapiarekiko atxikidura adinaren eta generoaren araberakoa dela erakutsi zuten. Ondorioztatu zutenez, mina kentzeko opioideak erabiltzen zituzten gizonezko pazienteek atxikidura txikiagoa zuten, hau da, tratamenduarekiko konfiantza eta aplikazioaren iraupena txikiagoak ziren.
- Migrainaren tratamenduari buruzko artikuluak ere nabarmenduko ditugu; izan ere, esan dugun bezala, nahasmendu horrek emakumezkoengan prebalentzia handiagoa du. Gainbegiratutako ikerketek ez zuten sexuaren araberako erantzun ezberdinei buruzko irtenbide biribilik ematen, ez migrainetarako farmakoterapia sintomatikoaren ez prebentiboaren kasuan, oinarrizko ikerketako aurkikuntzetan eta sakabanatutako kasu klinikoetan sexuan eta generoan oinarritutako ondorioak atera ziren.
- Beste adibideetako bat Cecarelli et al.-ena da. Agerian utzi zutenez, sistema endokannabinoidea estradiolaren maila zirkulatzaileen eraginpean dago. Estradiol maila handia denean, emakumezkoen artean sistema kannabinoidea eraginkorragoa da. Azken finean, azterlan honetako aurkikuntzek nabarmentzen dutenez, sexua botika berrien eraginkortasun analgesikoa probatzeko aldagai garrantzitsua da.
- Fibromialgiaren alderdi batzuk imitatzen dituen min orokorreko eredu bat hartuz, alodinia mekanikoan (ukitzean mina izatea, hau da, laztanek ere mina ematea) eta estimulazio elektrikoarekiko hpersentikortasunean sexuarekin lotuta dauden ezberdintasunak ikertu zituzten. Ikertzaileek, zenbait metodo aplikatuz, minarekiko hipersentikortasunaren atzean dauden dimorfismo sexualaren mekanismoek nola funtzionatzen duten erakutsi zuten. Aurkikuntza interesgarrietako bat mikroglia tartean zegoela ikustea izan zen. Behin eta berriz egindako garuneko tratamenduek eragindako min orokortua saihestu zuten arratoi arren kasuan, baina ez emeenean. Azterlan horrek adierazten du emakumeen eta gizonen kasuan minak eta hipersentikortasunak mekanismo ezberdinak jartzen dituztela martxan, sexuak tratamenduaren aurreko erantzunean eragin nabarmena izan dezakeela eta zelula ez neuronalak –adibidez, mikroglia– faktore garrantzitsuak direla.
- Bukatzeko, Ferentzik eta bere taldeak frogatu zutenez, gizon gazteen minaren atalasa eta tolerantzia maila emakumezkoena baino nabarmen handiagoa zen eta bihotzaren zehaztasun interozeptiboa ez zen lotu minarekiko sentikortasunarekin.
Egile guztiek gizonengan eta emakumeengan inplikatutako balizko mekanismoak azpimarratzen dituzte eta, nabarmentzen dutenez, gaur egungo aurkikuntzek minaren ikerkuntzan eta tratamenduan generoa, sexua eta adina kontuan hartzen lagundu dezakete. Arrakala honi buruzko kontzientzia sortzea, ikertzaileen jakin-mina piztea, ikuspegi berriaren balioa, potentziala eta mugak onartzea eta mina aztertzeko oinarriak sakonago ulertzen laguntzea funtsezkoa da.
Iain Chessel-ek, AstraZenecaren (Cambridge) lehendakariorde eta neurozientziako arduradunak iragartzen duenez, etorkizuneko analgesikoak pertsona bakoitzaren arabera egokituko dira eta sexua preskripzio pertsonalizatu horietako faktore giltzarri bat izango da. Baina oraindik hori lantzen ari dira. Fida gaitezen zientziaz eta espero dezagun zientzia emakumeek minari buruz esaten dutenaz fidatzea.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Gazerani, P., Aloisi, A.M., Ueda, H. (2021). Editorial: Differences in Pain Biology, Perception, and Coping Strategies: Towards Sex and Gender Specific Treatments. Frontiers in Neuroscience 15. DOI: 10.3389/fnins.2021.697285.
- Tavares-Ferreira, D., Shiers, S., Ray, P.R., Wangzhou, A., Jeevakumar, V., Sankaranarayanan, I., Cervantes, A.M., Reese, J.C., Chamessian, A., Copits, B.A., Dougherty, P.M., Gereau, R.W., Burton, M.D., Dussor, G., Price, T.J. (2022). Spatial transcriptomics of dorsal root ganglia identifies molecular signatures of human nociceptors. Science Translational Medicine, 14 (632). DOI: 10.1126/scitranslmed.abj8186.
Egileaz:
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko martxoaren 29an: “La brecha del dolor“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
2 iruzkinak
[…] Minaren arloko genero arrakala zera da, medikuek sentitzen duzun mina serio ez hartzea, emakumea zarelako. Honen atzean, osasunarekin lotutako estereotipoak daude, emakumeen gaixotasunak gutxiestean sustraitutako estereotipoak, adibidez. Estatu Batuetako azterlan batek ikusi zuen larrialdi unitateetan emakumeek gizonek baino 16 […]
[…] zientzia egingo den», adierazi du Londa Schiebingerrek zientziaren historialariak. Ikerketetan, ikuspegi ahaztu horren adibide asko ditugu: nahiko ohikoa da sendagaiak sagu arretan soilik probatzea eta emakumeak saiakuntza klinikoetatik […]