Zeltek beldur ikaragarria zuten zerua haien gainean eroriko ote zen; hori diote gutxienez autore klasiko batzuek. Izu hori Asterix eta Obelix-en komikietan ere ikusi ahal izan da, Abraracurcix-ek berak aipatzen du, zenbait liburuetan, beldur diola bai meteorito bai ekaitz izugarri moduan etor litekeen edozein mehatxuri.
Ez da bat ere harrigarria beldur izatea, zeruan gertatzen diren fenomenoak kontrolaezinak baitira eta, batzuetan, haien dimentsioak guztiz suntsitzaileak baitira; ekaitzak, tornadoak eta asteroideak kasu.
Eguzki-sisteman, eguzkiaz eta planetez gain asteroideak eta kometak dauzkagu. Azken biak, oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, hurrenez hurren, eta eguzki-sistemako gorputz txikien taldekatzeak dira. Asteroide-gerrikoa Marte eta Jupiter artean 3 bat unitate astronomikora (UA, non 1 UA = 149,6 milioi km) dagoen disko zirkunestelarra da. Bertan 900.000 asteroide antzeman ditugu eta ezagunenen artean Zeres, Palas, Vesta, Higia eta Juno daude. Baina nahiz eta kopuru hori handia izan, asteroide-gerrikoaren material guztia ilargiarenaren %4 da, gutxi gorabehera; beraz, asteroide-dentsitatea ez da oso altua. Pentsatzen da balitekeela bertan planeta bat eratzen hasi izana eguzki-sistema sortzen ari zenean, baina Jupiter lehenago sortu zen (izatez, sortzen lehenetarikoa izan zen) eta haren perturbazio grabitatorioak ez zuen planeta-eraketa hori ahalbidetu.
Kuiperren gerrikoa, ordea, askoz ere urrunago dago, Neptunotik haratago; Eguzkitik 30 UAra hasi eta 50 UAra amaitzen da, gutxi gorabehera. Disko hau ere eguzki-sistemako gorputz txikiez osatuta dago, baina gorputz horiek konposatu lurrunkor (metanoa, amoniakoa, ura…) izoztuez osatuta daude; hau da, kometak dira. Asteroide-gerrikoa bezala, ekliptikaren planoan dago diskoa, baina zaila da bertako objektuak sailkatzea, oso behaketa gutxi existitzen baitira. Disko honen parte dira, esaterako, Pluton eta bere ilargi Caronte, edo Haumea eta Makemake planeta nanoak. Objektu horiei guztiei, eta are urrunago dauden objektu guztiei, TNO deritze, ingeleseko Trans Neptunian Objects-etik eratorritako izendapena.
Bisitatutako asteroideak
Objektu horietatik batzuk hurbiletik aztertu ahal izan ditugu misio espazial askori esker. 2001eko otsailean, NEAR Shoemaker misioak Eros bisitatu zuen. S motako asteroide honek 17 km-ko diametroa dauka, eta zunda espazial batek orbitatutako eta lur hartutako lehenengo asteroidea izan zen. Hurrengoak, Itokawa izenez, S motakoa baita ere, 300 m-ko diametroa du eta Hayabusa misioak bisitatu zuen 2005eko azaroan. Misio hau, sample return mision (laginak lurrera bueltatzeko misioa) zen, eta horrela egin zuen. Izatez, lehena izan zen hori egiten.
Geroago, Toutatis bisitatu zen. Behaketa hori fly-by (gain-hegaldi) baten ondorio izan zen: Chang’e 2 espazio-ontzia ilargira zihoala bertatik pasatu zen eta Toutatis-en argazkiak atera zituen 2012 urtean. Bitartean, Dawn misioak asteroide gerrikoko bi gorputz bisitatu zituen: Vesta eta Zeres; lehenengoa, 263 km-ko diametrodun asteroidea, eta, bigarrena, 473 km-ko planeta nanoa. 2011ko abuztutik 2012ko maiatzera arte Vesta orbitatzen ibili zen, eta jasotako datuekin mapa topografiko oso zehatza eraiki ahal izan zen. 2015ean Zeres-era heldu zen eta 2018ko urrira arte egon zen bertan datuak hartzen eta behaketak egiten.
Bukatzeko, Ryugu eta Bennu, C motako asteroideak ere bisitatu ditugu. Ryugura Hayabusa 2 misioa heldu zen 2018ko ekainean eta, laginak hartzeaz gain, bi rover ere eraman zituen haren gainazaletik ibiltzeko. Bennura, ordea, OSIRIS-Rex misioa joan zen eta 2020ko urrian heldu zen. Uste da 60g lagin hartu zituela, baina 2023an dago aurreikusia horiek lurrera heltzea eta orduan jakingo dugu zein den dakarren kantitate zehatza eta zerez osatuta dagoen.
Baina ez ditugu asteroideak bakarrik bisitatu, kometa bat orbitatzeko gai ere izan gara gizakiok, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa. Mugarri hau lortu zuen misioa Rosseta izan zen 2014 urtean. Rossetak kometa orbitatu zuen, eta, horrez gain, kometan lur hartu ere egin zuen zeraman Philae zundak. Misioaren amaieran, Philaeren lurrartzetik urtebetera, espazio ontzi nagusiak ere, Rossetak, lur hartu zuen kometan.
Talkak Lurrean
Hala ere, gu ez gara bakarrak izan bisitak egiten, asteroideek ere gu bisitatu gaituzte eta haien talkak izan ditugu Lurrean, besteak beste Chelábinsk-eko bolidoa, Tunguska-ko talka edo dinosauroen desagerpena ekarri zuen asteroidea. 2013ko otsailaren 15ean, Errusian, zehazki Cheliábinsk hirian, 15m-ko diametrodun meteoroide batek 500 kilotoneko energia askatu zuen eztanda izugarria eginez. Hori bezalako objektuak urtean zenbait alditan erortzen dira, baina 30-50 km-ko altueran erretzen dira. Cheliábinsk-ekoak, ordea, beherago askatu zuen energia gehiena, eta, beraz, uhin hedakorrek kalte ugari eragin zituzten hirian. Zorionez kalte gehienak materialak izan ziren, zenbait zauritu egon baziren ere. Talka honen ondorioz 5.000 kg meteorito jaso ahal izan ziren, zatirik handiena 650kg-koa izanik.
Hura baino 105 urte lehenago, 1908ko ekainaren 30ean, inoiz erregistratu den talka gertaerarik handiena gertatu zen Tunguskan. Horrek ez du esan nahi historian gertatutako handiena izan denik, handiagoak egon direla baitakigu, baina bai erregistratutako handiena dela. Haren tamaina 50-190m-koa izan zen eta askatutako energia 10-15 megatonekoa. 80 milioi zuhaitz bota zituen, eta horrela 2.150 km2-ko azalera suntsitu. Zoritxarrez, urria da gertaera horri buruz daukagun informazioa, oso urruneko eremu batean gertatu baitzen eta duela 100 urteko teknologiak egungoak baino muga gehiago zituelako.
Talkekin bukatzeko, Chicxulub-en duela 65 milioi urte gertatutako eta dinosauro eta beste espezie askoren desagerpena ekarritako talka dugu. 10 – 18 km inguruko bolido batek 180 km-ko diametroko kraterra utzi zuen Mexikoko Yucatan-eko golkoan eta 100 teratoneko energia askatu zuela estimatzen da. Talkak ondorio katastrofiko eta suntsitzaileak izan zituen. Alde batetik, megatsunamiak gertatu ziren, talka golkoaren uretan gertatu baitzen. Baina sakonerako handiko urak ez zirenez, sakon harrotu zen itsas azpiko materiala, atmosferan gora eginez lehenengo eta, ondoren erortzean, lurrazalaren kontra talka berriak eraginez. Gertaera horiek suteak, lurrikarak, talka uhinak eta abar ekarri zituzten. Azkenik, atmosfera hautsez eta errautsez bete eta 30 urteko iluntasuna ezarri zen Lurrean. Horrek berotegi efektu dramatikoa eta fotosintesiaren etenaldia izan zituen ondorio gisa. Hortaz, lurreko animalia-espezieen %75 desagertu zen.
Defentsa planetarioa
Zorionez, guk badaukagu garai hartan ez zegoen zerbait: defentsa planetarioa! Horretan dihardute espazio-agentzia batzuk; planetara hurbiltzen diren objektu denak ikuskatzen eta sailkatzen, haien arriskuak balioesteko eta lurra defendatzeko planak garatuz. Plan eta proiektu horien artean AIDA programa daukagu, zeinetan NASA eta ESA elkarlanean ari diren. Programa honen barruan DART (NASA) eta HERA (ESA) misioak daude, helburu nagusitzat asteroide baten orbita desbideratzea dutenak. Baina ez Lurrarentzat arriskua izan daitekeelako, probarako saio moduan baizik.
NASAren DART misioa iazko azaroaren 24an aireratu zen. Haren helburua da 2022ko irailean edo urrian Dydimos asteroideak eta bere ilargi Dimorphos-ek osatzen duten sistemara heltzea, eta azken honen aurka talka egitea. Talka horren ondorioz, Dimorphosen ibilbidea apur bat desbideratuko dela espero dute. Desbideraketa egiaztatze aldera, HERA misioa joango da berriro haraino urte batzuk geroago, 2024 urtean, eta gertatutakoaren datuak hartuko ditu, talkak ilargiaren gainazalean utzitako ondorioak eta ilargiaren ibilbide “berria” aztertzeko. Azkenik, Dimorphos-en lur hartuko du. Beraz, AIDA programak asteroide mehatxagarri baten bidea aldatu ahalko ote genukeen eta horren ondorioak zeintzuk izango liratekeen erakutsiko digu.
2016. urtetik lurrera hurbiltzen diren eta potentzialki arriskutsuak diren objektu denak behatu, jarraitu eta sailkatzen dira, kontrolpean edukitzeko eta, benetako arrisku bat egotekotan, gertakariei aurrea hartzeko. Hortaz, badauzkagu gure planeta asteroide baten talka-mehatxutik defendatzeko baliabide batzuk, eta garapenean dauden beste batzuk. Oraingoz lasai egon gaitezke, ez baitago asteroide mehatxagarririk agerian, askotan egunkariek aurkakoa diotela badirudi ere.
Egileez:
Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) eta Itziar Garate Lopez (@galoitz) UPV/EHUko Fisika Aplikatua Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideak.
1 iruzkina
[…] Barrado eta Itziar Garate asteroideen talkak suposatzen duten mehatxuaz jardun dira Zientzia Kaieran. Asteroideak eta kometak oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, Marte eta […]