Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian
Ane Portillo Blancok irabazi du dibulgazio-artikulu orokorraren saria aurtengo CAF-Elhuyar sariketan, “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia” lanarekin. Biokimika ikasi zuen Portillok, eta gradua amaituta bigarren hezkuntzako masterra egin zuen. Orain, tesia egiten ari da hezkuntza-ikerketan. Dibulgazioa ere asko interesatzen zaio, eta lagun batek eta berak “Lo que no subrayas” podcasta sortu zuten. Biozientziei buruzko podcast umoretsu bat da, bitxikerietan eta ikasketetan bazterrean geratzen diren kontuetan oinarrituta. Gainera, CAF-Elhuyar sarietan izan duen harrerak balio izango dio etorkizunean, agian horretan ere aritu daitekeela pentsatzeko.
Klima-aldaketa
Itsas mailaren igoeraren ondorioak neurtzeko tresna bat aurkeztu du AZTIk. Marlit proiektuaren barne sortu dute tresna, Lurraren berotzearen ondorioz kostaldeko herrietan sortutako arriskuei irtenbideak bilatzeko helburuarekin. Honela, olatuen parametroak eta horien talka neurtzeko tresnak sortu dituzte, bai eta talka horien indarra neurtzen duen sentsore bat eta olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak ere. Miarritzen, Bermeon, Donostia eta Zarautzen ari dira neurketak egiten. Behin olatuek egin ditzaketen kalteak kalkulatuta, horiek arintzeko neurriak diseinatzen jardun du taldeak. Jone Arruabarrenak azaldu du Berrian.
Antropologia
Begoñako hilerrian 5.000 gorpu topatzea espero du Aranzadik abendurako. Urte hasieran hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea Begoñako hilerrian indusketak egiten, udalak parke bat egin nahi baitu hilerriaren lekuan. Hasierako aurreikuspena 1.000 gorpu inguru aurkitzea zen, baina 2.926 topatu dituzte dagoeneko. Emaitza hauek ikusirik, ikertzaileek uste dute agian beste 2.100 gorpu gehiago egon daitezkeela. Anartz Ormaza Aranzadiko ikerketa-proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, uste zuten gorpuak bi geruzatan zeudela antolatuta, baina zenbait eremutan bost geruza aurkitu dituzte. Honek egin du uste baino gorpu gehiago aurkitzea.
Osasuna
Tximino baztangaren beste kasu bat azaldu da, kasu honetan, Donostian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, gizon gipuzkoar bat da, eta Euskal Herritik kanpoko beste kasu batzuekin lotura epidemiologikoa du. Halere, aurreratu dute ez dagoela egoera larrian. Azalpen guztiak Berrian.
Lehentasunak zehaztu dituzte tximino-baztangaren Afrikatik kanpoko agerraldien ikerketan. 1970an jakin zen tximino-baztangaren birusak gizakiak infektatzen zituela, eta garai hartatik gaur egunera arte, ez da inoiz hainbeste jende kutsatu birusaren eremu endemikotik kanpo orain bezala (Afrika mendebaldea eta Kongoko arroila). Horregatik, ikertzaile-talde batek fenomenoa ikertzeko lehentasun zientifiko eta sozialak zehaztu dituzte. Lehenik eta behin, ikertzaileen ustetan, argitu beharko litzateke Europan lehendik ari ote zen hedatzen tximino-baztanga. Gainera, lehentasuna eman diote komunikazioa zaintzeari, bidezkoa izan dadin, eta ez estigmatizatzailea. Honetaz aparte, gaixotasuna pertsonetara nola iristen den ikertzeari ere garrantzia eman diote.
Eskoliosia bizkarrezurraren makurdura eta ornoen okerdura da, eta, batez ere, haurrei eta gazteei eragiten die. Izan ere, hauek hezurrak sortzeko, osatzeko eta heltzeko prozesuan daude. Bihurdura honen jatorriari buruzko bi teoria daude. Bataren arabera, orno bat edo batzuk, garatzean, kubo itxura izan beharrean, trapezoide itxura hartzen dute, eta gaineko ornoak okertzen eta bihurritzen hasten dira. Besteak dio ornoen arteko diskoa aldatzen dela, eta horrek ornoen arteko desoreka eragiten duela. Arazo honi ariketen eta kortseen bidez egiten zaio aurre gehienetan, baina kasurik larrienetan, kirurgia ere erabiltzen da. Jakes Goikoetxeak azaldu du Berrian: Ornoak sigi-sagan.
Surflariekin lotutako lesio bat da entzunbideko exostosia. Lesio hau zera da, ur hotzetan denbora luzez egoteak hantura eragiten du belarriaren barneko hodian, eta hezur suntsiketa mikroskopikoa sortu dezake. Ikerketek erakutsi dutenez, urarekin kontaktuan egoteak eragiten du exostosi izatea, eta ur hotzak azkartu egiten du agerraldi hori. Honela, surflarien % 80k exostosi-graduren bat izan dezake. Gai honen inguruan gehiago jakiteko, “Surfa eta Zientzia” programaren barruan antolatutako hitzaldia ikus daiteke, eta Zientzia Kaieran dago eskuragarri.
Biologia
Berrian irakur daitekeenez, munduko landarerik handiena aurkitu dute Australian. 2.000 kilometro karratuko azalera estaltzen du eta 4.500 urte ditu. Posidonia australis du izena landareak, eta urtez urte 35 bat zentimetro hazten da, batez beste. UWA Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dutenez, itsasoko belardietan dauden 200 kilometro karratuak landare kolonizatzaile bakar batetik hedatu direla dirudi. Gainera, erresistentzia handiko landarea dirudi, tenperatura, gazitasun eta muturreko argi baldintza askotarikoetan bizi behar izan baitu hainbeste ahazteko.
Armiarma klase berri bat topatu dute Nafarroan, Bardeetan, zehazki. Gabriel de Biurrun biologo iruindarrak egin du aurkikuntza eta Liocranidae agroeca istia izena jarri zaio. Bi sexutako 21 banako aztertuta deskribatu du espezie berria. Gainera, bildutako informazioa mapen bidez erakusten duen erreminta bat ere sortu du sarean armiarmazaleentzat, eta makrofotografia sistema bat ere ondu du ikerlariak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian kontsultatu daiteke.
Beleak munduan zehar erabat zabalduta daude. Ikertzaile talde batek korbidoen historia ebolutiboan arakatu dute arrakasta honen zergatia ulertzeko, eta, ikusi dutenez, munduan zabaldu baino lehen, beleek hiru ezaugarri garrantzitsu eskuratu zituzten: gorputz handiagoak, hegal luzeak eta garun tamaina handiak gainerako gorputzarekiko. Jakina da korbidoak hegazti oso argiak direla. Besteak beste, txinpantzeen antzera, janaria eskuratzeko makilatxoak erabiltzeko gai dira, eta laborategian problemak jartzen zaizkienean, bele batzuek izugarrizko gaitasunak erakutsi dituzte. Gainera, beleen kasuan, mokoetan forma berriak garatzea oso lagungarria izan zitzaielako ideia dute ikertzaileek. Azalpenak Zientzia Kaieran: Beleen inperioaren arrakastaren gakoak.
Europako hegaztien migrazioen online atlasa sortu du EURING erakundeak. Bertan, Europan habia egiten duten 300 hegazti-espezieren migrazio-ibilbideak eta mugimenduak kontsulta daitezke online. Lan aitzindaria da Europa mailan, ez baitago hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio hain zehatzarekin aldera daitekeen ekimenik. Gainera, Atlas hau egiteko datuak eman dituzten bulegoen artean, Aranzadiko Eraztun Bulegoa dago. Migrazio-bidaiez eta birharrapaketez gain, hegazti espezie bakoitzerako egindako fitxak ere kontsulta daitezke. Fitxa bakoitzak Europako populazioen egoerari, joerei eta mehatxu-kategoriei buruzko informazioa jasotzen du. Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.
Astronomia
Bizigaia izan daitekeen biomolekulen sintesirako lehen pausoa zein den argitu dute espazioko hauts kosmikoa ikertuta. Astronomiako Max Planck Institutuko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta espazioko baldintzak laborategian errepikatzen saiatuz, peptidoen sintesi kosmikoari azalpena eman diote. Proposamen berri honen arabera, peptidoen sintesi prebiotikoan aminoazidoak sintetizatu eta polimerizatu ordez, zuzenean aminozetena sintetizatzen da, eta hortik abiatuz sintetizatzen diren peptidoak. Peptidoek funtsezko papera dute bizitzaren jatorrian eta, beraz, peptidoak Lurrera nola iritsi ziren azaltzeko bideak bizitzaren jatorria argitzen lagundu dezakete. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Teknologia
Munduan ekoitzitako hidrogenoaren % 90-95 inguru metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzetik lortzen da. Prozesu hau modu industrialean urrats hauetan banatuta egon ohi da: gas naturalaren garbiketa, beroketa-prozesua, labe erreformatzailea, ur-lurrunaren bihurketa eta hidrogenoaren bereizketa. Prozesuko elementurik garrantzitsuena labe erreformatzailea da, zeina bi eskualdetan banatuta dagoen: erreaktorea eta errekuntza-ganbara. Erreaktorean, ur-lurrun bidezko erreformatze katalitikoa gertatzen da, tenperatura eta presio altuak erabiliz. Errekuntza-ganbaran berriz, erreakzio katalitikorako beharrezkoa den energia lortzen da errekuntza-prozesu baten bidez. Normalean, erreformatze-prozesuaren amaieran, metanoaren bihurketa % 74-85 artean egon ohi da, eta purutasun handiko hidrogenoa lortzeko, hidrogenoaren bereizketa egiten da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea, hidrogenoa lortzeko.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.