Ane Portillo, hezkuntza-ikertzailea: “Ikerketatik gehien gustatzen zaidana sorkuntzaren alderdia da”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ane Portillo Blancok irabazi du dibulgazio-artikulu orokorraren saria aurtengo CAF-Elhuyar sariketan, lan honekin: “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia”. Pozik hartu ditu epaimahaiaren erabakia, eta horren harira komunikabideek eman dioten arreta. Gustura kontatu du, beraz, nola iritsi den horraino.

Haren arabera, txikitan argi zuen irakasle izan nahi zuela, baina etxean oso zientziazaleak ziren: “Esperimentuak egiten genituen etxean, ahizpak geologia ikasi zuen… Hortaz, zientzia beti izan dut inguruan eta betidanik gustatu izan zait. Gainera, trebea nintzen horretan. Horregatik, batxilergo zientifikoa egin nuen, biologiaren aldetik, teknologia ez baitzait gehiegi gustatzen. DBH4an biokimikako edukiak sartzen hasten dira: zelula, mitosia… eta batxilergoan gehiago sakontzen dira gai horiek. Niri asko gustatzen zitzaizkidan, eta UPV/EHUko ate irekietan biokimikako irakasle batekin hitz egin nuen. Sartzeko nota oso altua zen, baina, ezin banuen, hor neukan irakaskuntza ikasteko aukera ere”.

Ane Portillo
Irudia: Ane Portillo Blanco, Biokimikan graduatua eta hezkuntza-ikertzailea. (Argazkia: Elhuyar)

Biokimikan sartzea lortu zuen, eta, aitortu duenez, asko gozatu du. “Gauza da ez dudala nire burua laborategian ikusten. Praktikak egin nituen medikuntzako laborategi batean bi udatan, eta gradu amaierako lana ere han egin nuen; eta interesgarria iruditzen zait, baina ez da niretzako. Irakaskuntza nahiago nuen; hortaz, gradua amaitu nuenean bigarren hezkuntzako masterra egin nuen, UPV/EHUn hori ere, eta amaierako lanaren nire zuzendariak kontratu bat eskaini zidan. Urtebeteko kontratu bat zen, ikertzeko, eta, hura egitean, kateatuta geratu nintzen”.

Hainbeste, ezen orain tesia egiten ari baita, proiektuen diseinuaz, DBH eta batxilergorako. “Gehien gustatzen zaidana sorkuntzaren alderdia da, irudimena erabiltzea”. Bestalde, biokimika ikasten ari zela, ez zekien hezkuntzan ere ikerketa egiten zenik. “Beraz, kontratuarekin taldean lanean hasi nintzenean, beste mundu bat zabaldu zitzaidan, eta ni gogotsu sartu naiz”, onartu du Portillok. Nolabait, hasieratik zituen bi zaletasunak edo bokazioak bateratu ditu: zientzia eta hezkuntza.

Zientzia, hezkuntza eta dibulgazioa

Etorkizunean, ikerketan jarraitu nahiko luke. Oraingoz, doktoretza-beka du, eta, gero ere, badaki ikerketan jarraitzeak beka bat bestearen atzetik bilatzea dakarrela. “Baina ikerketa amaitzen bada, poz-pozik joango naiz irakaskuntzara”. Gainera, COVID-19a dela eta, ez zuen masterra amaitzeko praktikak egiterik izan; beraz, badu ikasleekin egoteko eta ikasitakoa praktikan jartzeko gogoa. “Oraindik hiru urte ditut aurretik, baina, bi aukeretatik edozein gustura hartuko dut”.

Halaber, dibulgazioak ere asko asebetetzen du. Graduan zebilenean ere ikasten zuena kontatzea gustatzen zitzaion. “Hain polita iruditzen zitzaidan, nahi nion jendeari azaldu. Neurri batean, uste dut oso lotuta dagoela irakasle-senarekin. Eta itxialdian egon ginenean, zer egin nezakeen pentsatzen aritu nintzen, eta dibulgazio-ikastaro bat egitea erabaki genuen Aitziberrek [Velado Eguskiza] eta biok”.

Hortik sortu zen bien artean egiten duten podcasta: “Lo que no subrayas” (Azpimarratzen ez duzuna). Azaldu duenez, biozientziei buruzko podcast umoretsu bat da, bitxikerietan eta ikasketetan bazterrean geratzen diren kontuetan oinarritua. “Biok tesia egiten ari garenez, zaila egiten zaigu denbora topatzea, baina oso gustura egiten dugu”.

Denbora hartzea zaila bazaio ere, lortu du CAF-Elhuyar sarietarako artikulu bat idaztea ere. Ahaleginak ordaina izan du, saria irabazi baitu, eta, gainera, idazten asko gozatu zuela adierazi du: “Gaia bururatu zitzaidanetik, ezin izan nion horretan pentsatzeari utzi, eta ikaragarri gozatu dut prozesu osoan. Gainera, ilustrazioen egilea, Miren Biotz Goiriena Barrena, txikitako laguna dut, eta artikuluak aukera eman dit berekin harremanetan jartzeko, ideiak trukatzeko eta elkarrekin lan egiteko. Eta orain paperean argitaratuta ikustea, eta jendearen interesa piztu duela jakitea, ikaragarria izan da”.

Hala, saria bultzada bat izan da dibulgazioan jarraitzeko, eta, etorkizunean, agian horretan ere aritu daitekeela pentsatzeko. “Antza, ez dut hain gaizki egiten, eta gustuko dut. Beraz, zergatik ez!”.

Fitxa biografikoa:

Ane Portillo Blanco 1997an jaio zen, Berangon (Bizkaia). UPV/EHUn Biokimika eta Biologia Molekularra ikasi ondoren, irakaskuntza masterra egin zuen eta geroztik hezkuntza-ikerketan jarraitu du bidea. Doktoretza hasi berri du STEAM proiektuen sorkuntzan bigarren hezkuntzarako eta, aldi berean, zientzia-dibulgazioan murgildu da “Lo que no subrayas” proiektuaren bidez.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Ane Portillo Blancok irabazi du dibulgazio-artikulu orokorraren saria aurtengo CAF-Elhuyar sariketan, “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia” lanarekin. Biokimika ikasi zuen Portillok, eta gradua amaituta bigarren hezkuntzako masterra egin zuen. Orain, tesia egiten ari da hezkuntza-ikerketan. Dibulgazioa ere asko interesatzen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..