Listu-tanta baten kutsatze-ahalmena

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Birus baten transmisio-ahalmena da gaixotasun infekziosoak aztertzeko kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenetariko bat. Birus gehienak ahotik transmititzen dira. Pertsona batek eztul, hitz egin edo doministiku egiten duenean, kutsatzeko ahalmen handia duten zenbait partikula edo listu-tanta botatzen ditu ingurunera.

UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika sailean listu-tanta baten portaera ikertu dute. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketak COVID-19 gaixotasunaren bizi dugun antzeko pandemia egoera baten aurrean erabakiak hartzen lagun diezaguke.

Tanten lurruntzea bertan gertatzen diren faktoreen araberakoa da, eta, ondorioz, gaixotasunaren transmisioa aldatu egiten da. Lan honen helburua da simulazio konputazionalen bidez, listu-partikula baten portaera zein den aztertzea ingurumen-ezaugarri desberdinetan.

Listu-tanta
Irudia: Listu-tanta baten lurruntze-prozesua. Partikula ingurunean askatu ondoren, lurruntze-prozesua listu-ura lurruntzen hasten da. 5 µm-ko diametroa lortzen duenean, aerosola bihurtzen da eta ondoren hondakin bilakatzen da. (Irudia: Ugarte-Anero, A., et. al. (2022)-tik eraldatua)

Fluidoen dinamikan oinarritutako simulazio konputazional bat garatu dute (CFD-Computational Fluid Dynamics), listu-tantak airean zein portaera duen aztertzeko, eta hortaz, pertsona batek hitz, eztul edo doministiku egiten duenean txistu-tanta hori airean nola mugitzen den aztertzeko. “Simulazioa ingurune kontrolatu eta arrunt batean egin genuen; alegia, ez genuen doministiku egitean askatzen diren partikula guztiak aztertu baizik eta eremu itxi bateko partikula bakar baten azterketan oinarritu gara. Horretarako, 0 eta 100 mikra bitarteko tantak jaurti ditugu 1,6 metroko altueratik —distantzia horretara dago gizakiaren ahoa gutxi gorabehera— , eta kontuan izan ditugu tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina”, azaldu du Unai Fernández Gamizek.

“Emaitzek erakutsi dute —dio Ainara Ugartek— giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diotela lurruntze-prozesuari. Beraz, listu-tanta baten portaeran kontuan hartu beharreko faktoreak tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina dira. Lurruntze-denbora handiagoa da giro-tenperatura txikiagoa denean. Diametro txikiagoko partikulak berehala lurruntzen dira, eta diametro handienekoak, berriz, denbora gehiago behar dute”. “100 mikra inguruko partikula handi batzuk 60-70 segundo egon daitezke airean, eta, printzipioz, distantzia handiagora garraiatzen dira; beraz, baliteke pertsona bat igogailu batean doministiku egin, pertsona hori igogailutik irtetea eta partikulek, ordea, igogailuan jarraitzea. Horregatik da garrantzitsua bi metroko segurtasun-distantzia ingurune itxietan, COVID-19 gaixotasunaren kasuan. Aztertutakoaren arabera, badirudi distantzia hori arrazoizkoa izan daitekeela Covid-19ren kasuan kutsatze gehiago saihesteko. Horri hezetasuna ere gehitu behar zaio. “Ingurune heze batean, lurruntzea motelago gertatzen da, eta, beraz, kutsatzeko arriskua handiagoa da, partikulek denbora gehiago irauten baitute airean”, gehitu du Ugartek.

UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileak bat datoz honako honetan: “oinarrizko ikerketa da, baina, aldi berean, ezinbestekoa, etorkizunean egoera askoz konplexuagoak aztertzeko aukera emango baitigu. Orain arte, tanta bakar baten dinamika aztertzean eraikin baten zimenduak aztertzen aritu gara”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Listu-tanta bakar baten kutsatze-ahalmena aztertu dute lehen aldiz

Erreferentzia bibliografikoa:

Ugarte Anero, Ainara; Fernandez Gamiz, Unai; Portal Porras, Koldo; Zulueta, Ekaitz; Urbina Garcia, Oskar. Computational characterization of the behavior of a saliva droplet in a social environment. Sci Rep 12, 6405 (2022). DOI: 10.1038/s41598-022-10180-5

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.