Bakterioak, listua eta oxitozina ugari: zergatik gabiltza ba musuka?

Rocío Pérez

Demagun taberna batean zaudela lagunekin, eta urrundik ikusten duzula lagun bat. Neska ala mutila, hori zure kontu. Elkarri begiratu eta une bat igaro ondoren, zuregana dator, tu pixka bat botatzen du bere eskura eta dastatzeko eskaintzen dizu. Nazkagarria ezta? “Horixe baietz” esango lukete gehienek.

Ba ez harrotu zeren horrelako zerbait egiten baitugu elkarri musua ematen diogunean. American Journal of Medicine aldizkariko artikuluan esaten da musu bat behar bezala ematen den bitartean, bikote batek besteak beste 0.9 ml ur eta 0.71 mg gantz trukatzen direla batez beste.

Era berean, 300 espezietako 10-1.000 miloi bakterio trukatzen dira. Organismo hauen %95ak ez du gure osasunaren aurka egiten, baldin eta gizaki horrek badauka immunitate-sistema bere onean. Haietako batzuk ordea arriskutsuak izan daitezke, eta talde horretan daude besteak beste arnas-sistemari eragiten dionak edo herpesa.

1. irudia: Oso eskuzabalak omen gara musua elkarri ematerakoan: besteak beste, 300 espezietako 10-1.000 milioi bakterio inguru trukatzen baitigu.

Hau da, objektiboki nazkagarria izateaz gain, arrisku bat ere badakarkio osasunari. Eta hala ere, oso atsegin zaigu ezta? Zergatik hori? Onuragarria ere izan beharko du nolabait, eta zientzia hamarkadetan ibili da musuak aztertzen, filematologia izeneko esparruaren barruan. Baina alde batera utzita tu kantitateak, konposatu organikoak eta bakterioak, zenbait erantzun aurkitu dira dagoeneko:

Instintiboak ala ikasiak ote dira musuak?

Barne senak bultzatzen gaitu musuak ematera, ala kanpotik geureganatzen dugu ohitura? Ez dakigu ba oraingoz erantzuna. Izan ere, ikerketa batek jakitera eman du munduko kulturen erdira ere ez direla iristen musu erromantikoak egiten dituztenak. Horrek esan nahi luke talde kontu bat dela musua; horretaz gain, ikusi izan da beste primate batzuek iskanbilak baretzeko erabiltzen dituztela musuak. Badakizu “egin maitasuna, ez gerra”.

Nondik sortu ote ziren musuak?

Esan bezala, musua ez da kultura guztietan erabiltzen, baina kultura gehienetan azaltzen da ordea antzerako portaera bat: aurpegiak hurbildu, eta maiz kontaktuan mantentzen dira luzaro. Hurbiltasuna, intimitatea, babesa eta maitasuna daude tartean. Nola sortu ziren horrelako jokaerak?

Agian janaria aho batetik bestera helarazteko ohituratik sortuko zen. Izan ere, hala egiten du amak, bere kumeak edoskitzaroari bukaera ematekotan dabiltzanean: janaria erdi murtxikatua ematen die, kumeek oraindik ez dauzkatelako hortzak behar bezain garatuak. Antzerako zerbait egiten diete espezie batzuetako arrek emeei, gorteiatzean.

2. irudia: William Jankowiak antropologoak 2015ean zuzendu zuen ikerketak plazaratu zuen, aztertutako 168 kulturetatik bakarrik %46ak ezagutzen eta erabiltzen zuela musua modu erromantikoan edo sexu harremanarekin lotuta. Gizarte batzuetan musua ez da desio hizpide eta, adibidez, Brasilgo Menihaku tribuko kideek nazkagarria dela uste dute.

Hala ere, ez dakigu oraindik benetako arrazoia

Nahiko izango ote litzateke atsegin zaigula esatea? Hori ez litzateke izango oso azalpen zientifikoa. Hona hemen ganora handiagoko azalpen bat: gure ezpainek nerbio-bukaera asko dituzte, eta musuan aktibatu egiten dira amaiera horiek. Horrek burmuinari eragiten dio eta hainbat substantzia sintetizatzen direlarik, ondo sentitzen gara eta hala jarraitu nahi dugu. Hauek dira substantziak:

  • Dopamina: heroinak eta kokainak estimulatzen dituzten zonalde berberak estimulatzen dituelarik, euforia eta adikzioa eragiten dizkigu.
  • Oxitozina: estimu eta atxikimendu sentipenak eragiten ditu, eta erditzean eta edoskitzaroan ere sintetizatzen da.
  • Serotonina: berdin sintetizatzen da musuan eta asaldaketa obsesibo-konpultsiboa pairatzen duten gizakiengan.

Ondorioz, euforia, estimua eta adikzioa sumatzen dira musuan.

Orduan zertarako balio du musuak?

Normalean gure gorputzak sentipen oneko saria ematen digu onuragarria den zerbait egiten dugunean. Adibidez, doministikuak arindua dakarkigu, milaka mikrobio kanpora bota ostean. Zentzuzkoa izango litzateke beraz musuan gertatzen diren hormona-dantza horiek onuragarriak izatea.

Argitu gabe dago oraindik kontua, baina Oxfordeko Unibertsitateko Rafael Wlodarskik ikertzaileak The Effects of Romantic Love on Mentalizing Abilities artikuluan aditzera eman zuen ugalketa-laguna aukeratzeko modu bat izan litezkeela musuak. Izan ere, hormonek eta beste osagai kimiko horiek guztiek indikatzaile modura joka dezakete, gu ohartzen ez bagara ere. Horrela, musu horien arabera joko lukete aurrera edo ez gizakiek ugalketa prozesuan.

Behin bikotea eginda, ikusi izan da musuek erlaxatu egiten dutela, eta ikerketa batek aditzera eman du asetasun-sentsazioa eragiten dutela musuek. Sexu-harremanak beraiek baino eraginkorragoak izaten dira horretan, eta gainera, behera jaitsiarazten dute estresa eta kolesterol maila.

—————————————————–

Egileaz: Rocío Pérez Benavente, (@galatea128) El confidencialen dago kazetari.

—————————————————–

—————————————————–

Itzultzailea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–——–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>