Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gizakiak ingurunean sortzen duen eragina nabaria da eta inongo zalantzatik kanpo dago. Horren adibide dira kutsadura, klima-aldaketa, lurzoruaren higadura, baso-soiltzea eta lehengaien agortzea besteak beste. Horregatik, eragin hau murrizteko helburuarekin Nazio Batuen Erakundeak (NBE) “Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)” aurkeztu zituen 2015. urtean eta tokian tokiko erakundeak proposamen horretara atxiki izan dira, gizakien beharrak asetzeko beharrezkoak dituzten baliabideen erabilera egoki eta jasangarria bultzatzeko eta hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzeko.

Helburu horiek lortzeko, fabrikazio-teknologia aurreratuek funtsezko zeregina betetzen dute, ez bakarrik nazio-ekonomien oparotasuna areagotzeari dagokionez, baizik eta baita Garapen Iraunkorrerako 9. Helburuari dagokionez ere: «industria-berrikuntza eta -azpiegitura». Alabaina, fabrikazio-prozesuak jasangarritasun-ikuspuntuaren arabera garatzea erronka konplexua da, besteak beste, enpresek helburu gisa garapen iraunkorra jartzen dutenean, xede hori zuzeneko edo epe laburreko etekinak lortzearekin kontrajarria delako sarritan.

Jasangarritasun-helburu horiek guztiak lortzeko jomugarekin, lekuan lekuko gobernuek plangintza ugari argitaratu dituzte, betiere herrialdeen arteko koordinazioa bilatuz. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda argitaratu du, EAEko egoerara egokitua. Agenda horretan, fabrikazio gehigarria (hemendik aurrera, FG) etorkizuneko fabrikazio eta ekoizpen jasangarriagoen garapena ahalbidetuko duen fabrikazio-prozesu bezala sailkatzen da, eta horregatik, lan honetan FGaren iraunkortasunaren azterketa gauzatu da.

Fabrikazio gehigarriak fabrikazio-modu berri bati ireki dizkio ateak, eta diseinu-askatasuna eta konplexutasun handiko piezen fabrikazioa ahalbidetzea dira teknologia horren arrakastaren giltzarri. Besteak beste, ondorengo onurak eskaintzen ditu FGak:

  • Lehengaien erabilera eraginkorra. Bukaerako pieza eskuratzeko fabrikazio-prozesuan zehar sortzen den hondakin kantitatea, mekanizazioarekin eta halako ohiko teknologiekin alderatuz, murriztu egiten da.
  • Produktuen diseinu-optimizazioa. FGko prozesuek, diseinua egokitzeko gaitasuna eskaintzeaz gain, material gutxiago erabiltzea dakarte.
  • FG prozesuaren berezko izaera: FGak energia kantitate handiak erabiltzen dituzten fabrikazio-prozesuak –hala nola forjaketa– baztertzeko gaitasuna dauka.
  • Hornitze-katearen sinplifikazioa: FGko prozesuen izaera digitala dela medio, FGko ekipoak bukaerako bezeroarengandik hurbilago koka daitezke, eta distantziatik kontrolatu. Hortaz, hornitze-kateak sinplifikatu egiten dira; hala, «0 km»ko fabrikazioa lortzen da, eta bitarteko biltegi- eta garraio-logistikak gutxitzen dira.
  • Produktuaren iraupena luzatzea: FGa piezen konponketarako edo xehetasun berriak gehitzeko erabil daiteke. Horrela, FGak piezen iraupena luzatzen du, eta fabrikazio jasangarriagoa eskaintzen.

Alabaina, FGak abantailak izan arren, ezin dira baztertu prozesu horrek ingurumenari begira dituen arriskuak. Piezen fabrikazioan erabiltzen diren hauts-formatuko lehengaiak oso kutsakorrak izan daitezke; ez bakarrik ingurumenaren jasangarritasunaren ikuspuntutik, baizik eta baita langileen osasunarenetik ere. Gainera, sortzen diren hondakinen tratamendua konplexua da, eta haien aurreko esposizio jarraituak osasun-arazoak ekar ditzake babes-neurri egokiak hartzen ez badira.

Fabrikazio gehigarriaren
Irudia: L-PBF bidez fabrikatutako sare-egiturak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Dena den, FGak abantaila nabarmenak eskaintzen ditu pieza konplexuen fabrikazioan, bereziki aeronautikako, automobilgintzako eta medikuntzako balio erantsi handiko piezen fabrikazioan. Hala ere, kasu bakoitza bere aldetik aztertu beharra dago, fabrikazio gehigarriak ohiko fabrikazio-teknologiekin alderatuz hobekuntzarik eskaintzen duen ala ez erabakitzeko eta energia-kontsumo eta materialaren erabilera eraginkorra bermatzeko.

Bukatzeko, azpimarratu beharra dago EAEko industrian fabrikazio gehigarriak duen garrantzia handitzeko, erakunde publikoen apustu argia dagoela; izan ere, seguru daude teknologia hori fabrikazio jasangarriagoaren giltzarria izango dela etorkizun hurbilean.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa: materiala aurreztea eta kontsumo energetikoa murriztea.
  • Laburpena: Gizakiaren ekintzen ondoriozko aztarna ekologikoaren eragina murriztearen garrantziaren kontzientzia globala hedatuta dago egungo gizartean, baina oraindik beharrezkoa da aurrerapausoak ematea. Egora horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aurkeztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean, industriaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren beharrizana azpimarratu behar da. Ildo horretan, fabrikazio gehigarria materialaren erabilera murriztu eta kontsumo energetiko jasangarriaren alde egiteko aukera ezin hobea da. Beraz, teknologia horrek eskaintzen dituen abantailen azterketa gauzatu da artikulu honetan, baina betiere ikuspuntu jasangarri batetik eta ohiko teknologiekin alderatuz.
  • Egileak: Jon Iñaki Arrizubieta, Olatz Ukar, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz, Naiara Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 155-171
  • DOI: 10.1387/ekaia.22141

Egileez:

Jon Iñaki Arrizubieta, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz eta Naiara Ortega UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileak dira.

Olatz Ukar Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Diseinu eta Industria Antolaketa Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.