Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ekologia
Frontiers in Ecology and the Environment aldizkariaren arabera, oraingo joerak berdin jarraituz gero 2100ean munduko espezieen % 37 egongo dira galzorian. Orain arte aurreikusten zena baino espezie gehiago, hain zuzen. Honen aurrean, ikertzaileek argi utzi dute biodibertsitatearen galera gaur egungo ingurumen erronkarik larrienetakoa dela, klima-aldaketa baino are gehiago. Hala ere, azaldu dute kontserbazio-ekintza azkar eta zabalak eginez gero % 25era jaits daitekeela ehuneko hori. Horretarako, alabaina, gune larrienak identifikatzea lortu nahi dute etorkizuneko ikerketaren bitartez. Datu guztiak Berrian.
Jose Javier Friasek liburu bat argitaratu berri du (Salburua, un año en la vida de los humedales), non Gasteizko Salburuako hezegunean behatutakoa marrazkiekin irudikatu duen. Liburu hau egiteko, bere ezagutzaz gain, SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak emandako datuak erabili ditu. Azaldu duenez, gainontzeko habitatetan bezala, Salburuan ere egoera okerrera doa, eta hegazti populazioa geroz eta urriagoa da. Arrazoi askorengatik ari dira gutxitzen animalia ohikoenak: klima-aldaketagatik, pozoiengatik, nekazaritzako pestizida eta herbiziden erabilera suntsitzaileagatik… Klima-aldaketak, zehazki, ziklo guztiak aurreratu ditu. Friasek hegaztien adibidea jarri du kasu honetan. Izan ere, hegaztiak jaiotzen direnean, intsektuak jada helduaroan egon daitezke. Horregatik, ezin dituzte txitak elikatu eta gosez hiltzen dira. Azalpenak Berrian: «Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da Salburuan».
Aste honetan Zientzia Kaieran Ibone Ametzagari egin diote elkarrizketa “Zientzialari” atalaren barruan. Ametzaga UPV/EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako koordinatzailea da, eta ekosistemen zerbitzuen inguruan ikertzen du gaur egun. Ekosistemen zerbitzuak naturaren bidez gizartearen ongizaterako lortzen ditugun onurak dira. Onura hauek bide ezberdinetatik lor ditzakegu eta mota askotakoak izan daitezke. Badaude onura ekonomikoak, giza-harremanei dagozkienak edo segurtasunarekin lotutakoak, adibidez. Gai honen inguruan gehiago jakiteko, ikus Zientzia Kaieran egin zaion elkarrizketa.
Geologia
Eremu bateko geodibertsitatea tokiko historia geologikoaren emaitza da. Testuinguru tektonikoak topografia kontrolatzen du, eta hala, mendi goragune handiak edo ingurune lau zabaletan garatuko den biodibertsitatea oso bestelakoa izango da. Gainera, zoruak inguru jakin batean finkatuko den landaredi mota zehaztuko du eta, horrenbestez, kate trofiko osoari eragingo dio. Ezaugarri hauek kontuan izanik, habitat desberdinak sortzen dira eremu desberdinetan. Honetaz gain, lurralde batean dagoen ura ere bertako ezaugarri geologikoen araberakoa da, eta honen menpe sortu daitezke lakuak, aintzirak, gisa askotako hondartzak edo eta labar malkartsuak. Honela, geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen arteko lotura bat ematen da. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Geodibertsitateak inguratzen gaitu.
Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, ikertzaile talde batek mineralak sailkatzeko metodo berria proposatu du, eratzen diren modua kontutan izanda. Sailkapen berri hau egiteko, Nazioarteko Mineralogia Elkarteak onartuak zituen 5.659 mineral espezie arakatu dituzte. Espezie hauez gain, ikertzaileek 10.556 mineral “mota” proposatu dituzte, mineral asko modu batean baino gehiagotan eratu daitekeelako. Horrela, mineralak sortzen dituzten 57 prozesu fisiko, kimiko eta biologiko identifikatu dituzte. Azterketa honetan bertan oso datu interesgarriak argitaratu dituzte, horietako batzuk mineralen adinarekin erlazionatuak. Ondorioztatu dute gutxienez 296 mineral Lurra bera baino aurretikoagoak dira. Horien barruan aurkitutako zenbait konposatu duela 7.000 milioi urte baino gehiago sortu zirela kalkulatu dute. Hau da, Eguzki Sistema bera baino zaharragoak dira.
Kimika
Gaur egun ezagutzen dugun izozkia Italian garatu zen Erdi Aroan, eta hortik hedatu zen Europara eta, ondoren, mundu osora. Hasiera batean, izozkiak elikagai sinplea ematen du, baina osagaiek beren artean sistema konplexu bat sortzen dute. Izotz-kristalek izozkiari sendotasuna eta gorputza ematen diote; aire-burbuilek ere eragina dute izozkiaren sendotasunean (izozkiaren %30-50 inguru izan daitezke); esne-gainak eta esneak aire-burbuilak egonkortzen dituzte eta urtze prozesua moteltzen dute; azkenik, azukreak izozkia gozatu eta gorputza ematen dio. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa.
Astronomia
Tom Broadhurst Ikerbasqueko astrofisikaria James Webb teleskopioaren lantaldearen parte izan da. Uztailaren 12an argitaratutako James Webb teleskopioak ateratako argazkiak, orain arte unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira. Broadhurst ikertzaileak parte hartu baitu teleskopio espazialak egindako kosmosaren sakonera handieneko irudiaren lehen azterketan. Hiru multzotan bana daitezke argazki horiek: WASP-96b exoplanetaren espektroskopia datuak, Hegoaldeko Eraztuna, Eta Carinae nebulosa eta Stephanen Boskotea galaxia multzoaren irudiak, eta espazio sakonaren argazkiak. Azken argazki hauekin, SMACS 0723 kumulua harrapatzea lortu dute, 4.600 milioi argi urtera dagoen objektua. Infragorrian inoiz aztertu den objekturik urrunekoena da hau. Informazio gehiago Berrian: Unibertsoa «handitu» du.
Medikuntza
EHUn garatutako nanopartikula bat probatuko dute AEBn. Iker Badiolak zuzenduriko EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab taldeak garatu du teknologia berri hau, eta gibeleko metastasia murrizteko %80 ko eraginkortasuna duela frogatu dute. Momentura arte saguetan egin dituzte entseguak, eta orain AEBtako Osasun Institutu Nazionalak aukeratu egin du, botika bihurtu aurretiko probak egiteko. Honi buruz gehiago jakiteko, Berrian bi artikulu daude eskuragarri: “Minbiziaren kontra EHUn garaturiko nanopartikula bat probatuko du AEBetako osasungintzak” eta “EHUn garatutako nanopartikula bat probatuko dute AEBetan”. Honetaz gain, Iker Badiola ikerlariari egin diote elkarrizketa egunkari berean. Badiolak azaldu duenez, nanopartikula hau aurrerapauso bat izan da koloneko minbiziaren arloan, eritasun horrek gibelean eragiten duen metastasia txikitzen baitu. Tumoreek oxigeno eta elikagai asko behar dituzte, eta hauek lortzeko, inguruan dauden odol hodiei deitzen die. Bada, nanopartikula hauek odol hodi horien hazkundea blokeatzen dute. Orduan, odol hodiak ez dira heltzen tumorera, eta tumoreak ez dauka gehiago hazteko gaitasunik.
Tumore hematologikoei erasateko erabiltzen diren immunoterapia motez jardun du Cristina Egizabal Biocruces ikerguneko eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko ikertzaileak. Egizabal tratamendu berri batekin ari da lanean. Tratamendu honetan NK zelulei CD-19 antigenoa sartzen zaie, eta, ondoren, zelula horiek pazienteari CAR-T tratamenduaren bidez ematen zaizkie. Modu horretan, antigeno horiek tumoreari eraso egingo liokete. Egizabalek azaldu duenez, ez da tratamendu berria bat, baina beste modu batera erabili izan dute orain arte. Gaur egun, aztertzen ari dira ea NK zelulak zein organismotatik atera ditzaketen, eraginkorrenak zein izan daitezkeen jakiteko. Tratamendua garatu ahal izateko, halaber, odol transfusioen beharra dagoela nabarmendu zuen, eta, alde horretatik, odola emateko deia egin zuen.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.