Erreproduzigarritasunaren krisia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela zenbait urte zientzia erreproduzigarritasunaren krisian murgilduta egon daitekeela ohartarazi dute. Zientzia-argitalpenen kopurua geroz eta handiagoa den arren, argitalpen horietako askoren kalitatea zalantzan jartzeko modukoa da eta, sarritan, ez da lortzen ikerketa batean ontzat ematen diren emaitzak errepikatzea. Hain zuzen ere, erreproduzigarritasuna edo emaitzak errepikatzea zaila edo ezinezkoa izatea geroz eta ohikoagoa dela dirudi. Krisi egoera honetatik zer ikasi ere badugula argi dago.

erreproduzigarritasuna""
Irudia: Metodo zientifikoaren oinarrietako bat da erreproduzigarritasuna. (Argazkia: Andrew Martin – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Egunotan inoiz baino gehiago hitz egiten da pentsamendu kritikoaz eta pentsamendu kritikoa izatearen garrantziaz. Pentsamendu kritikoaren oinarrian metodo zientifikoak egon behar du. Metodo zientifikoa helburutzat ezagutza sortzea duen sistema bat da eta bere oinarri-oinarrian bi euskarri ditu: faltsutzea eta erreproduzigarritasuna. Alde batetik, faltsutzearen oinarriak dio edozein teoria edo hipotesi zalantzan jartzeko modukoa izan behar dela eta posible izan behar dela behaketa esperimental bat diseinatzea teoria edo hipotesi bat gezurtatu ahal izateko. Faltsutzea azaltzeko adibide klasikoaren arabera, zisne guztiak beltzak dira gezurtatu daitekeen hipotesia da; izan ere, nahikoa litzateke zisne zuri bat behatzea hipotesia gezurtatzeko. Hala eta guztiz ere, faltsutzearen kontuak baditu hainbat ertz -César Tomék Cuaderno de Cultura Científica blogean azaltzen duen bezala– eta, laburtuz esango dugu, faltsutzearen oinarria jarrera bat dela beste ezer baino gehiago.

Beste alde batetik, metodo zientifikoaren bigarren oinarriari helduz, alegia, erreproduzigarritasunari, azaltzeko errazagoa da: tresna eta prestakuntza egokia duen edozein gai izan behar da behaketa edo esperimentu jakin batzuk errepikatzeko. Beste modu batera esanda, esperimentuak baliozkoak izateko errepikagarriak izan behar dira. Zenbait adituren arabera, egungo zientziak erreproduzigarritasunarekin arazoak ditu eta erreproduzigarritasunaren krisia delakoaren aurrean egon gaitezke. Ildo horretan, nabarmentzekoa da John Ioannidis-en 2005. urteko artikulua, zeinetan azaltzen duen zergatik diren faltsuak argitaratzen diren hainbat lan. Psikologiaren alorrean, esaterako, 2015. urteko lan batek kalte handia egin zuen -hobeto esanda, eztabaida areagotu zuen-. Urte horretan, psikologo talde bat 100 esperimentu errepikatzen ahalegindu zen eta ikerketen % 40a bakarrik errepikatzea lortu zuten.

Erreproduzigarritasuna eta iruzurra

Hori guztia oso modu argian azaldu zuten Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Joaquín Sevilla adituek La crisis de reproducibilidad en ciencia artikuluan. Zientzian beti egon da eta beti egongo da iruzurra, gizakion esku dagoen beste edozein arlotan bezala, baina, erreproduzigarritasun arazoak ez dira beti iruzurrarekin lotu behar. Pérez Iglesias eta Sevillak aipatzen duten moduan, kasu askotan baldintza esperimentalak ez dira zehaztasunez deskribatzen eta horrexegatik zaila izan daiteke emaitzak errepikatzea. Beste kasu batzuetan, zientzialarien joera okerrek edo aurreiritziek eragina izan dezakete esperimentuen interpretazioan. Aipatutako artikuluan, egileek diote erreproduzigarritasunaren balizko krisiaren arrazoietako bat ekoizpen zientifikoan gertatzen ari den kalitatearen murrizpenean egon daitekeela. Hain zuzen ere, geroz eta kaskarragoak diren lanak argitaratzeko arriskua handia da, egun argitalpen zientifikoak egiteko beharrak bultzatua, besteak beste. Kalitatea galtzen den neurrian, azkenean gerta daiteke errealak ez diren emaitzak argitaratzea eta, horrexegatik ezinezkoa izatea emaitza horiek errepikatzea.

Momentuz erreproduzigarritasunaren krisiak ez gaitu eraman krisiari aurre egiteko irtenbide zehatzak garatzera. Alabaina, badira ildo horretatik egindako zenbait saiakera. Esaterako, Iñaki Irazabalbeitiak Amaral eta Neves ikertzaileen lana aipatzen du, zeinetan prozedura esperimentalen definizio zehatza egiten den. Modu horretan, ikertzaileek datuak biltzen hasi aurretik definitzen eta deskribatzen dute zer izango den arrakasta esperimentala eta nola lortuko duten emaitzak errepikakorrak izatea. Kasu horretan, biomedikuntzaren arloko lanen erreproduzigarritasuna zen jomuga, baina, beste arloetan ere horrelako ahaleginak egin behar dira.

Zientzia eskasa argitaratzen dela onartu behar dugu, baita aldizkari entzutetsuenetan ere, eta ezinbestekoa da aldaketak egiten hastea. Gizarte-zientzian kasuan, adibidez, emaitzen erreproduzigarritasun eskasa aurresatea faktore gutxi batzuen menpe dagoela ikusi zuten Altmejd eta bere lankideek. Lagin txikien erabilera eta estatistikaren aplikazio desegokia izan ohi dira emaitza errepikaezinak lortzeko arrazoi nagusia. Zientzia-aldizkarietan kalitatezko argitalpenen aldeko neurri zorrotzagoak hartzen diren bitartean, arazoa egungo zientziaren egituran dagoela ulertu behar dugu. Ikertzaileen curriculumean argitalpen kopurua haien kalitatea baino garrantzitsuagoa den bitartean, ez da erraza izango erreproduzigarritasunaren krisiari aurre egitea.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.