Mary Malahlela, apartheidean bizi arren mediku lanetan aurrera

Emakumeak zientzian

Apartheid hitzak bereizketa esan nahi du afrikaans hizkuntzan, hau da, Hegoafrikan hitz egiten den hizkuntzan. 1948 eta 1992 artean legez indarrean egon zen arraza segregazioko sistema izan zen. Legez, arraza ezberdineko taldeek ez zuten toki berean bizitzerik, lan egiterik, ikasterik edo jolasterik. Pertsona zuriek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea. Zurien eta beltzen arteko ezkontzak eta sexu harremanak debekatuta zeuden. Diskriminazio horren helburua zen gutxiengo zuriak, biztanleriaren % 21ak, pribilegio egoerari eustea.

Garai hartan, Hegoafrikan emakume eta beltz izatea ez zen oso egoera egokia askatasunez eta duintasunez bizitzeko. Hala ere, horietako batzuk, Mary Malahlelak adibidez, muga horiek ezabatzea lortu zuten ikasteko, eta, modu murriztuan bada ere, hautatu zuten lanbidean jarduteko.

Mary 1916ko maiatzaren 2an jaio zen, Polokwanen (artean Pietersburg), Pedi talde etnikoan, Hegoafrikako iparraldeko landa-inguruan. Bere amak Susan Mautswane Malahlela zuen izena, eta bere aitak –maisua zena– Thadeus Chweu Malahlela. Familiak, kristautasunera bihurturik, herritik ihes egin behar izan zuen seme bikiak –Maryren anaia txikiak– erailtzeari uko egitearen ondorioz. Pedi talde etnikoaren kide ziren; tradizioz ume bikiak madarikaziotzat hartzen zituzten.

Mary Malahlela
1. irudia: Mary Malahlela Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izan zen. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Familia Roodepoort hirian finkatu zen, Johannesburgetik gertu. Han, aitak lehen hezkuntzako eskola metodista baten zuzendari izateari ekin zion. 17 urterekin, Maryk lehen hezkuntzako maistra titulua atera zuen.

Medikuntza helburu

1937an, South African Native College Alice hiriko goi mailako hezkuntzako erakundeak (Lurmutur Ekialdeko probintzia) –geroago Fort Hareko Unibertsitatea bilakatu zena–, Hegoafrikan ikasle beltzak onartzen zituen medikuntzarako lehenengo prestakuntza-ikastaroak proposatu zituen. Fort Hareko ikasle gailenen artean, geroago mugimendu independentisten eta Afrikako herrialdeetako gobernuen buru izango zirenetako batzuk aurkitzen dira: Nelson Mandela, Kenneth Kaunda, Oliver Tambo, Govan Mbeki, Julius Nyerere eta Mangosuthu Buthelezi, besteak beste​.

Malahlela osasun laguntzako ikastaroetako ikasleen lehen promozioan hasi zen, eta Johannesburgetik ia mila kilometrora dagoen Alicera lekualdatu behar izan zuen. 1941ean Witwatersrandeko Unibertsitateak ikasle beltzak medikuntza ikasketetan onartu zituenerako, Mary ondo prestatuta zegoen eta ikasketak finantzatzeko beka bakarretako bat lortu zuen. Esperientzia penagarria izan zuen erabateko gehiengo zuria zuen erakunde horretan. Ikasle beltzek, jakina, ikaskide zurietatik bereizitako egoitzak eta jantokiak zituzten. Ikasle beltzek ospitale «ez europarretan» egin behar zituzten praktika medikoak; ez zitzaien uzten paziente zurien erakustaldi klinikoak behatzen edo pertsona zurien gorpuetan anatomia ikasten. Malahlela gai izan zen bidegabekeria horiek guztiak gainditzeko, eta 1947an medikuntzako titulua lortu zuen. Hirugarrena izan zen bera: beste bi ikasle beltzek, Donald Moikangoak eta James Njongwe-k, urtebete lehenago amaituak zituzten medikuntza ikasketak. Malahlelaren graduazio argazkian bera ageri zen, emakume beltz bat, gizon zuri mordo baten artean. Tokiko egunkari batean azpititulu tamalgarri hau erantsi zioten irudi horri: Die Swart Gevaar, hau da, afrikaansez, «Arrisku beltza».

Mary Malahlela
2. irudia: Mary Malahlela mediku hegoafrikarra. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Barneko ikasle gisa aritzeko, Maryk berriz ere Hegoafrika zeharkatu zuen, eta Durbanera iritsi zen, KwaZulu-Natal-eko probintzian. Han, 1909an James eta Margarey McCord misiolari eta medikuek sortutako McCord ospitaleko pertsonalari batu zitzaion. Haren lana izan zen, batez ere, bertako komunitateetako pazienteak artatzea eta erizain beltzak gaitzea. McCordeko mediku arduradun zuriak harro-harro zeuden ospitalean nagusi zen «laguntzarako jarreraz». Alabaina, egoitzetan, jantokietan eta bainugeletan arraza bereizkeria zegoen, eta, Hegoafrikako gainerako lekuetan bezala, medikuen soldata larruazal kolorearen eta sexuaren araberakoa zen. Erantzukizun maila bererako, gizon zuriek zituzten soldatarik altuenak eta emakume beltzek baxuenak.

Lanbidean aritzeko mugak eta soldata murritzak ikusirik, mediku beltz gehienek kontsulta pribatuak zabaldu zituzten, eta Malahlela ez zen salbuespen izan.

1948an Wallie Xakanarekin ezkondu zen Mary, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Familia Kliptownen finkatu zen, Soweton. Bertan, bi kirurgia kontsultategi zabaldu zituen hurbileko komunitatea artatzeko. Bi urte geroago, gobernuak, apartheida aplikatuz, establezimendu horiek ixtera behartu zuen. 1950ean Guneetan Biltzeko Legea onartu zenean, Mary eta haren familia Dobsonvillera –Sowetoko errebalean– lekualdatu zituzten indarrean, zeina apharteidak gune beltz moduan izendatu baitzuen. Han, Malahlelak bizitza osoan komunitatea zerbitzatu zuen medikuntzaren bidez, askotan diru saririk jaso gabe, pobrezia handiko auzo batean.

Medikuntzaz harago

Medikuntzaz harago, Malahlela Afrikako gazteriari laguntzeko erakundeei lotu zitzaien. Bakearen alde eta apartheidaren aurkako borrokan aritu zen. Hegoafrikako Emakume Gazteen Elkarte Kristauko (South African Young Women’s Christian Association) kide fundatzailea izan zen, Roodepoorteko Eskola Batzordeko lehendakari eta Fort Hareko Unibertsitateko Kontseiluko kide. Zoritxarrez, ez zen bizi izan Hegoafrikako apartheidaren azkena ikusteko adina: 1981ean hil zen, bihotzeko batek emanda. Une horretan, Johannesburgeko landa eskualde batean paziente bat artatzen ari zen Nthato Motlana mediku eta apartheidaren aurkako aktibistarekin batera.

Maryk ez zuen 2015era arte aitorpen formalik jaso bere dedikazioagatik eta komunitateari eskainitako zerbitzuagatik, Witwatersrandeko Unibertsitateak bere omenezko plaka bat ezarri baitzuen urte hartan. Garai hartan erakunde hartako errektoreorde zen Adam Habibek pertsonalki barkamena eskatu zion Malahlelari, jasandako diskriminazioagatik. 2016an, bere jaiotzaren mendeurrenean, Malahlelak Hegoafrikako Gobernuaren hil osteko Baobabaren ordena jaso zuen «apartheid garaian hegoafrikarren gehiengo zapalduari zerbitzu medikoak ematen egindako ekarpen bikainagatik» eta «Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izateagatik».

Erreferentziak


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 18an: Mary Malahlela, la médica sudafricana que consiguió ejercer su profesión a pesar del apartheid.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.