María Arnaiz González CIC energiGUNEko ikertzaileak txikitatik izan da zientziazalea. Dioenez, seguru asko horretan eragina izan du bere familiak, aita fisikaria baita, eta ama, berriz, erizaina. “Aitak beti erakutsi dit interesa zientziekiko: lanera eramaten ninduen, familientzako irekitzen zutenean; parke teknologikoan ate irekiak egiten zirenean ere, elkarrekin joaten ginen…”, gogoratu du. Eskolan ere beti nahiago izan ditu zientziako ikasgaiak, letrak baino; eta, zientzien barruan, zenbakiak eta ekuazioak nahiago zituen, biologia baino.
Unibertsitateko ikasketak hautatzean, Ingeniaritza Kimikoaren alde egin zuen. “Baina hori ez neukan hain argi. Azken finean, zientzietako karrera pila bat daude, eta, batez ere, bi arrazoik bultzatuta aukeratu zuen: batetik, ingeniaritzek irteera asko dituztela, eta, bestetik, batxilergoan kimikako irakasle oso ona izan nuela. Dena dela, 17 urterekin pixka bat zoriz aukeratzen dugu, ez baitakigu ezer”, dio Arnaizek.
Gustura egin zuen gradua, baina gerora ohartu da agian ez zela lehen lekuan aukeratuko zukeena. “Jada karrera hasi aurretik gustuko nituen erregai-pilak eta halakoak; alegia, orain egiten ari naizena. Aldiz, karreran ez nuen horrekin zerikusia duen ia ezer ikasi. Bukatutakoan, CIC energiGUNEra etorri nintzen praktikak egitera, eta ordutik bai, nahi nuen horretan nabil”.
Azken finean, karreran, gaitasunak edo konpetentziak lantzen direla uste dut Arnaizek, eta horretarako oso baliagarria izan zitzaizkion Ingeniaritza Kimikoko ikasketak: problemak nola ebatzi, talde-lana… Jarraian doktoretza egin zuen, eta argi utzi du benetan dela gogorra. “Baina amaieran, lana idatzita duzunean, sekulako poza eta harrotasuna sentitzen dituzu”.
Profesionalki eta pertsonalki
Horrez gain, nabarmendu du atzerrira joatea oso aberasgarria izan zaiola, eta denei gomendatzen die esperientzia hori bizitzea. Unibertsitateko ikasle zenean, Erasmusen bidez, Turinera joan zen (Italia), eta doktoretzan, berriz, Alemanian izan zen. Egonaldi horietan, profesionalki ez ezik, pertsonalki ere asko ikasi duela onartu du, eta orain ere beti dago prest bidaiatzeko. “Lanean aukera badago kanpora joateko, berehala jasotzen dut eskua, nire burua eskainiz”.
Bere ikerketa-eremua nahiko maskulinizatuta dagoela aipatu du. CIC energiGUNEn genero-oreka badago ere, atzerrira joaten denean edo bileretan, ohikoa da gizonak izatea gehiengoa. Baina ez du nabari emakumea izateagatik zailtasun edo oztopo gehigarriak dituenik. Izatekotan, generoagatik baino gehiago, gaztea izateagatik sentitu da noizbait gutxietsita edo baztertuta. “Azkenean, zure lanaren eta ahaleginaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain ozena eta garrantzitsua dela”, adierazi du.
Ildo horretatik, azaldu du lankide bat eta biak STEM sare batean daudela, eta Innobasqueren eskutik ikastetxe batera joan zirela, ikasleei erakustera badirela emakume ikertzaileak, baita energia-arloan ere. Horrelako ekimenak ugaritzen ari direla iruditzen zaio, eta, beraz, itxaropentsu azaltzen da etorkizunarekiko.
Maila pertsonalean, bere nahia ikertzen jarraitzea da, eta, zaila dela badakien arren, bere ametsa da lantzen ari den proiektuak aurrera ateratzea eta gizarteari ekarpena egitea.
Fitxa biografikoa:
María Arnaiz González Gasteizen jaioa da, 1993an. Ingeniaritza Kimikoa egin zuen UPV/EHUn, eta, jarraian, masterra eta doktoretza egin ditu CIC energiGUNEn. Gaur egun ikertzaile elkartua da CIC energiGUNEko Prototipadoko taldean, eta, batez ere, kondentsadore hibridoen garapenean egiten du lana.
Egileaz:
Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.