Funtzio bikoitza duen RNA mezularia aurkitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Laborategiko organismo modelo batean, proteina bat zein telomerasa sortzeko gai den RNA mezulari baten berri eman du ikertzaile talde batek.

Gutxitan jabetzen gara telomeroen luzerak duen garrantziaz. Horren jakitun izango bagina, agian gure hizkera ere aldatuko genuke. Modu horretan, “ez adarrik jo” esan beharrean, bizitza zoriontsu bat izatea oztopatzen diguten horiei esan beharko genieke, agian, “ez ukitu telomeroak”.

Faborez.

Kromosomen amaieran dauden egiturak dira telomeroak. Teknikoki, DNA nukleotidoen sekuentziak dira, baina sinplifikazioaren mundu zoragarria eutsita esango dugu kromosomen tapakiak direla. Arazoa da zelulak biderkatzen diren bakoitzean telomero horiek pixka bat murrizten direla, eta horrek, urteen poderioz, zahartzea dakarrela. Bizidun guztiek ezagutzen duten bizitzaren zikloa, hain justu.

RNA mezularia
1. irudia: RNA molekula baten irudikapen artistikoa —kasu honetan, RNA polimerasa—. Molekula honek DNAn bilduta dagoen informazioa eramaten du zeluletara, proteinak sortzeko. (Irudia: Maria Voigt and PDB-101 – CC-BY-4.o lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Zelula bat nahi beste biderkatzea ez da beti zertan zerbait ona izan behar, tamalez minbizi bat pairatzen duten askok dakiten moduan. Prozesu horretan telomerasa izeneko entzimak zeresan handia du. Zelula bitan zatitu eta gero, telomerasak DNA nukleotidoak gehitu ditzake telomeroetan. Normalean telomerasak ez du lanik egiten zelula gehienetan —zelula somatikoetan, hain zuzen ere—, baina bai aritzen da ugalketari lotutako zeluletan eta baita zelula ametan ere. Tamalez, minbizia sortzen denean, zelula horien inguruan ere telomerasa andana dago, zelulen errepikapen zoroa eta, ondorioz, tumoreen hedapena erraztuz.

Hortaz, telomerasa aho biko ezpata izan daiteke, eta, horregatik, batez ere azken urteotan ikertzaileek gertutik erreparatzen diote. Telomerasa kontrolatzeko ametsa dute. Batetik, entzima inhibituz minbiziari aurre egin ahal izateko. Bestetik, telomerasa baliatuz zahartzaroari lotutako bestelako gaitzetan irtenbide berriak lortzeko. Ohi bezala, oreka zail batean mantendu beharra dago, arma guztiak defentsarako edo erasorako erabili daitezkeelako.

Saiakera horietako baten berri eman dute PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean. Bertan, Arizonako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek ezagutarazi du funtzio bikoitza duen RNA mezulari bat aurkitu dutela organismo batean. “RNA molekula gehienak modu independentean sintetizatze dira, baina hemen funtzio bikoitza duen mRNA [RNA mezulari] bat aurkitu dugu; erabili daiteke proteina bat sortzeko edo kodetzailea ez den telomerasa RNA sortzeko; eta hau paregabea da”, adierazi du Julian Chen ikertzaileak prentsa ohar batean. Aurkikuntzak “paradigma aldaketa bat” suposatzen duela erantsi du.

RNA mezulariaren ardura da DNAtik dagoen informazioa zelularen nukleora eramatea, bertan proteinak sortzeko. Halere, RNA asko ez dira erabiltzen horretarako. Izan ere, giza genomaren %70 inguru RNA ez kodetzailea sortzeko erabiltzen da.

Proteinak sortzen ez dituzten RNAk izanda ere, beste zeregin batzuetarako erabiltzen dira. Adibidez, telomerasa entzima sortzeko. Ikusi dugun moduan, entzima hau nahitaezkoa da minbizi prozesuetan zelulak eskuratzen duten hilezkortasunerako, bai eta zelula amak sortzeko ere. Hortaz, agerikoa da oinarrizko ikerketa honek aukera txukunak ireki ditzakeela etorkizunean telomerasa tresna gisa erabiltzeko.

RNA mezularia
2. irudia: artoan sortzen den onddo batean aurkitu dute funtzio bikoitza duen RNA hau. Ez da kasualitatea: modelo organismo gisa erabili ohi da laborategietan. (Argazkia: H. Zell – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ustilago maydis izeneko onddoan aurkitu dute RNA mezulari berezi hau. Hau onddo patogeniko bat da: artaburuei eragiten die, eta, behin infektatuta, landareek kolore iluna hartzen dute. Horregatik, arto ikatz gisa ezagutzen da ere. Artoa ondoratu badezake ere, onddoak infektatutako landareei probetxua ateratzen diete Mexikon eta inguruetan, eta bertako gastronomiako produktuetako bat bilakatu da, platerei umami zaporea ematen dielako. Horrez gain, onddoa laborategietako modelo organismoa da ere, manipulazio genetikorako aukera onak ematen dituelako.

Manipulazio honetan daude jarrita itxaropen asko. Praktikari begira, kontua ez da soilik aurre egitea zahartzeari; prozesu hori azeleratzen duten zenbait gaitzei ere sendabidea aurkitu nahi dizkiote zientzialariek.

Horretarako, funtsezkoa izango da ondo apuntatzea sendabidean: helburua da soilik zelula ama helduetan estimulatzea telomerasa, eta ez gainerako zeluletan —zelula somatikoetan, hain zuzen—, azken hauetan eginez gero minbizia garatzeko arriskua handitu daitekeelako.

Beraz, egileek espero dute aurkikuntza hau baliogarria izango dela telomerasa tresna gisa erabili ahal izateko, baina jakitun dira oinarrizko zientziaren eremuan ari direla. “Hain ezohikoa den biogenesi bide honen atzean dagoen mekanismoa ulertzeko askoz gehiago ikertu behar dugu oraindik”, ohartarazi dute. Gogora ekarri dute orain arte RNA mezulariaren gaineko oinarrizko ikerketak aplikazio praktiko ugari ekarri dituela arlo klinikora. Horien artean, agian sonatuena da COVID-19aren aurkako txertoak garatzeko mRNA erabili izan dela.

Halako kasuetan, abantaila nabarmena da RNA erabiltzea txertoetarako. Behin beren funtzioa bete dutela, RNA molekulak degradatzen dira, eta gorputzak xurgatzen ditu. Egileen esanetan, DNA izango balitz, aldiz, arrisku potentziala izango lukete gainerako DNArekin batzeko. Horregatik, arreta berezia jarrita dute mezulari berezi horretan. Zortearekin, mezu positiboak eramango dituen molekula harrigarri horretan, hain zuzen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Logeswaran, D.; Li, Y.; Akhter, K.; Podlevsky, J.D.; Olson, T.L.; Forsberg, K.; Chen, J.J.-L. (2022). Biogenesis of telomerase RNA from a protein-coding mRNA precursor. PNAS 119 (41) DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2204636119


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.