Asteon zientzia begi-bistan #411

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Lurzoruaren biodibertsitatea

Astronomia

NASAk baieztatu duenez, DART espazio-ontziak lortu du Dimorphos asteroidearen orbita aldatzea. Zundak emandako kolpearen eraginez, 32 minutu laburtu da asteroidearen orbita Didymos asteroide handiagoaren inguruan. Asteroide hau Lurretik 11 milioi kilometrora dago. NASAko zientzialariek espero zuten gutxienez 73 segundoan aldatzea orbita, baina, azkenean, 25 aldiz baino gehiago laburtu da. Hala, etorkizunean aski litzateke halako aldaketa bat, Lurraren bidean legokeen asteroide bat desbideratzeko. Informazio gehiago Berrian aurki daiteke.

Teknologia

Aste honetan Zientzia Kaierako “Zientziaren historia” atalean lehen antibirusaren historia azaldu dute bideo labur baten bidez. Estatu Batuetako proiektu militar batek ARPANET sortu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ordenagailu gutxi batzuk elkarrekin lotzeko Interneten aurrekaria. Handik gutxira ordenagailu baterik bestera mezu bat pasatzen hasi zen, eta hau ezabatzeko, Reaper programa sortu zuten. Hau izan zen antibirusen lehen aurrekaria.

David del Riok Tecnunen ikasi zuen Telekomunikazio Ingeniaritza, eta bertan egin zuen doktorego-tesia. Gaur egun, komunikazioetarako elektronika diseinatzen eta fabrikatzen ditu, batez ere mikrotxipak. Davidek zuntzik behar ez duen haririk gabeko konexioa proposatu du, BiCMOS teknologia, hain zuzen. BiCMOS teknologia erabilita, ordura arteko teknologia garesti eta konplexuekin egiten ziren sistemak diseinatzea lortu du bere taldekideekin batera. Datuak bidaltzeko, sistema honek oso frekuentzia handiko uhinak erabiltzen ditu. Daviden esanetan, uhinaren propietate batzuk aldatuz gero, datuak oso abiadura azkarretan bidali daitezke honela. Datu guztiak Unibertsitatea.net webgunean.

Ekologia

Basa bizitza gizakiak hazitako abereen gaixotasunetatik babesteko eskatu du zientzialari talde batek. Science aldizkariko editorialean argitaratu dute eskaera, eta adierazi dute estatuek hartu behar dutela beren gain basa bizitza gaixotasun antropogenikoez babesteko ardura. Gogorarazi dute haztegi industrialetan hazten diren abere-populazio erraldoiak direla arazoaren iturria. Urtero, 36.000 milioi hegazti, 953 milioi txerri eta 1.600 milioi behi hazten dira honelako tokietan. Abere-populazio erraldoi hauek merkataritzaren bidez konektatuta daude, eta gaitz infekziosoen mundu-mailako gordailu baten moduan jokatzen dute. Gaixotasun hauek haztegietatik atera eta basa bizitzan arazo ikaragarriak sor ditzakete. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Lurzoruaren biodibertsitatea kontserbatzeko puntu kritikoen mundu-mapa osatu dute, eta ikusi dute eremu horien % 70 baino gehiago babesik gabe dagoela gaur egun. Kontinente guztietako 615 lurzoru-laginetan aztertu dute haien biodibertsitatea (arkeoak, bakterioak, onddoak, protistak eta ornogabeak) eta funtzioak. Azterketaren egileek aldarrikatzen dute garaia dela lurzorua kudeatzeko eta kontserbatzeko lehentasunak ezartzeko. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Lurzoruaren puntu kritikoen gehiengoa babestu gabe dago.

Ingurumena

“El Futuro es Clima” txostenaren emaitzen arabera, Espainiako gazteen % 97 kezkatuta dago klima-larrialdiarekin. Oro har, pentsatzen dute ondorio konponezinak izango dituela eurentzat eta hurrengo belaunaldientzat. Are gehiago, % 82,1ek ekoantsietatea sentitu du noizbait. Gazteen ustez, trantsizio eraginkor bati ekiteko giltzarriak egungo bizimoduaren dezelerazioa eta beste eredu bat sustatzea dira. Gehienak prest daude konpromisoak hartzeko eta trantsizio ekologikoan parte hartu nahi dute. Hala ere, uste dute trantsizio hori gobernuek abiatu eta gidatu behar luketela. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Gazteak oso kezkatuta daude klima-larrialdiarekin.

Medikuntza

Espainian, helduen % 25-35ek aldizkako loezina pairatzen du eta % 10-15ek, hau da, 4 milioi pertsona baino gehiagok, loezin kronikoa. Neurologiako Espainiar Batzordeak plazaratu ditu datu hauek. Loezina arintzeko neurri ez farmakologikoak edo/eta farmakoterapia erabiltzen dira. Farmakoen kasuan, erabilienak bentzodiazepinak eta Z-hipnotikoak dira, baina azken urteotan beste farmako ordezkoen erabilera asko handitu da; horien artean, melatoninarena. Melatonina guruin pinealak jariatutako hormona bat da, eta funtzio neurokonduktualen gutxitzea eta logura eragiten ditu. Oraindik bere erabilera ondo ikertuta ez badago ere, badirudi beste farmakoek baino arazo gutxiago eragiten dituztela.

Marisol Aymerich CIMA medikuntza ikerketa zentroko ikertzailea Parkinson gaitza ikertzen aritzen da bere taldearekin batera. Aymerichek dio oraindik gauza asko ez dakizkigula neurologiaren inguruan: ez dakigu nola komunikatzen diren neuronak, nola hiltzen diren gaixotasun neurodegeneratiboetan… Besteak beste, gaitz neurodegeneratiboak atzeratzea eta gelditzea dute erronka neurozientziek. Gainera, burmuinaren ikerketa teknologia berrien garapenari lotuta dago, eta teknologia berririk gabe zaila da neurozientzian aurrera egitea. Parkinson gaitzaren kasuan adibidez, oraindik ez dakigu zergatik hiltzen diren neuronak. Marisol eta bere taldekideak horretan dihardute, hau da, Parkinsonean hiltzen diren neurona horiek berreskuratzen. Datuak Berrian: «Soilik neuronen heriotza atzeratzea sekulako urratsa litzateke».

Biokimika

Funtzio bikoitza duen RNA mezularia aurkitu dute laborategiko organismo modelo batean. RNA molekula gehienak modu independentean sintetizatzen dira, baina funtzio bikoitza duen RNA mezulari bat aurkitu dute. Molekula hau proteina bat sortzeko edo kodetzailea ez den telomerasa RNA sortzeko erabili daiteke, ikertzaileen esanetan. Ustilago maydis izeneko onddoan aurkitu dute RNA mezulari berezi hau. Hau onddo patogeniko bat da, eta artaburuei eragiten die. Egileek espero dute aurkikuntza hau baliogarria izango dela telomerasa tresna gisa erabili ahal izateko. Alabaina, biogenesi bide honen atzean dagoen mekanismoa ulertzeko askoz gehiago ikertu behar dela ohartarazi dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Psikologia

Ingalaterran egindako ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira zaporeak bereizteko. Zehazki, 32 eta 36 aste bitarteko garapena duten fetuekin egin dute azterketa, eta bi zaporekin egin dituzte esperimentuak: azenarioarekin eta aza kizkurrarekin. Haurdun zeuden emakumeei elikagaiak eman ondoren, 4D ultrasoinu eskanerrak erabiliz ikertzaileek fetuen keinu eta aurpegierak aztertu zituzten. Oro har, azenarioa jan ostean, fetuen aurpegiak irribarretsuak ziren eta, aldiz, aza kizkurra jan ostean, aurpegierak negartiak ziren. Ikerketa honen inplikazioak zeintzuk diren jakiteko goizegi izan daitekeen arren, lehen aldia da fetu batean horrelako ebidentziak jasotzen direla. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Fetuak gai dira zaporeak bereizteko.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.