Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tomate izeneko landareaz eta haren fruituaz ari gara; Solanum lycopersicum izen zientifikoa du. Espeziearen terminoa, lycopersicum, otso-melokotoi gisa itzul daiteke. Kondaira germaniarren arabera, sorgin eta aztiek belladonaren fruituak erabiltzen zituzten otso gizon bihurtzeko. Belladona solanazeoen familiakoa da, tomatea bezala.

Tomatea Europara iritsi zenean, haren fruituek belladonnarenak ekartzen zituzten gogora eta, gainera, heldu gabe zeudenean, toxikoak ziren, tomatina alkaloidea zeukalako. Horregatik, otso-melokotoi esaten zitzaien. Fruituak gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu: mineralak, hala nola potasioa, fosforoa eta magnesioa; B eta C bitaminak; karotenoideak, esaterako, likopenoa eta beta-karotenoa; eta polifenolak.

Patataren ondoren, bigarren baratze labore garrantzitsuena da. Asian ereiten da gehien eta, haren atzetik, Afrikan, Europan, Amerikan eta Ozeanian.

Jatorrizko espeziaren tomate loreak estilo luze bat du, lorezil konoa baino garaiagoa; horri esker, errazagoa da beste lore baten polenarekin, intsektuek edo haizeak lagunduta, ernalkuntza gurutzatua gertatzea. Denboraren poderioz, estilo laburreko eta nahitaezko autoernalkuntzako zenbait barietate agertu ziren.

tomatea
Irudia: tomateak gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu: mineralak, hala nola potasioa, fosforoa eta magnesioa; B eta C bitaminak; karotenoideak, esaterako, likopenoa eta beta-karotenoa; eta polifenolak. (Argazkia: LoggaWiggler – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Tomatearen izena antzinako mexikarren nahuatl hizkuntzako tomatl hitzetik dator. Haien dietaren zati garrantzitsu bat zen, Kolon iritsi aurretik. Eta ez soilik mexikarren dietan, baita Ameriketako tribu askoren dietan ere, esaterako, sioux eta apatxe herrien eta Peru eta Boliviako indigenen elikaduran. Tomateari buruz ezagutzen dugun erreferentziarik zaharrena Xochimilcoko Kodeetan agertzen da eta 1335 eta 1347 artean dago datatuta, Tlazocilhuapilli erreginaren agintaldian; hain zuzen ere, inguruneaz eta bere agindupekoen dietan interesa zuen. Besteak beste, plater hau asmatu zuen: tonalchillia edo txile horia tomatearekin; txile horia, tomatea eta iltzea daramatza.

Europara Kolonekin iritsi zen, 1523an, eta, uste denez, Pier Andrea Mattioli italiar mediku eta botanikariak egin zuen lehen aipamena, 1544an, edo Mathiolusek, urte berean (susmoa dut abizen bera dela, beste hizkuntza batera itzulita, agian, latinera). Mattiolik berenjena berritzat jotzen zuena deskribatu zuen. Gatza, piperbeltza eta olioa erabiliz prestatzea gomendatzen zuen. Frantzian, 1660an, landare apaingarri gisa ezagutzen zen, eta 1778 inguruan dietaren barruan zegoen, barazki gisa.

Herbario batean kontserbatzen den tomaterik zaharrena 1551koa da eta Bolonian dago, Italian, eta Ulisse Aldrovandik prestatu zuen. Tomatearen XVI. mendeko beste 17 ale daude Italian, Alemanian, Frantzian, Suitzan eta Herbehereetan dauden herbario batzuetan. Zortzi alek fruituak dituzte.

1580an jada, Francisco Hernandezen Libro Quinto de Plantas Medicinales (Sendabelarren bosgarren liburua) lanean, tomatea aipatzen da Pilar Iglesiasek argitaratutako testu batean; horri esker, tomatea, horren barietateak eta erabilera sendagarriak ezagutu ditzakegu.

Europan inprimatutako lehen tomate errezetak 1692an argitaratu ziren, Napolin. Antonio Latinik idatzi zituen eta errezetetako batean erregosi bat egiten zuen, galeperra, txahala, oilaskoa eta tomatea erabiliz. Bigarren errezeta tomate saltsa bat zen, espainiar estilokoa, haren hitzetan. Rudolf Grewek ingelesera itzuli zuen.


Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 23an: Ingredientes para la receta: El tomate

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Tomateari buruz idatzitako artikulu-sorta:

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.