Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Genetikaren helburuetako bat da aztertzea gene-osagaiek nola moldatzen dituzten ezaugarriak eta gaixotasunak. Hala, hainbat aldagai barneratu behar dira azterketa horiek behar bezala egiteko; adibidez, sexua eta adina. Baina eragina izan dezaketen faktore horiek ez dira beti hain agerikoak.

Hainbat mekanismo biologikoren ondorioz garatzen dira ezaugarriak eta gaixotasunak. Mekanismo horien jatorria genetikoa bada ere, ingurunearen arabera modu batera edo bestera gauzatuko dira. Ondorioz, geneen eta ingurunearen arteko korrelazioak gerta daitezke ezaugarriak eta gaixotasunak garatzeko. Korrelazio hauen jatorria izan daitezke populazioaren egituraketa, familien arteko gene/ingurune korrelazioak eta eskualde geografikoen arteko gene/ingurune korrelazioak.

1. irudia: bizilekua kontuan hartzerakoan gene-analisi zehatzagoak lortzen dira. (Argazkia: piviso – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Populazioaren egituraketaren ondorioz –hau da, gene-jatorri ezberdineko populazioak batera aztertzearen ondorioz–, desitxuratu egin daiteke aztertu nahi den ezaugarriaren gene-oinarria, gene-aldaeren banaketa jatorrizko populazioaren araberakoa izan daitekeelako. Gainera, gene-aldaeren banaketa horrek islatu egin ditzake jatorrizko populazio bakoitzean ingurunearekin izandako elkarrekintzak eta, ondorioz, gene/ingurune korrelazioak eragin. Populazioaren egiturak gene-analisietan sor ditzakeen arazoak saihesteari begira, norbanakoen arteko distantzia genetikoak erabili ohi dira zuzenketak egiteko.

Familien arteko ezberdintasunek gene/ingurune korrelazioak eragin ditzakete familietan, gene-aldaerez gain, egoera sozioekonomikoa ere transmiti daitekeelako. Hala, ikasketa-mailan –hau da, lortu den titulurik altuenean– eragina izan dezaketen gene-aldaerak nahas daitezke ezaugarri fisiko eta psikologikoen gene-aldaerekin, partekatzen dituzten ingurune-faktoreak direla eta. Ikertzaile batzuek efektu honi “hezkuntzaren natura” deitzen diote, gurasoek umeen hezkuntzan duten eragina dela eta; beste ikertzaile batzuek, aldiz, “efektu dinastikoak” deitzen diote, belaunaldiz belaunaldi pertsona horien egoera sozioekonomikoa metatzen joan delako.

Eskualde geografikoen kasuan, gene/ingurune korrelazioak gerta daitezke prozesu aktiboen eta pasiboen ondorioz. Prozesu aktiboetan, banakoek ingurune mesedegarriago batera migratzen dute eta, hala, haiek eta beren oinordekoek hobeto balia ditzakete dituzten gaitasun genetikoak. Efektu pasiboak gerta daitezke inguruneko aldaketa bat klase sozioekonomiko batek beste batek baino gehiago pairatzen duenean. Adibidez, politika-aldaketa bat balego eta intsulinaren prezioak gora egingo balu, bistan gera liteke egoera sozioekonomikoaren eta diabetesa ez tratatzearen ondorioen arteko gene-korrelazioa.

gene-ikerketa
2. irudia: gaixotasunen gene-oinarria ebazteko, kontuan hartu behar dira genetikoak ez diren faktoreak ere. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gene-ikerketa geografiaren eragina aztertuz

Ikerketa batek aztertu egin du eskualde geografikoek hainbat ezaugarriren gene-oinarrian duten eragina, Erresuma Batuko biobankuko datuak baliatuta.

Lehenengo, familiek eta geografiak eragindako gene/ingurune korrelazioak aztertu zituzten. Horretarako, 22.675 haurride bikoteren miloi bat gene-aldaera baino gehiago aztertu ziren 56 ezaugarri konplexutan; besteak beste, osasun fisiko eta mentalarekin, gorputzaren osaerarekin, eta ondorio emozional, kognitibo eta sozioekonomikoarekin lotutako ezaugarrietan. Eskualde geografikoak definitzeko, sozioekonomikoki homogeneoak diren eskualdeak erabili ziren, partaidearen egungo bizilekua oinarri hartuta. Aztertutako ezaugarrietan, antzeman egin zen familia arteko ezberdintasunek eragina zutela. Gainera, hamar ezaugarrietan eskualde geografikoen arteko ezberdintasunak antzeman ziren. Ezaugarri horien artean egon ziren gorputz-masaren indizea, gerri-zirkunferentzia, diru-sarrerak, telebista ikusten ematen den denbora, gorputz osoko gantz kantitatea eta ikasketa-maila. Izan ere, ezaugarri gehienetan eskualde geografikoak eragin handiagoa izan zuen familia arteko ezberdintasunek baino. Gainera, eskualde geografiko arteko ezberdintasunen eragina handiagoa izan zen eskualde barneko ezberdintasunen eragina baino. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten banaketa zabala zutela gene/ingurune korrelazio aktiboek.

Egin zen beste analisian, Europar jatorriko 254.387 pertsonaren gene-azterketak egin ziren aipatutako 56 ezaugarri konplexuetan geografiak zuen eragina aztertzeko asmoarekin. Hala, ikusi zuten ezaugarri horien aldakortasunaren % 5 jaiotze lekuak azaltzen zuela, eta aldakortasunaren % 14 egungo bizilekuak; eta geografiak bereziki azaltzen zituela etxeko diru-sarreretan ikusitako ezberdintasunak. Ikertzaileen aburuz, egungo bizilekuak jaiotze lekuak baino gehiago azaltzeak berretsiko luke jende aberats eta osasuntsua eskualde aberats eta osasuntsuetara joan izana. Gertaera hau ikusita, ikertzaileek gene-aldaeren eragina aztertu zuten geografia kontuan izan gabe eta kontuan izanda, eta konparatu ea heredagarritasuna –hau da, gene-informazioak duen eragina ezaugarri baten aldakortasunean– aldatzen ote zen, eta ea ikasketa-mailarekin eta diru-sarrerekin duten gene-korrelazioa aldatzen ote zen. Heredagarritasunean aldaketa handiena izan zuten ezaugarriak izan ziren diru-sarrera, ikasketa-maila, lehenengo erditzearen adina, telebista ikusten emandako denbora, osasun-egoera eta adimen bizkorra. Geografia kontuan hartzeak eragin zuen 41 ezaugarrik ikasketa-mailarekin duten gene-korrelazioa murriztea; besteak beste, altuera, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, alkohola edatearen maiztasuna eta telebista ikusten emandako denbora. Diru-sarrerekin 35 ezaugarrik murriztu zuten beren gene-korrelazioa; besteak beste, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, telebista ikusten emandako denbora, gorputzeko gantzen kantitatea eta gerriaren zirkunferentzia. Hainbat ezaugarrik, aldiz, beren gene-korrelazioa handitu zuten: zortzik ikasketa-mailarekin eta seik diru-sarrerekin.

gene-ikerketa
3. irudia: gaixotasunen gene-puzzlea aurreikus dezakeguna baino konplexuagoa da. (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Emaitza hauek ikusita, ondoriozta daiteke eskualde aberats eta pobreen arteko ingurune-ezberdintasunek eragina dutela ezaugarri konplexuen gene-oinarrien ikerketan. Hala, analisietan hainbat zuzenketa egin daitezke gene/ingurune korrelazioen eragina murrizteko, baina agian ez da posible izango guztiz ezabatzea ingurune sozioekonomikoaren eragina.

Hala ere, kontuan izan behar da lan hau Erresuma Batuko biobankuko datuetan oinarritu dela. Bertan parte hartu duten pertsonek populazio orokorra baino ikasketa-maila altuagoa eta osasun hobeagoa dute; eta garapen handiagoa duten eskualdekoak dira. Hortaz, ikerketa honetan ikusitako eraginak azpiestimazio bat izan daitezke eta handiagoa izan ingurune sozioekonomikoaren eragina.

Ezaugarri baten gene-oinarriak ikertzea beharrezkoa da ezaugarri hori zehazten duten mekanismo biologikoak –egotekotan– bilatzeko. Baina analisi horiek egiteko eredu estatistikoek, ikerketen diseinuek eta lortutako ondorioek tentu handiagorekin islatu behar dute gizartearen egitura soziala eta geografikoa. Zientzia ona egin nahi baldin badugu, behintzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Abdellaoui, A., Dolan, C.V., Verweij, K.J.H. et al. (2022). Gene–environment correlations across geographic regions affect genome-wide association studies. Nature genetics, 54, 1345–1354. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-022-01158-0


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..