Duela bi milioi urteko DNA berreskuratu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Groenlandiako sedimentuetan gordeta zegoen DNA zatiak identifikatzea lortu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Horri esker, Pleistozeno garaiko biotopoak azaleratu dituzte.

Sukalde lanak azaleratzeko unea da: gaiak aukeratu behar dituztenean, zientziaren komunikazioaren alorrean aritzen direnek prentsa ohar andana birpasatu behar dituzte gainetik, eta dagoen zientzia produkzio itzelaren artean zer landu erabaki behar dute. Hainbeste aldiz jorratu izanagatik, bada zenbait gai berehala alde batera uzteko joera.. Hitz gako horietako batzuk dira Neandertal, Marte, grafeno, zulo beltz, Tutankamon… edota antzinako DNA ere.

Horregatik, enegarrenez antzinako DNA berreskuratu dutela ikustean, bai komunikatzaileak berak zein irakurleak ere gaia alboratzeko joera izan dezakete. Izan ere, antzinako DNArena ohiko kontua bilakatu da azken urteotan. Duela hamarkada bat ia sinestezina zirudien teknologiak dagoeneko ez du demaseko harridura sortzen. Alabaina, noizean behin orain arteko marka guztiak hausten dituzten ikerketak azaleratzen dira, mugarri garrantzitsuak mahai gainean jartzen dituztenak.

Nature aldizkarian berriki aurkeztutako ikerketa halakoxea da. Groenlandian abiatu da aurkikuntza. Zehazki, uharte erraldoiaren iparraldean, Kap København izeneko egituran. Orain eremu polar latza da, baina duela 2-3 milioi urte oso bestelako giroa zegoen bertan: gaur egungo tenperaturak baino 11-19 °C epelagoak ziren ordukoak. Garaiko fauna eta flora ere inguru horretara egokituta egon behar zen halabeharrez, baina, orain arte eskuratu diren fosilak urriak direnez, gutxi ezagutzen dira garaiko ekosistemak.

DNA berreskuratu
1. irudia: duela bi milioi urte Groenlandian egon zen paisaiaren irudikapen artistikoa, datu berrien argitara Beth Zaiken marrazkigileak egindako interpretazioan. (Irudia: Beth Zaiken)

Baina bestelako fosilak ere badira. Fosil genetikoak. Eta horien atzetik abiatu dira ikertzaileak.

Zientzialariek ezagutzen zuten egitura horretako zenbait estratutan materia organikoa pilatuta zegoela, eta duela hainbat urte laginak hartu zituzten. Orotara, bost puntutan hartutako 41 lagin. Horietako asko 2006an hartu zituzten, zientzialariak beste proiektu baterako espedizioa egin zutenean. Duela gutxira arte gordeta egon dira horiek, beste behin, zientzia ona patxadaz egin behar den erakusle. Teknologia eta teknika analitikoak behar den moduan garatuta daudenean erabili behar direla ere erakutsi du oraingo mugarriak.

“DNAren sekuentziazio eta erauzketa ekipo berriak garatu arte ezin izan ditugu aurkitu eta identifikatu sedimentuetan zeuden hain DNA zati txiki eta kaltetutakoak”, nabarmendu du Kurt H. Kjaer ikertzaileak.

Orain, teknologia dezente garatuagoa izanik, duela bi milioi urte egon ziren ekosistemak azalarazteko moduan egon dira. Baso boreal zabal baten zantzu genetikoak aurkitu dituzte: makalak, urkiak eta tuiak ziren bertako zuhaitz nagusienak. Erbien presentzia ere egiaztatzeko moduan egon dira, baina berreskuratutako DNA mitokondriala aztertuta beste animalia askoren zantzuak aurkitu dituzte: besteak beste, mastodonteak, elur oreinak, antzarak eta Atlantikoko ferra karramarroa (Limulus polyphemus) —historia ebolutiboan aspalditik mantendu den espeziea, benetako fosil biziduntzat hartzen dena—.

Orain arte ez zen uste mastodonteak Groenlandian ibilitakoak zirela, baina orain egiaztatu ahal izan da latitude garai horietara ere hedatu zirena Ipar Amerikan eta Asia Erdialdean jatorria izan zuten animaliatzar horiek.

Espezie makro hauetaz gain, mikroorganismo askoren arrasto genetikoa ere berreskuratzeko moduan egon dira, bai bakterioak zein onddoak. Diotenez, orain lagin horiekin ari dira lanean, eta, horri esker, garaiko ekosistemek zuten funtzionamenduaren gaineko ezagutza sakonagoa eskuratu ahalko dute.

Ez da bide samurra izan egin behar izan dutena denboran hain atzera egin ahal izateko. Berreskuratutako DNA zati bakoitza gaur egungo espezieetako laginekin alderatu behar izan dute. Alderaketa horietatik guztietatik, noski, denetarik atera zaie: gaurko espezieekin nahiko erraz alderatu daitezkeen zatiak, soilik genero generiko bati egotzi ahal zaizkionak, eta, azkenik, gaur egungo espezieekin batere zerikusirik ez duten laginak.

DNA berreskuratu
2. irudia: Gaur egun Kap København eremuan dagoen paisaia guztiz bestelakoa da. Irudian, Svend Funder ikertzailea, 40 urtez inguru hori ikertu duena. (Argazkia: Kurt H. Kjaer)

Gaur egun parekoak dauden kasuetan ere irakaspen garrantzitsu bat atera dute: horren lagin zaharrak eskura izanik, zenbait espezieren DNAn egon den “eboluzioa” ikustarazteko moduan egongo direla aurreikusi dute.

Material genetiko hori sedimentuetan harrapatuta geratu zenetik klima hotza eta lehorra izan da nagusi inguru horretan, eta horrek erraztu du DNA hain denbora luzez mantendu izana. 20.000 urtez pilatu ziren sedimentuen hondoan zeuden eskuratutako laginak. “Azkenean, izotzak eta permafrostak lagin horien kontserbazioa ahalbidetu zuten, eta, garrantzitsua dena, bi milioi urtez gizakiek ez dituzte eraldatu”, azaldu du Kjaerrek.

Sedimentuen depositu horrek ia 100 metroko lodiera du, eta fiordo baten sarbidean kokatuta dago.

Hotza ezinbesteko aliatua izan den arren, zientzialariek itxaropena dute beroagoak eta hezeagoak diren inguruetan ere DNA aztarnak harrapatuta geratuko direla buztinean eta kuartzoan. Teknologia honek Afrikan arrakasta izanez gero —bertan sortu baitira espezie asko, tartean lehen gizakiak— aukerak “mugagabeak” izan daitezkeela diote.

Prentsa ohar batean, Cambridgeko unibertsitateak ziurtatu du lorpen honek eboluzioaren historiaren jokoa aldatuko duela. Aurkikuntzaren tamaina ikustarazteko, gogora ekarri dute orain arte berreskuratutako DNArik zaharrena duela milioi urte batekoa izan zen, eta soilik espezie batena izan da: Siberiako mamut baten hezurrean aurkitu zuten.

Eske Willerslev ikertzaileak aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du: “DNA oso azkar hondatu daiteke, baina erakutsi dugu baldintza egokietan atzera egin dezakegula inor gutxik imajinatu ahal zuen modu batean”.

Ohi bezala, eta gaur egungo arazoetara joz, ikertzaileek aurreratu dute klima aldaketaren aurrean espezie desberdinek izan zuten jokabideaz ikasi nahi dutela ere, oraingo egokitzapen estrategietarako informazio hori baliagarria izango delakoan. Zentzu horretan, Kjaerrek argudiatu du agian ingeniaritza genetikoak imitatu ahalko duela orain dela bi milioi urte bizidunek beroketa globalaren aurrean erabili izan zuten estrategia.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kjaer et al. (2022). A 2-million-year-old ecosystem in Greenland uncovered by environmental DNA. Nature 612, 283–291. DOI: 10.1038/s41586-022-05453-y


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..