Asteon zientzia begi-bistan #417

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aztertu

Emakumeak zientzian

Nazioarteko ikertzaile-talde batek ikerketa ekonomikoan generoak lankideen edo parekoen ekarpenen bikaintasunaren aitortzan duen eragina aztertu du. Proiektu hau egiteko zientzia elkarte nagusietako emakume eta gizon zientzialarien profilak bildu eta alderatu dira. Ondorioztatu dutenez, gaur egun, emakume akademikoek gizonek baino aukera handiagoa dute aintzatetsiak izateko ekonomiaren arloko munduko elkarte garrantzitsuenetan. Beraz, azken hamarkadan aldaketa nabarmena gertatu da emakumeek erakunde horien aintzatespena lortzeko probabilitatean. Datuak Zientzia Kaieran: Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa.

Paleontologia

EHUko zientzialari talde batek ondorioztatu du Europako etxe-txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zela. Duela 17.000 urte bizi izan zen etxe-txakur baten humero hezurra aurkitu zuten Zestoako Erralla kobazuloan. Aurkikuntza 1985. urtean egin zuen Jesus Altuna arkeologoak zuzenduriko talde batek, baina orain izan dute hura aztertzeko aukera. EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldea iritsi da ondorio honetara, karbono-14aren teknikaren bitartez isotopoak aztertu, DNA arakatu eta formari erreparatu ondoren. Azalpen guztiak Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Filosofia

Aste honetan unibertsitatea.net webgunean Marta Garciari, filosofian lizentziatua eta doktoreari, egin diote elkarrizketa. Garciak Filosofiaren amaieraren inguruan dagoen auzia aztertu zuen tesian. Azaldu duenez, bi teoria nagusi ezberdindu daitezke gai honetan: batetik, filosofia amaitu egin dela adierazten duten teoriak, eta bestetik, horien aurrean filosofiaren berariazkotasuna deskribatzen saiatzen direnak. XX. mende erdialdetik esplizituki agertzen dira filosofiaren defentsak eremu akademikoan, eta azken urteotan komunikabide eta elkarrizketa publikora igaro dira. Garciaren ustetan, filosofiak bere buruaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta zailagoa egiten zaio bere existentzia justifikatzea.

Estatistika

Zientzia Kaieran 2016an argitaratu zen ikerketa bitxi baten nondik norakoak irakur daitezke. Azterketa horretan indoeuropar hizkuntzen zuhaitz filogenetikoa erreferentziatzat hartuta, 275 “magia ipuinen” presentzia aztertu zuten hizkuntza horietako berrogeita hamarretan. Zehazki, Aarne Thompson Uther katalogoko ipuinak erabili zituzten, 200 gizarte baino gehiagoko 2.000 ipuinetik gora biltzen dituen katalogoa. Ipuin horien artean daude, besteak beste, Hansel eta Gretel eta Ederra eta piztia ipuinak. Honela, kalkulatu zuten lau ipuin indoeuropar hizkuntzen jatorrian sortu zirela, duela 7.000 urte baino gehiago, % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak.

Teknologia

Alemaniako ikertzaile-talde batek laser bidezko teknologia erabili du kafea ur hotzarekin modu bizkorrean prestatzeko. 3 minutuko laser bidezko irradiazioari esker, kafe-aleen osagaiak giro-tenperatura erauztea lortu dute. Oro har, kafe edaria prestatzeko, tenperatura altuan dagoen ura erabiltzen da, kafe-aleen osagaiak modu eraginkorrean erauzi ahal izateko. Alabaina, orain modan jarri da cold brew kafea, hau da, ur hotzetan egindako kafea. Kafe mota hau prestatzeko, 12-24 orduko infusio-denborak behar dira erauzketa emateko. Alemaniako ikertzaile-talde honek itxaron denbora luze horiei aurre egiteko modua asmatu du. Datuak Zientzia Kaieran: Laserra goizeko kafea prestatzeko.

Nature aldizkariko azken editorialean azaldu denez hidrogenoa erregai fosilak ordezkatzeko aukera onenetakotzat jotzen da, baina erregai hobeak eta eraginkorragoak badaudela ohartarazi du. Hidrogeno askea (H 2 ) erabiltzen da erregai moduan, baina hau ez dago aske, beste atomo batzuei lotuta baizik, eta haietatik askatzeko prozesuetan energia asko behar da. Kalkulatu da 2050. urterako hidrogenoaren ekoizpena gaurkoa baino bost aldiz handiagoa izango dela, eta honek zero igorpenaren helburua arriskuan jar dezake. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Hidrogenoa ez da denerako erantzunik onena, Natureren editorialaren esanean.

Genetika

Betizu Euskal Herriko behi-arraza Europako azken behi basatietako bat da, eta desagertzeko arriskuan dago. Alabaina, gaur egunera arte betizuaren kontserbazioa bermatzeko ikerketa-lanak egin dira, eta Asier Alvitek bere GRALean orain arteko genetikako ezagutza eguneratu, osatu eta zabaldu nahi izan du. Horretarako, genotipazio-txipek eskaintzen duten informazio molekular masiboa erabili du, egitura genetikoaren eta taldeen arteko erlazioen azterketa zehatzagoa egiteko. Gainera, homozigosi-eskualdeak identifikatu eta aztertu ditu, odolkidetasuna aztertu du eta elkartze-azterketak egin ditu genoma osoan. Informazio honek guztiak depresio endogamikoa agertzea saihestuko duten gurutzamenduak diseinatzea ahalbidetzen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa.

Biologia

Toxoplasma gondii parasitoaren eraginpean dauden otsoek arriskuak hartzeko joera handiagoa dute, baita taldeko lider izateko probabilitate handiagoa ere. Yellowstone Parke Nazionalean 229 otsoren odol-laginak ere aztertu zituzten, T. gondii protozooaren aurkako antigorputzak detektatzeko. Honela ikusi dute parasitoarekin infektatutako otsoek 6 hilabeterekin % 50eko probabilitatea dutela taldea uzteko; Oro har, 21 hilabeterekin iristen dira puntu horretara. Emeek kasuan berriz, 48 hilabetera iristean % 25eko probabilitatea izan ohi dute taldea uzteko, eta infektatuek 21 hilabeterekin. Ikertzaileek nabarmendu dute, gainera, otsoak animalia sozialak izanik, taldearen portaerari ere eragiten diola parasitoak. Datuak Elhuyar aldizkarian.

EHUren ikerketa batek ondorioztatu du mendiko artzaintzak onura sozioekologikoak dakarzkiola gizarteari. SOSTEPASTO proiektuko ikertzaileek azpimarratu dute abeltzaintza eredu hau larreen biodibertsitatea eta nutrizio kalitate handia mantentzeko lagungarria dela, bai eta lurzoruaren karbono dioxidoaren fluxua murrizteko ere. Gainera, azaldu dute ezaugarri sentsorial bereizgarriak aurkitu dituztela artalde horien esnearekin egindako gaztan, eta, horrez gain, gantz azidoen profil osasungarria eta konposatu antioxidatzaile osasungarriak ere identifikatu dituzte. Horregatik, horiek kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko diziplinarteko metodologia bat proposatu dute. Azalpen guztiak Alea aldizkarian: Mendiko artzaintzaren onurak nabarmendu dituzte.

Bardean kakalardoen errolda egiten duen taldeak orain arte ezagutzen ez zen espezie bat aurkitu du: Troglops bardena. 2,5 milimetroko tamaina du, eta arren buruko sakonunea du bereizgarri. Entomologo talde hau bost urtez aritu da errolda hori egiteko lanetan, eta 1.500 espezie sartu dituzte katalogoan. Errolda egiteko hamabostean behin joaten dira Bardeara, eta tranpak paratzen dituzte intsektuak biltzeko. Bi asteren buruan erori direnak hartu eta tranpak hutsik uzten dituzte. T. bardena koleoptero arren aurpegiko sakonune horretan sexu kitzikapenarekin lotura izan dezaketen estruktura bereziak aurkitu dituzte: feromona emisoreak. Haiek uste dute emea erakartzeko baliatzen duela. Ezaugarri morfologikoez gainera, ikusi dute Bardeako kakalardo helduek udaberrian hegan egiten dutela: batik bat apiriletik ekainera. Datuak Berrian: Bardeako kakalardoa.

Osasuna

Izortze Santin EHUko irakaslea eta Biocruces Bizkaia Institutuko ikertzaileak bere liburuaz idatzi du Berrian. Santin birusek gaixotasun autoimmuneen, eta, espezifikoki, diabetesaren garapenean eduki dezaketen eraginean interesatuta dago. Diabetesa, eta zehazki I motako diabetesa, ingurune-faktore eta genetikaren arteko interakzioaren ondorioz garatzen den gaixotasun konplexua da. Alabaina, oraindik guztiz onartuta ez dagoen arren, gero eta argiagoa dago enterobirusek eragindako infekzioak izan daitezkeela I motako diabetesaren garapenaren erantzuleak. Azalpenak Berrian: Han eta hemen, birusak non-nahi.

Bronkitisa berriz itzuli da pandemiako bi urtean eta gero. Javier Benito Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako zerbitzuburuak aitortu du epidemia betean daudela. Biriketako gaitz bat da bronkitisa, eta 2 urtetik beherako umeei erasotzen die. Birus jakin batek eragiten du normalean. Hain zuzen, arnas-birus sintzitialak eragiten ditu kasuen %90. Arnas aparatuko beste birus askoren antzeko sintomak ditu eritasunak, baina ume txikietan askotan kezka motibo nagusia izaten da arnasa hartu ezina. Umeak handitu ahala, alabaina, gaitzaren eboluzioa hobea izaten da. Bestalde, ez dago medikamenturik, eta beraz, sintomak arintzera bideratzen dituzte mediku eta erizainek egun beren ahalegin eta aholkuak. Informazio gehiago Berrian: Bronkiolitis «epidemia» betean.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.