Altruismorako arrazoiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiok janaria eta bestelako ondasunak partekatzen ditugu. Ez dugu edonorekin egiten, ezta edozein egoeratan ere, baina ohiko portaera bat da. Horregatik normala iruditzen zaigu, nahiz eta eboluzio ikuspegitik harrigarria izan, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu.

Hiru arrazoi hartzen dira aintzakotzat janaria partekatzeak merezi izateko. Lehenengoa ahaidetasunaren araberako hautaketa da. Horri jarraikiz, onuragarria da geneen zati bat partekatzen duten pertsonekin (ahaideekin) altruista izatea, horrela ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua. Hori gertatzen da janaria duena hura monopolizatzeko gai ez denean janaria ez dutenek ezartzen dizkioten kostuengatik; horiek janaria partekatzera behartzen ez badute ere, ez partekatzea oso garestia gerta dakioke. Hirugarrena elkarrekikotasuna da. Baliteke gaur janaria duenak iraganean beste baten laguntza jaso izana edo etorkizunean laguntza behar izatea. Hau da, partekatzen duenarentzat onuragarria litzateke janaria partekatzea, etorkizunean elikagaia jasotzen duenaren elkarrekikotasuna onuragarria izango litzatekeelako.

altruismoa
Irudia: Desmodus rotundusa saguzarrak lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. (Argazkia: Uwe Schmidt – CC BY SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Gu ez gara janaria partekatzen duten primate bakarrak. Aurreko paragrafoan aipatutako hiru arrazoiak gizakion eta beste primateen (txinpantzeen, bonoboen, kaputxinoen eta tamarinoen) portaera eskuzabalaren oinarrian daudela dirudi. Eragin handiena duten bi arrazoiak bizkarroikeria onartua eta elkarrekikotasuna dira, eta ahaidetasunaren araberako hautaketarena, berriz, txikiagoa da.

Giza espeziean, populazioen artean horien kideen elkarrekikotasun mailan dauden aldeak eskuragarri dagoen elikagai kantitatearen iragarpen mailarekin lotuta daudela dirudi. Janaria aldizka izateko aukera zalantzagarriagoa den populazioetan, elkarrekikotasuna garrantzitsuagoa izaten da.

Altruismoa ez da primateengan soilik ematen. Desmodus rotundusa odolez elikatzen da; benetako banpiro bat da, hau da, saguzar hematofago bat. Gainera, lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. Bereziki diseinatutako esperimentuen bidez egiaztatu denez, odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin eta, ondorioz, elkarren artean janaria partekatzeko ohitura hartzen dute. Janaria partekatzen duten horiekin familiakoak izan daitezke edo ez, beraz, haien altruismoa ez dirudi ahaidetasunaren araberako hautaketaren ondorio denik. Era berean, odola partekatzeko era berezia dela eta (berrahoratzea), bizkarroikeria onartua ere ulertezina da.

Desmodus rotundusen artean elkarrekiko altruismoa izaten da. Banpiro batek bere elikagaia beste batekin partekatzen duenean eta horrekin lotura bat ezartzen duenean, biei egiten die mesede harremanak, batzuetan batak lortzen baitu elikagaia eta, besteetan, besteak. Horrela, elikadura lortzeko probabilitate ezezagunak dituzten lekuetan elikadura gabezia izateko aukerak murrizten dira bientzat. Kasu bakoitzean partekatzen den odol kantitate txiki hori ugaltzea edo ez ugaltzea, bizirik irautea edo hiltzea izan daiteke jasotzen duenarentzat. Ematen duenak, berriz, lortutakoaren zati bat baino ez du galtzen. Horregatik, altruismoak egokitze balio oso handia du animalia horientzat (gainera, sozialak dira): talde osoaren jarraitutasuna horren menpe dago.

Erreferentzia bibliografikoak:

Carter, Gerald G., Wilkinson, Gerald S. (2015). Social benefits of non-kin food sharing by female vampire bats. Proceedings of the Royal Society B, 282 (1819), 20152524. DOI: https://doi.org/10.1098/rspb.2015.2524

Jaeggi, Adrian V., Gurven, Michael (2013). Reciprocity explains food sharing in humans and other primates independent of kin selection and tolerated scrounging: a phylogenetic meta-analysis. Proceedings of the Royal Society B, 28o, 20131615. DOI: https://doi.org/10.1098/rspb.2013.1615


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..