Taldeka bizi diren ugaztun espezieek bizitza luzeagoa dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mila bat ugaztun espezieren bizimodua eta bizitza luzera alderatu ditu ikertzaile talde batek. Ondorioztatu dute bi faktore horien arteko korrelazioa dagoela.

Noizean behin ematen den egoera bitxia seguruenera bizi izandakoa zara: norbait aharrausi egiten hasi, eta, aparteko arrazoirik gabe, gainerako guztiak berdin hasten dira, aharrausika. Nonbait, fenomeno hori kontagiatu egiten da, irria bezala. Inork ez daki zehazki zein izan daitekeen horren arrazoia, eta are gutxiago imintzio hori kutsatzearena. Baina gaia ikertu dutenek uste dute taldearen koordinazioan funtzioren bat betetzen duela.

Zorionekoa zu, hau irakurtzen ari den irakurle maitea, negozio eskola hoberenetan ere emango ez dizuten aholku bat jasoko duzulako hemen: bilera luze horietako batean plan estrategiko sakonaren bat lantzen ari denean, aharrausi bat eskapatzen bazaizu, eta nagusiaren aldetik begirada hiltzaileren bat jasotzen baduzu, baduzu aterabidea. Seriotasunari heldu eta esan talde lana indartzeko estrategia dela. Estrategia baten parte dela. Coaching, mentoring eta horrelako gauza xelebreak lantzen dituen aditu ospetsu baten gomendioei jarraiki ari zarela.

Ez horregatik.

taldeka bizi
1. irudia: ia mila espezie aztertu dituzte. Beste askoren artean, Afrikako elefantea (Loxodonta africana) —65 urtera arte bizi dena, ikerketan erantzi duten material osagarriaren arabera—. (Argazkia: Richard Jacobs. Iturria: Unsplash)

Hori ez da izango, ba, taldeka jardutearen abantaila bakarra. Bizitza luzeagoa izan omen daiteke ere, espeziearen ikuspuntu ebolutibotik ikusita bederen. Ikertzaile talde batek argitu nahi izan du aspaldiko susmo hori datuetan oinarritu ote daitekeen. Aztertu dute ugaztunen artean bizitza luzerak harremanik ote duen taldeka bizitzearekin. Baiezkoan dira.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean diotenez, oro har, taldeka bizi diren ugaztunek bizitza luzeagoa dute, bakarka edo bikoteka bizi direnekin alderatuz.

Gaiari bi bidetatik heldu diote. Batetik, gaiaren bueltan egin diren aurreko ikerketak berraztertu dituzte. Horietan abiatuta, ugaztun espeziak bizitza luzeraren eta bizimoduaren arabera sailkatu dituzte. Orotara, 974 ugaztun espezie aintzat hartu dituzte. Bizimoduari dagokionez, hiru kategoria nagusitan banatu dituzte: bakardadean, bikoteka edo taldeka bizi diren espezieak. Espezie horietan ohikoena den bizimoduari heldu diote, jakina baita bizitzaren fase desberdinetan jokabide bat baino gehiago tartekatu daitezkeela. Horretan oinarrituta, aldagai horien arteko korrelazioak bilatzeri ekin diote, eta hainbat eredu estatistiko erabili dituzte horretarako. Ziurtatu dute lotura hori babesteko moduan daudela.

Funtsean, konparaketa filogenetikoak egin dituzte, espezie desberdinen artean dauden ahaidetasun harremanak aztertuz. Espezie bakoitzaren gorputzaren masa, sozializazioa, bizimodua, faktore ekologikoak, bizitzaren ezaugarriak eta harreman filogenetikoak aintzat hartu dituzte.

Korrelazioa proposatze hutsetik harago, bigarren helduleku bati ere eutsi diote: bizitza luzeraren eta antolaketa sozialaren arteko erlazioan eragina izan ahal duten mekanismo molekularrak arakatzeari ekin diote. Oraingo honetarako, 94 espezieren garun laginak aztertu dituzte, beren RNAak aztertuta —transkriptoma deritzona—. Arakatze horren ondorioz, bizitza luzerari zein bizitza sozialari lotuta dauden 31 gene, hormona eta immunitateari lotutako beste zenbait aldagai aurkitu dituztela iragarri dute.

Egileek diotenez, bai immunitatea zein hormonak garrantzitsuak dira bizitza luzera zein antolaketa soziala arautzerakoan. Onartu dute, halere, oraindik ez dutela argi zeintzuk diren horren atzean dauden mekanismo molekular zehatzak, baina espero dute etorkizunean horretan sakondu ahal izatea.

taldeka bizi
2. irudia: espezie guztiak ez datoz bat joera orokorrarekin. Kasurako, Sumatrako orangutana: bakarka bizi ohi da, baina 59 urtera arte bizi daiteke. (Argazkia: Miljuner – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Talde handietan, gainera, immunitate indartsua edukitzea bereziki garrantzitsua da, jakina delako kontzentrazio handietan aiseago zabaltzen direla parasito zein patogenoak. Zer esanik ez, taldeetan bizi ahal izateko hormona egokiak izatea nahitaezkoa izan daiteke, taldeen arteko harreman mota desberdinetan loturak arautu aldera.

Ohartarazi dute taldeka jarduteak abantailak eta desabantailak dituela. Abantailei dagokienez, aukera honek harrapakari baten erasoaren ondorioz hiltzea zaildu egiten du, eta janaria eskuratzerakoan ere taldeka aritzeak abantailak izan ditzake. Modu berean, eta urte gutxian kume asko izatearen estrategiaren kontrako norabidean, taldeka aritzeak kumeak modu lasaiagoan hazi eta babesteko bidea ematen du. Babesa izateaz gain, kumeentzat etorkizunean lagungarriak izan daitezkeen abilidade sozialak lantzeko denbora gehiago inbertitu ahal dute gurasoek zein kumeek.

Desabantailei dagokienez, aipatu dute taldean bertan elikagaiak eskuratzeko konpetentzia sortu daitekeela, eta ugalketa ere konplikatu daitekeela, bikotea aukeratzerakoan borrokak sortzen direlako. Aurrekoan aipatu bezala, gaixotasun kutsakorrak aiseago zabaltzen dira ere talde handietan.

Txinako Zientzien Akademiako Zoologia Institutuko ikertzaile Zhou Xuming-ek adierazi duenez, joera orokor honetan badira zenbait salbuespen. Sumatrako orangutanak (Pongo abelii) jarri ditu adibidetzat: horiek normalean bakartiak izan arren, 60 urte baino gehiago bizi daitezke. Gauza bera gertatzen zaie bizitza luzeena izaten duen ugaztunari: Groenlandiako bale (Balaena mysticetus) bakartia 200 urtera arte bizi daiteke. Kontrara Bennetten txintxilla (Abrocoma bennettii) bi eta lau urte artean baino ez dira bizi, taldeka antolatzen diren arren.

Zientzialariek onartu dutenez, espezieen arteko alderaketa egin badute ere, ez dute aztertu espezie barruko norbanakoen artean ere ematen ari ote den proposatu duten korrelazio hau. Hots, ez dakite espezie berdinaren barruan banaka, bikoteka ala taldeka bizitzearen eta bizitza luzeraren arteko loturarik ote dagoen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zhu, P., Liu, W., Zhang, X. et al. (2023). Correlated evolution of social organization and lifespan in mammals. Nature Communications, 14, 372. DOI: 10.1038/s41467-023-35869-7


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.