Raye Jean Montague, ontziak ordenagailu bidez diseinatzen aitzindaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Raye Jean Montague afro-amerikarrak (1935-2018) ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen eta, horrela, erabat aldatu zuen ontzi horiek fabrikatzeko eta erabiltzeko modua. Estatu Batuetako gobernuarentzat joan den mendeko 30eko hamarkadatik aurrera konplexutasun tekniko handiko lanak egin zituzten emakume beltzen talde zabal baten parte da, beti ikusezin publikoarentzat.

Raye Jordan 1935eko urtarrilaren 21ean jaio zen, Little Rock Arkansas estatuko hiriburuan (AEB). Bere gurasoak Rayford Jordan eta Flossie Graves Jordan ziren. Hura, gaztetatik, bere alabak bizitzan aurre egin beharko zien hiru aurreiritzi handiak gorabehera –emakumea izatea, beltza izatea eta zentro bereizietan hezi izana–, nahi zuena lor zezakeela barneratu zezan tematu zen.

Raye Jean Montague
1. irudia: ingeniari titulua lortu ez bazuen ere, Raye Montague ingeniaritzat onartua izan zen AEBn eta Kanadan. (Argazkia: AEBetako marinel edo itsas armadako langile baten lana – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Zazpi urte zituela, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, Rayek aitonari lagundu zion alemaniar itsaspeko bat ikustera. Urpeko hori Karolina Uharteetako kostaldearen parean harrapatua izan zen, eta herrialde osoan erakusten ari ziren. Neskatoa txundituta geratu zen han ikusi zuenarekin, eta bertan zegoen bati galdetu zion ea zer jakin beharko zuen halako zerbait egin ahal izateko. Zera erantzun zion hark: «Ingeniaria izan beharko zenuke, baina ez kezkatu horregatik». Beste era batera esanda, esan zion neskato beltz bat ezingo zela inoiz ingeniari izan. «Une hartan ez nintzen konturatu ni iraintzen ari zela», aitortu zuen Rayek, urteak geroago. Haurtzaro osoan, Raye neskatoa barregarri utzi zuten etengabe, ingeniari izan nahi zuela esateagatik.

1952an Merril institutuan unibertsitate aurreko ikasketak amaitu ondoren, Rayek ingeniaritzan matrikulatu nahi izan zuen, baina garai hartan estatuko unibertsitate batek ere ez zien titulu hori ematen emakume afro-amerikarrei. Neskak hari baimendutako karrera bakanetako batekin konformatu behar izan zuen: enpresa zientziak. 1956an graduatu zen gaur egun University of Arkansas at Pine Bluff izena duen unibertsitatean.

Raye hiru aldiz ezkondu zen bere bizitzan zehar: Weldon A. Meansekin 1955ean; David H. Montaguerekin 1965ean; James Parrottekin 1973an. Bera eta Parrott dibortziatu ondoren, berriro erabili zuen Montague abizena, bere seme bakar David R. Montaguek zuen bera.

Itsas armadan oztopoak gaindituz

Ingeniari izateko borondateari jarraiki, graduatu bezain laster Washingtonera joan zen bizitzera, eta han mekanografo lana lortu zuen itsas armadaren David Taylor Saiakera Kanalean. Rayeren asmoa pixkanaka armadaren mailan gora egitea zen. Bere idazmahaitik, ingeniariak ikusten zituen UNIVAC I ordenagailua erabiltzen, AEBn fabrikatutako lehen konputagailu komertziala. Ingeniari guztiak gaixorik zeuden egun batean, Raye ordenagailua manipulatzera ausartu zen, eta primeran egin zuen. Horrela, gizonak nagusi ziren mundu batean sartzen hasi zen, haiek Rayeren bidea oztopatzeko zalantzarik izan ez zuten arren.

Gauetan programazioa ikasi zuen, eta sistema informatiko digitalen operadore postura igo zuten; ondoren, sistema informatikoen analista izendatu zuten Ontzigintzako Ingeniaritza Zentroan. Geroago, NAVSEAko (Naval Sea Systems Command) Diseinu, Fabrikazio eta Mantentze Programa Integratuko programen zuzendaria izan zen. Ondoren, CAD/CAM, programen dibisioko burua izan zen eta, azkenik, 1984an, Informatika Programak Hobetzeko Programaren kudeatzaile laguntzailea. Horrela, Estatu Batuetako Itsas Armadaren historian ontzigintza programen lehen emakume kudeatzailea izan zen.

Raye Jean Montague
2. irudia: Raye Jean Montague ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen. (Argazkia: AEBetako marinel edo itsas armadako langile baten lana – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Lorpenik nabarmenena

Montaguek itsas armadan izandako ibilbidean zehar, hainbat teknologia informatiko garatu zituen, UNIVAC I-etik hasi eta ordenagailu modernoetaraino. Itsasontzien zehaztapenak hautatu eta inprimatzeko lehen sistema automatizatua arrakastaz berrikusi zuen.

1970eko hamarkadaren hasieran, Rayeren departamentuari ontziak diseinatzeko balioko zuen programa informatiko bat sortzeko eskatu zioten. Sei hilabeteko epea eman zieten, baina ez zieten esan beste departamentu batzuek urteak zeramatzatela saiatzen, ezer lortu gabe. Rayek berehala ondorioztatu zuen, programa hori sortu ahal izateko, armadako edozein ordenagailu hasieratik konfiguratu beharko zutela berriro. Gau eta egun lan egin zuten hori lortzeko, eta ezarritako epe irreala bete zuten horrela.

Nixon presidenteak aurrerapen horren berri izan zuenean, eta itsas armadak ontziak azkarrago eraiki zitzala nahi zuenez, eskatu zuen taldeak lehendik zegoen gerraontzi baten formen zirriborroa egitea, Oliver Hazard Perry klaseko fragatena. Langileak eta aurrekontu mugagabea eman zizkien, normalean lortzeko bi urte beharko zituzkeena hilabete batean sortzeko. 19 ordu baino gutxiagoan, Rayek eta bere taldeak ordenagailuz diseinatutako historiako lehen gerraontzirako hasierako zirriborroa egin zuten. Inoiz ikusi gabeko moduan, Raye Montaguek betiko irauli zuen itsas armadak ontziak eta itsaspekoak diseinatzeko zuen modua.

Ondoren, USS Dwight D. Eisenhower (CVN-69) hegazkin-ontzian lan egin zuen Montaguek, bai eta armadako helikopterodun lehen erasorako ontzian (LHA) ere. Parte hartu zuen azken proiektua Seawolf (SSN-21) klaseko itsaspekoa izan zen.

Montaguek 1990ean hartu zuen erretiroa, 33 urtez itsas armadan lanean aritu ondoren.

Aitortza publikoa

Raye Montague. Arkansa’s Women Hall of Fame.

Ontziak ordenagailu bidez diseinatzeak Montagueri balio izan zion 1972an AEBko Itsas Armadaren merezimenduzko zerbitzu zibilaren saria jasotzeko, erakundearen ohorezko hirugarren saririk altuena, hain zuzen. Gainera, lehen emakume ingeniari profesionala izan zen 1978an Society of Manufacturing Engineers elkartearen lorpen saria eta 1988an National Computer Graphics Association elkartearen saria jasotzen, azken hori ordenagailu bidezko grafikoetan egindako aurrerapenengatik. Ingeniari titulua lortu ez bazuen ere, Raye Montague ingeniaritzat onartua izan zen AEBn eta Kanadan, eta adar militarren, industriaren eta mundu akademikoaren beste ohore batzuk ere jaso zituen.

2006an, Washingtonen berrogeita hamar urte bizi ondoren, Arkansasera itzuli eta Little Rockeko mendebaldean bizi izan zen. 2017an Hidden Figures filma argitaratu zuten. Margot Lee Shetterlyren izen bereko liburuan oinarrituta dago, eta NASAko hiru matematikari afro-amerikarrek beren ibilbide espazialean jasan zuten diskriminazioa kontatzen du. Filmaren arrakastaren ondoren, Estatu Batuetako Itsas Armadak Raye bere pertsona ezkututzat errekonozitu zuen. Arkansa’s Women Hall of Fame zerrendako parte ere bada 2018az geroztik.

Bizitzaren amaierara arte aktibo mantendu zen, eta proiektu komunitarioetan parte hartu zuen. Raye Jean Montague, inoiz ezezkorik onartu ez zuen emakumea, gutxiegitasun kardiako kongestiboak jota hil zen 2018ko urriaren 9an, Little Rock jaioterrian, 83 urte zituela.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 25ean: Raye Jean Montague, pionera del diseño de buques por ordenador.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Raye Jean Montague afro-amerikarrak ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen. Sistema horren bidez erabat aldatu zuen ontzi horiek fabrikatzeko eta erabiltzeko modua. Hastapenetan, Washingtonen mekanografo lana lortu zuen Montaguek, itsas armadaren David Taylor Saiakera Kanalean. Ingeniari […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..