Asteon zientzia begi-bistan #424

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Itsas Armadaren

Emakumeak zientzian

Raye Jean Montague afro-amerikarrak ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen. Sistema horren bidez erabat aldatu zuen ontzi horiek fabrikatzeko eta erabiltzeko modua. Hastapenetan, Washingtonen mekanografo lana lortu zuen Montaguek, itsas armadaren David Taylor Saiakera Kanalean. Ingeniari guztiak gaixorik zeuden egun batean, Raye ordenagailua manipulatzera ausartu zen, eta primeran egin zuen. Horrela, mundu horretan sartzea lortu zuen, eta Estatu Batuetako Itsas Armadaren historian ontzigintza programen lehen emakume kudeatzailea izan zen. 1972an AEBko Itsas Armadaren merezimenduzko zerbitzu zibilaren saria jaso zuen, erakundearen ohorezko hirugarren saririk altuena. Azalpenak Zientzia Kaieran: Raye Jean Montague, ontziak ordenagailu bidez diseinatzen aitzindaria.

Genero-ezberdintasuna zientzian

Aldizkari zientifikoen editore gehienak gizonezkoak dira. Editoreen %14 baino ez dira emakumezkoak, eta editore nagusien %8a bakarrik osatzen dute emakumezkoek. Ondorio honetara heltzeko, 50 urtetan zehar 80.000 editoreren datuak aztertu dituzte, 15 diziplinetan eta 1.000 aldizkari baino gehiagotan. Urteak aurrera egin ahala emakumezkoen kopurua handituz joan da, baina aldea osoa handia da oraindik. Hori gutxi balitz, azterketak erakusten du, gizonek aldizkari horretako editore bihurtu ondoren gehiago argitaratzen dutela aldizkari horretan, emakumeekin alderatuta. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Europak debekatu egingo du Gipuzkoako angulen aisialdiko arrantza, eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak angulen arrantza profesionalizatzea eskatu du. Alabaina, aingira europarra desagertzeko arrisku kritikoan dagoen espeziea da. Azti ikerketa zentroak ere argi utzi du, urteetako ahaleginak ahalegin, oso egoera larrian dagoela aingira. Espezie hau hain egoera larrian egotearen arrazoietako bat da arrantza; baina ez da bakarra. Erreketan egin diren aldaketa guztiek, presek, ur saltoek, hormigoiak eta abarrek ere zeresan handia dute ainguraren egoera larrian. Azalpenak Berrian: Angulatara, azken aldiz?

Ingurumena

Fukushimako zentral nuklearrean pilatutako ur kutsatua udaberrian edo udan isuriko du itsasora Japoniak. Zehazki, 1,29 milioi metro kubiko ur dira, erreaktoreak hozteko edo instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili dena. Ozeano Barera isuri nahi dute, eta egitasmoak kaltetua izan daitekeen arrantza industriarentzat kalte-ordainak ere jasotzen ditu. Alabaina, hango arrantzaleak planaren aurka azaldu dira. Zientzialari talde bat ur horrentzat konponbide posibleak aztertzen aritu da, eta azkenik Japoniako agintariek eta Tepcok likido guztia zentralaren parean itsasora isurtzea erabaki dute, kutsadura kentzeko tratamendua egin ondoren. Berri honen inguruko informazio gehiago Garan.

Genetika

Science aldizkariak CRISPR edizio genetikoko teknologiari buruzko berrikuspen bat argitaratu du. CRISPR teknologia argitaratu zenetik hamar urte igaro dira, eta ikertzaileen arabera, teknologiak dituen aukerak eta haien aplikazioek sakon eragin dute ikerketa biologikoan, hasi gaixotasun genetikoen tratamenduetatik eta nekazaritza-produktuetaraino. Saguak ere hainbat gaitzetarako ereduak sortzeko eraldatu dira, CRISPR bitartez. Oraindik badaude oztopoak gainditzeko, hala ere. Oztopo teknikoez gain, kostuak, araudiak eta eskuragarritasuna ere hobetu behar dira, ikertzaileek azaldu dutenez. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: CRISPR-en hamar urteko garapena eta etorkizunerako aurreikuspenak, argitara.

Farmazia

Konposatu poliziklikoen sorkuntza ikertzen ari dira elkarlanean UPV/EHUko bi ikerketa-talde. Konposatu poliziklikoak batez ere hidrogenoz eta karbonoz osatutako eraztun bat baino gehiagoko molekulak dira, eta zuzeneko erabilera dute industria farmazeutikoan. Berriki, UPV/EHUko katedradun José Luis Vicarioren taldeak eta Zaragozako Unibertsitateko Pedro Merino katedradunak konposatu horiek sortzeko bide berritzaile bat garatu dute, uztai baten diametroko bi mutur elkartuz bi uztai sor daitezkeen modu berean. Horrela, aukeran dauden molekularen bi enantiomeroetatik bakarra sortu du, farmakologian oso garrantzitsua den ezaugarria. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen.

Medikuntza

CAR-T zelulak minbizi solidoen barruan txertatzeko kapsula batzuk prestatzen ari dira CARTsol proiektuko ikertzaileak, tartean, CIMA zentrokoak. CAR-T zelulak genetikoki eraldatutako T linfozitoak dira; hau da, CAR antigeno-hartzaile kimerikoduna gehitu zaien T linfozitoak, tumoreak identifikatzeko gai izateko. Orain arte, CAR-T zelulek ez dute tumore solidoetan sartzea lortzen, eta CARTsol proiektuko fisikariek kapsula porotsu biodegradagarriak sortuko dituzte, pazienteen T zelula eraldatuak biltzeko. Proiektu hau ongi aterako balitz, zenbait minbizi solidorentzako tratamendu gisa erabiltzeko aukera izatea aurreikusten da. Azalpenak Berrian: Troiako zaldia minbizi solidoak zeharkatzeko.

Zentro berak, CIMA zentroak hain zuzen, immunoterapiari erresistente zaizkion biriketako minbiziek tratamenduei erantzutea lortu du. Ikertzaileek DSTYK proteina identifikatu dute, ikusi baitute DSTYK proteina alteratua dagoela biriketako minbizia duten pazienteen %7tan. Hala, proteina hori tumore zeluletan proteina inhibitu edo nokeatzen bada, ikertzaileek ikusi dute immunoterapiari erantzuten diotela. Gainera, ohartu dira DSTYK beste minbizi mota batzuetan ere ageri dela, hala nola hepatokartzinoman, bular kartzinoman edo melanoman. Aurkikuntzak eraginkorrak diren tratamendu berriei eta konbinazio berriei ateak ireki diezazkieke. Datuak Berrian: Hidrari burua mozteko ahalegina.

Fisioterapia

Bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira, itsasgarri akrilikoa dutenak, eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Benda hauek gehiegizko gihar tenkaketa sendatzeko erabiltzen dira. Izan ere, benda bera, azalari itsatsi aurretik, tenkatu egiten da eta jatorrizko luzerara itzultzeko kontrako indarra egiten du. Horrek lagundu egiten dio giharrari jatorrizko egoera bueltatzen. Zinten eraginkortasuna kolorearekin lotzen da gainera; koloreak geroz eta argi gehiago xurgatu, giharrak bero gehiago jasoko du. Alabaina, nolabaiteko eraginkortasuna izan dezaketen arren, oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan. Koloreari dagokionez ere, ikerketek erakutsi dute ez dituela modu esanguratsuan aldatzen pazienteen pertzepzioak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra.

Teknologia

Erromatarrek beren eraikuntzetan erabiltzen zuten hormigoiak osagai berezi bat du, eta hormigoia hau bere kabuz konpontzeko gai bihurtzen du. Duela bi milurteko porlanean kaltzita pikorrak aurkitu ditu ikertzaile talde batek. Orain arte uste izan da pikor txiki txukuntasun askorik gabe egindako nahasketen edo material eskasen ondorio zirela. Baina nazioarteko zientzialari talde batek ziurtatu du nahita sortzen zituztela pikor horiek, hormigoia erresistenteagoa bihurtzeko. Karea urarekin nahastu beharrean zuzenean kare bizia botaz gero, duela bi milurteko hormigoian atzemandako kaltzio karbonato pikor horiek sortzen direla ikusi dute. Horrela, hormigoian arrakala edo poro txikiak sortzen direnean, urarekin kaltzio karbonatu hori lixibatu egiten da, berriro kristalizatuz eta hutsune horiek betez. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia.

Argitalpenak

Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburua (2006) zientzialariei, politikariei eta hiritarrei klima-aldaketaren inguruan laguntzeko asmoa duen liburua da. Andrew E. Desslerrek eta Edward A. Parsonek zientzia atmosferikoan eta politikan duten esperientzia konbinatzen dute bertan, eta zientziaren eta politikaren araubideak alderatu eta eskumenean diren aukerak azaltzen dituzte. Andrew E. Dessler ( Houston 1964) Zientzia atmosferikoen saileko irakaslea da Texas A&M Unibertsitatean, eta ozono geruza eta klimaren fisikari buruzko hainbat argitalpenen zientifikoren egilea da. Edward A. Parson berriz, Zuzenbide eta Ingurumena eta Baliabide Naturalen irakaslea Michigan Unibertsitatean, eta ingurugiroaren politikari buruzko hainbat argitalpenen idatzi ditu. Liburu honen inguruko informazioa Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.