Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Besteak beste, lurraren emankortasunerako ezinbestekoak dira: landareen hazkundea %64 azkartzen dutela ondorioztatu dute.

Badira hainbat espezie gizakiontzat balio sinboliko handia dutenak, eta azken hamarkadetan natura zaintzeko beharraren ikur bilakatu direnak. Ile urdina orrazten dutenek gogoan izango dituzte izotz zuriaren gainean marraztutako itsas txakur kume horien irudi gogorrak, larrua eskuratzeko kolpeka hiltzen zituztenak. Zer esanik ez balea arrantzaren inguruan izandako protestei dagokienez. Azken urteotan hartz zuria bilakatu da, hein handi batean, klima aldaketaren sinboloa, eta gurean otsoa da galdutako mundu oso baten ikurra. Normalean animaliak izaten diren arren, zenbaitetan landare espezie batzuek eskuratu ahal dute balio sinboliko hori. Kasurako, zenbaitetan aktibistak ikusi dira sekuoia erraldoietatik zintzilika, egurgileek horiek bota ez ditzaten.

Baina onartu beharra dago gehienetan gizakion kezka bizidun horien tamainaren parekoa dela. Intsektuen artean erleak baino ez leudeke kezka nagusien kategoria horretan, eta zer esanik ez mikroorganismoen inguruan hitz egiten dugunean. Gutxitan esnatzen gara pentsatzen enterobakterioen aldeko borroka bat abiatu behar dugula.

mikroorganismoak
1. irudia: mikroorganismoen artean biodibertsitatea galtzen ari dela ohartarazi dute zientzialariek, eta horiek babesteko lanean ari dira. (Argazkia: Juanma Gallego)

Ez pentsa, izaki ñimiño horiekiko kezka duen talde bat gutxienez bada, baina zaila izango da hori telebistako albistegietan ikustea. SPUN dute izena, eta onddo mikroskopioak babesten dituen elkartea da. Zehazki, onddo mikorrizikoak ikertu eta defendatzeko lanean ari dira. Diotenez, onddo horiek 475 milioi urte baino gehiago daramate landareekin harreman sinbiotikoa izaten, eta ezinbestekoak dira ekosistemetan. SPUN elkarteko kide gehienak, noski, mikroorganismoetan adituak dira, seguruenera lehen eskutik ezagutzen dutelako begi hutsez ikusten ez diren bizidun horien garrantzia.

Orain, Nature Microbiology aldizkarian Colin Averill talde horretako fundatzailekideak eta beste hainbat adituk idatzitako zientzia artikulu batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela, beren txikitasunetik mundu makroan bideratzen dituztelako ezinbestekoak diren hainbat prozesu, animalietan, landareetan zein ekosistema osoetan.

Azterketan lurzoruan dauden mikrobioetan zentratu dira, bereziki onddoetan. Horiek lurraren emankortasunean duten eragina aztertzeko gaiaren bueltan egin diren 81 esperimenturi erreparatu diete —esperimentu horiek jaso dituzten 27 zientzia artikulu berrikusiz—, eta irakurketa horretan abiatuta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz batez bestean landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Kasu batean egiaztatu dute %700 aldiz handitu dela.

Duela hainbat urte lurpeko mikrobiomak ezagutzea askoz konplikatuagoa bazen ere, orain sekuentziazio masiboko teknikek asko erraztu dute kontua: nahikoa da lur lagin bat hartu eta hori laborategian sekuentziatzea, bertan dauden mikroorganismoen inguruko ideia bat izateko. Modu horretan, lurzoru transplante horiek ezagutzan oinarrituta abiatu daitezke.

Munduan zehar egin diren halako esperientzietako batzuk aipatu dituzte. Horietan, abiapuntua nahiko sinplea izan ohi da: lurpeko mikrobioen ekosistemak berreskuratzeko, oraindik osasuntsu mantendu diren lurzoruetako lurra hartu eta narriatutako lurzoruetara eramaten da, lur horrekin batera mikrobio komunitateak eramanez. Besteak beste, Ipar Amerikako belardietan, Hawaiin edo Estonian egin dira horrelakoak. Funtsean, zenbait gaitzetan lagungarri izateko egiten diren kaka transplanteen antzeko jokabidea litzateke, baina lur ekosistemekin.

mikroorganismoak
2. irudia: zenbait proiektutan osasuntsu mantendu den lurra narriatutako lurzoruetara mugitzen ari dira, horiekin batera landareentzat egokiak diren mikroorganismoak mugitzeko helburuarekin. (Argazkia: Juanma Gallego)

Ez da dagoen lotura bakarra. Averillek parekatu ditu hesteetan dagoen mikrobiomak giza osasunean duen eragina eta lurzoruko mikroorganismoek planetaren osasunean dutena. Eta, giza mikrobiomaren kasuan ere, zientzialari batzuk lanean ari dira hesteetan gordeta dagoen biodibertsitatea babesteko. Hau ezinbestekotzat jotzen dute, globalizazioarekin batera zabaltzen diren elikadura forma uniformeak planeta osoan zehar zabaltzen ari direlako. Elikadura uniforme horiek sortzen dituzte ere nolabaiteko mikrobioma uniformeak. Hau saihestu nahian, eta munduko landareen haziekin egiten den modu berdinean, giza mikrobiomaren laginak kontserbatzeko egitasmo bat dago martxan Mikrobiota Ganbara proiektuaren bidez.

Lur ekosistemetara bueltatuz, zientzialariek kezka handia agertu dute galeraren tamainagatik, artikuluan horren inguruan zentratu ez badira ere. Mikroorganismoen kasuan, hainbeste aipatzen ari den seigarren iraungipen masiboaren eskala zenbait “magnitude ordenatan handiagoa” izan daitekeela ohartarazi dute. “Ikerketa berriek erakutsi dute aldaketa globala azkar suntsitzen ari dela munduko mikrobioen biodibertsitatea, eta horrek iradokitzen du biodibertsitate krisiaren eskala uste zena baino askoz handiagoa dela”, azpimarratu du Averillek prentsa ohar batean.

Zientzialari hauen ustez, gizakiak kudeatutako paisaietan parte hartzea da arazoari aurre egiteko aukera gehien ematen dituena. Izan ere, halako paisaiek hartzen dute habitagarri diren lurren erdia. Batez ere deforestazio handia jaso duen Asia Hegoaldean oso irakaspen erabilgarria izan daitekeela diote ikertzaileek. Bestetik, gogora ekarri dute zientzia ezagutzaren beste hainbat alorretan gertatzen den arazo berdina ematen dela beren alorrean ere: Afrikako lurzoruan bizi diren mikrobioen gaineko ezagutza oso urria da oraindik.

Oso garrantzitsua den beste kontu batean arreta jarri dute ere. Jakina da nekazaritza ekoizpena hein handi batean oinarritzen dela monolaborantza zabaletan. Horri esker janari kopuru handiak eskuratu daitezke, eta, nahi ala ez, zaila dirudi denbora gutxian sistema horretan aldaketa sakonak egitea 8.000 milioi lagun baino gehiago elikatu behar dituen mundu batean. Bueltan, baina, halako monolaborantzek arazo asko dakartzate eurekin batera: besteak beste, lurzoruaren emankortasuna ahitu egiten da, eta ongarriekiko dependentzia handia sortzen da. Modu berean, barietate berdinak lantzea izurrien edo klima aldaketaren aurrean zaurgarritasun handia izan dezakete.

Hau arras ezaguna bada ere, horren ezaguna ez da monolaborantza horiez gain sortu daitezkeela ere lurzoruko mikrobioen antzeko monolaborantzak, eta arrisku horren inguruan ohartarazi dute zientzia artikuluan. Diotenez, ingeniaritza bidez posible da mikrobioma horiek nahita sartzea lurpean, eta zerbitzu hori eskaintzen duten enpresak badira. Baina horretan tentuz ibiltzeko beharra azpimarratu dute: “Lurraren gaineko ekosistemen kudeaketan egon diren akatsak ekidin eta errendimendu handiko mikrobio anduien monolaborantzak saihestu behar ditugu, horiek larriagotu dezaketelako ekosistemen zaurgarritasuna patogenoen eta muturreko gertakarien aurrean”, idatzi dute zientzia artikuluan. Bide beretik jo du Thomas Crowther ikertzaileak. “Aire zabalean egindako akatsetatik ikasi behar dugu, biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna kaltetu ditzaketen mikrobioen monolaborantzen sorrera saihestuz”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Averill, C., Anthony, M.A., Baldrian, P. et al. (2022). Defending Earth’s terrestrial microbiome. Nature Microbiology, 7, 1717–1725. DOI: 10.1038/s41564-022-01228-3


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..