Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da. Komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da eta haien kalitatearen oinarri-oinarrian dago peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua. Gauzak horrela, ikerketa-lanak ebaluatzeko eta argitaratzeko prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat dela onartu dezakegu.

Badira azken urteotan zalantzan jarri diren zientzia egiteko moduaren hainbat alderdi: argitalpen-sistema, zientzia-iruzurra, argitaratzeko beharra eta lehiakortasuna, besteak beste. Haien artean, berrikusi beharreko aldeetako bat da gaur egungo zientziaren oinarrian dagoen parekoen ebaluazioa ere; agerian jarri dira, izan ere, horren inguruko zenbait arrisku eta kezka.

berrikuspen-sistema
Irudia: parekoen ebaluazio-prozesua kalitatezkoa izatea ezinbestekoa da zientzia-argitalpen prozesu egoki batean. (Argazkia:Nasim Nadjafi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa. Hain zuzen ere, lanean hasi aurretik, arlo horretan egin diren lanak irakurri eta aztertu beharko ditu ikertzaileak, hipotesi berriak proposatzeko edo aurreko hipotesiak berresteko zein ukatzeko. Zientzialarien arteko komunikazioa zenbait bidetatik gerta daiteke, baina, gaur egun, biderik ohikoena zientzia-aldizkariak dira.

Hain zuzen ere, ikertzaile batek egin duen lanaren ondorioa beste edonon dagoen ikertzaile batek jaso dezan, argitaratu egin beharko du bere lana lehenak. Duela hainbat hamarkada, aldizkariak paperean argitaratzen ziren eta liburutegietan gorde, kontsultarako. Gaur egun, aldizkariak online topa daitezke eta, horrela, klik gutxi batzuen ostean milaka eta milaka ikerketa-lan edukiko ditugu eskura. Esan daiteke gaur egun arazo handiagoa dela artikulu kantitate izugarri horretan bilatzen den informazioa topatzea, artikulu-bilketa bera egitea baino.

Oro har, handituz doa mundu mailako zientzia-artikuluen ekoizpena, baina horrek ez du esan nahi kalitatezko ikerketa gehiago egiten denik. Horrela, noizean behin albiste dira argitalpen masiboek ekartzen dituzten arazoak. Zenbait urtetik hona, ikertzaileen curriculumeko punturik garrantzitsuenak argitalpenen kopuruak dira; horrek etengabe lanak argitaratzeko beharra sortzen du, eta, normalean, ikerketa bera kaltetzen da. Hau ez da arazo berria. Duela hamar urte Koldo Garcia genetistak Edonola blogean azaldu zuen eta blog honetan bertan ere duela bost urte aipatu nuen arazoaren larritasuna. Publish or perish -argitaratu ala hil- horrek, gaur egun ere indarrean jarraitzen du, noski. Esan bezala, argitaratutako lanen kopurua handitzea ez da zertan ona izan eta salami publication kontzeptuaren adibide izan daiteke. Hain zuzen ere: ikerketa-lan sakon bat argitaratu ordez, lan sakon hori hainbat zatitxotan bana daiteke, argitaratutako lan kopurua handiagoa izan dadin. Horrek ikertzaileari onurak ekarriko dizkio epe motzean, baina, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango dira eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da.

Aurreko paragrafoan azaldutako arazoez aparte, duela gutxi, José Manuel Lopéz Nicolás zientzialari eta dibulgatzaileak argitaletxeen jokabideak dakartzan beste arazo batzuk azaldu zituen bere blogean eta, zalantzarik gabe, Zientzia Kaieran ere aipamena merezi dute. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da zientzia-argitalpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertzea. Labur esanda, ikertzaile baten curriculumean bere lana kontuan hartzeko modukoa izan dadin, kalitatezko zientzia-aldizkari batean argitaratuta egon beharko du. Zentzuzkoa den bezala, kalitatezko aldizkari batean argitaratzen den lan bat kalitatezkoa dela ulertzen da. Aldizkariak arloka antolatzen dira eta, oro har, kalitatearen arabera zerrendatzen dira arlo horren barruan. Hortaz, 1. postuan dagoen aldizkari batean argitaratzea zailagoa izango da, baina bertan argitaratzen den lana oso kalitate onekoa izango da, oro har. Aldiz, azken postuan dagoen aldizkari batean argitaratzen bada, lana xumeagoa dela ulertzen da. Hala eta guztiz ere, aldizkaria zerrendan badago, esan nahi du kalitate-printzipio minimo batzuk betetzen direla, zerrendako postua edozein izanik ere.

Zein da kalitatearen adierazlerik nagusienetako bat? Bada, aldizkari bat kalitatezkoa izan dadin ezinbestekoa da bertan argitaratzen diren lanak peer review delako sistematik pasatzea. Hori kalitate-adierazle bakarra ez den arren, ezinbesteko baldintza da. Eta nola gauzatzen da peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua? Ikertzaileak bere lana bidali nahi duen aldizkaria aukeratu ostean, argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa izan ote daitekeen. Artikuluaren gaia bera edota kalitate txar nabarmena nahikoak izan daitezke urrats horretan bertan lana ez onartzeko. Lehen galbahea gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaile-adituek gai ikusten badituzte beren buruak ikerketa-lana zuzentzeko, argitaratzailearen proposamena onartuko dute eta lanaren berrikuspena egingo dute. Berrikuspenaren emaitza posibleak lau dira: lana bere horretan onartzea, aldaketa txikiak eskatzea, aldaketa handiak eskatzea edo lana ez onartzea. Argitaratzaileak bizpahiru adituren txostenak jasoko ditu eta, horrekin, bere azken erabakia hartuko du.

Artikulu honen hurrengo zatian aztertuko ditugu xeheago egoera posible horiek, baina garrantzitsua da aipatzea lana bidaltzen duen ikertzaileak, oro har, ez duela ordainsaririk izango eta lana berrikusi duen ikertzaileak ere ez. Argitaletxeak, aldiz, bere egingo du ikerketa-lana, eta etorkizunean lana irakurri nahi duten ikertzaileek ordaindu egin beharko dute aldizkarira sarbidea izateagatik. Baldintza honek egoera xelebreak ekar ditzake eta, neure burua adibide gisa jarriz, esan dezaket halako aldizkarietarako idatzi ditudan ikerketa-lanak ezin ditudala irakurri sarbidea ordaintzen ez badut. Era berean, ikerketa-lanen berrikusle izatea zientzia-meritu garrantzitsua izan daiteke curriculumean. López Nicolásek aipatzen duen moduan, horrek egoera etsigarri batera eraman gaitzake: baliteke ikerketa-artikuluak berrikusten ari diren ikertzaileak gai horretan aditu ez izatea eta curriculumeko merituen truke aritzea lan hori egiten.

Zer atera daiteke gaizki? Jarraituko dugu…

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.