Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urtarrilean askoren ahotan egon dira, sare sozialetan, euskal kostaldean azaldu diren itsas txakurrak. Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu dituzte gure hondartzak; bat atseden hartzen egon zen ordu batzuk Donostiako Kontxako hondartzan, eta beste bi Getarian azaldu ziren egun batzuk geroago.

Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz. Gazteak dira, oro har, euskal kostaldean noizbehinka ikusten ditugunak, baina ez dira gure uretan egoten urte osoan zehar. Izatez, abentura ederrak bizi dituzte espezie honetako gaztetxoek gugana iritsi aurretik, eta, gehienetan, atseden hartzera soilik etortzen dira.

itsas txakur
Irudia: itsas txakur gris bat (Halichoerus grypus) hondarretan. (Argazkia: Andreas Trepte – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Halichoerus grypus, itsas txakur grisaren izen zientifikoa, nahiko deskriptiboa da bere horretan; genero-izenak, hau da, Halichoerus hitzak, itsas txerria esan nahi du grezieraz, eta espezie-izenak (grypus), berriz, espezie honetako arrek duten kako itxurako sudurrari egiten dio erreferentzia. Ezaugarri bereizgarri hori da, beste batzuen artean, ar eta eme helduak desberdintzen dituena. Ugaztun horiek filogenetikoki kokatze aldera, itsas txakurrak pinnipedoen goi-familian sailkatzen dira, eta, zetazeo eta sirenidoekin batera, ur-ingurunean bizitzera guztiz ohitu diren ugaztunak dira. Pinnipedoak dira itsas lehoiak, mortsak eta itsas txakurrak. Euskal kostaldean ikusi izan dira mortsak eta bestelako pinnipedoak, baina esan bezala, itsas txakur grisa da ohikoena.

Ipar Ozeano Atlantikoaren bi ertzetan eta Groenlandian eta Islandian aurki ditzakegu itsas txakur grisak; ekialdeko ertzean San Lorenzo golkoaren inguruetan, eta mendebaldean, berriz, Irlanda eta Britainia Handitik Mantxako kanal osoan zehar, Eskandinaviako penintsulako kostalde osoa ere hartzen dute, baita itsaso Baltikoa ere. Eremu horietan beren umatze-koloniak sortu dituzte itsas txakurrek, eta beraz, eremu horiek osatzen dute beren distribuzio nagusia. Alabaina, animalia hauek distantzia luzeak egin ditzakete igerian, esploratzen eta ehizatzen, eta distribuzio gehigarri horrek bigarren mailako distribuzioa osatzen du. Zientzialariek pentsatzen dute Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur grisak bi eremu ezberdinetatik datozela. Galiziako iparraldera eta Asturias ingurura iristen direnak Irlandatik edota Britainia Handitik datozela uste da, zuzenean hegoalderanzko norabidea hartuta kostalde horrekin topatzen baitira. Euskal kostaldera iristen diren itsas txakur grisak, berriz, Bretainiatik (Frantzia) datozela dirudi, hegoalderantz, kostaldeari jarraiki. Bidaia horren zergatia eta nondik norakoak ulertzeko, lehenik, itsas txakur gris baten bizitza azalduko dugu kronologikoki, jaiotzen direnetik, eta hala, hobeto ulertuko ditugu animalia hauen noizbehinkako bisitak.

Itsas txakurraren bizi-zikloa

Oro har, umatze-koloniak eremu arrokatsuetan edo hondartza bakartietan eraikitzen dituzte itsas txakurrek, lehenago aipatutako kostalde horietan. Halere, Europan gaur egun dauden kolonia garrantzitsuenak gizakiak ere erabiltzen dituen hondartzetan daude. Kolonia horietan, hamar emetatik ar bat egoten da, eta arren artean liskarrak izaten dituzte, emeak zeinek estaliko. Ugaltze-garaia irailaren eta abenduaren bitartean izaten da, eta hilabete horietan itsas txakurren zeregin nagusia etzanda egotea eta elkarrekin erlazionatzea da. Urteko gainerako hilabeteetan, proportzioan denbora gehiago pasatzen dute itsasoan ehizatzen, gorputzeko erreserbak betetzeko. Emeek 8 hilabeteko haurdunaldiak izaten dituzte, baina behin ugalketa gauzatuta, obulua 3-4 hilabetez gordetzen dute ernaldu gabe, eta haiek erabakitzen dute noiz ernaldu. Horrela, umatze-zikloa 12 hilabetekoa izatea lortzen dute, itsas txakur emeak beren artean eta urtaroarekin sinkronizatuta egoteko.

Eme bakoitzak ile zuri dentso eta goxodun kume bakarra izango du umatze-garai bakoitzean, baina ez dute urtero umatzen. Jaioberritan itsas txakur gris kumeek 11-20 kg pisatzen dute, eta edoskitzean zehar (18 egun irauten du, gutxi gorabehera), beren pisua laukoiztu dezakete, 40 kg-ra iritsi arte. Amek ematen dieten esnea oso dentsoa eta gantzatsua da; %50-60 gantza izaten da, eta kumeak laster biltzen dira bereizgarria zaien gantz-geruza potoloaz. Ama, berriz, asko argaltzen da, baraurik egongo baita kumea edoskitzen duen egunetan. Gainera, esneak duen gantza bere gantz-geruzatik ateratzen da. Gau eta egun beren ondorengoa zaintzen egonda, gorputz-masaren %40 galdu dezakete itsas txakur emeek umatu ondoren. Horregatik, edoskitze-garaia amaituta, itsas txakur emeak itsasora itzultzen dira, ehizatu eta umatzeak agortu dituen erreserbak betetzera, eta ez dira berriz beren kumeengana itzultzen. Moduren batean “abandonatzen” dituztela esan daiteke.

Kumeak, bestalde, ezin dira itsasora sartu ile zuri eta dentso hori mudatu arte, oso zaila izango litzatekeelako ondoren lehortzea, eta bero kantitate handia galduko luketelako. Horrela hasten da, hain zuzen ere, itsas txakur txikien burujabetzea, eta baita abentura ere. Egun batzuen buruan mudatu egiten dute, eta gero 21 eguneko baraualdia egiten dute, artean uretara sartu gabe. Denbora-tarte horretan, egunero 0,5 kg galtzen ditu itsas txakur gazteak. Zientzialariek oraindik ez dute ongi ulertzen baraualdi horren arrazoia, baina pentsatzen da aldaketa fisiologiko batzuk gertatzen direla egun horietan, urperatzeko gaitasuna eskuratu dezaten.

Behin 21 egun horiek pasata, itsas txakur gazteek beren kabuz hasi behar dute ehizatzen, hotzetik babesten dituen gantz-geruza finegia egin ez dadin. Dirudienez, espezie honetan amek ez diete beren ondorengoei ehizatzen erakusten, eta kumeek beren kabuz ikasi beharko dute itsasora sartu eta elikatzen. Horrela, esperientziarik eta laguntzarik gabe, itsas txakur gazteak itsasoan murgiltzen dira, elikatzeko leku oparoen bila eta noizean behin deskantsatzeko hondartza aproposen bila, eta hala iristen dira urtero bizpahiru itsas txakur gris euskal kostaldera. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta ixten da, azkenik, itsas txakurren bizi-zikloa.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Hall, Ailsa J. eta Russell, Debbie J.F. (2018). Gray Seal: Halichoerus grypus; Bernd Würsig, J.G.M. Thewissen, Kit M. Kovacs-ek editatutako Encyclopedia of Marine Mammals (3. edizioa, 420-422 or.). Academic Press. DOI: https://doi.org/10.1016/B978-0-12-804327-1.00139-4.
  • Vincent, Cécile et al. (2017). Grey and harbour seals in France: Distribution at sea, connectivity and trends in abundance at haulout sites. Deep-Sea Research Part II: Topical Studies in Oceanography, 141, 294–305. DOI: https://doi.org/10.1016/j.dsr2.2017.04.004

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin du eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

1 iruzkina

  • […] Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu zituzten gure hondartzak. Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz, Bretainiatik, zehazki. Itsas txakur emeek denbora laburrez zaintzen dituzte […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.