Artikoko antzarak klima-aldaketara egokitzen hasi dira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Artikoko antzara populazio batek 1.000 kilometrora aldatu ditu ohiko ugalketa tokia eta migrazio ibilbidea. Zientzialariek uste dute klima-aldaketaren eta giza presioaren aurrean egindako egokitzapena izan dela.

Aspalditik teorizatzen ari da klima-aldaketaren ondorioz animalia eta landare espezieak egokitu eta lekuz mugituko direla, eta hau ez da geratzen, inondik inora, teoriaren esparruan. Begi aurrean gertatzen ari den zerbait dela egiaztatzen ari dira zientzialariak. Aldaketek modu batean edo bestean ekosistema gehienei eragingo dieten arren, argi dago horiek ikusgarriagoak izango direla ekosistema batzuetan. Eta agerikoa da poloetan bereziki azkarrak eta esanguratsuak izango direla. Gizakiok gaiari buruzko azterketa eta plangintza andana egiten ditugun bitartean, zenbait animalia espezie dagoeneko hasiak dira egokitzen aldaketa horietara.

antzara
1. irudia: antzara mokolaburrak bi populazio talde nagusitan banatzen dira, baina orain bigarren taldean espeziazio prozesu bat gertatzen ari dela uste dute. (Argazkia: Jørgen Peter Kjeldsen, CC BY-SA)

Ikerketa berri batek horren adibide adierazgarri bat ekarri du mahai gainera: zientzialari talde batek Artikoko antzara espezie bati erreparatu dio, eta konturatu dira espezie horretako populazio batek habitata eta migrazio ibilbideak aldatu dituela urte gutxian.

Istorio honetako protagonista antzara mokolaburra (Anser brachyrhynchus) da, eremu artikoan ugaltzen den eta negualdia Europan ematen duen anatido migratzailea. Zientzialari talde batek Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten arabera, 10-15 bat urte inguruan espezie horretako populazio bat Svalbard uhartedian (Norvegia) ugalketa izatetik Zembla Berrira (Errusia) izatera pasa da, 1.000 bat kilometrora mugituz. Hegaztiek negua pasatzeko egiten duten migrazio ibilbidea ere aldatu dute.

Egileek espeziea gertutik ezagutzen dute. Jesper Madsen ikertzailearen taldeak 35 urte baino gehiago daramatza antzara espezie honen populazioak ikertzen. Hasiera batean jarraipen guztiak zenbait hegaztitan jarritako lepokoen bidez egiten zituzten, teknika horrekin posible baita animaliak identifikatzea migrazioetan zehar. Azken urteetan, ordea, GPS gailuek asko erraztu dute jarraipena. Teknika hori erabili zuten 2018. eta 2019. urteetan: Danimarkatik Finlandiara joan ziren ikusteko ea posible zen berreskuratzea GPS igorgailuak zeramatzaten hegaztiak. “Benetako ezustekoa izan zen ikustea Oulu-n [Finlandia] markatutako hegaztien erdia iparraldera joan zela, Errusia iparraldean dagoen Zembla Berrira”, azaldu du ikertzaileak prentsa ohar batean.`

Mundu osoan espezieak bi populazio talde handi ditu. Mendebaldeko taldea Islandian eta Groenlandiako ekialdean ugaltzen da, eta Britainiar uharteetan eman ohi du negua. Ekialdekoa, berriz, Svalbard uhartedian ugaltzen da, eta hegaztiek Danimarkan, Herbehereetan eta Belgikan ematen dute negua. Ikertutako hegaztiak bigarren talde handi honetakoak dira, eta, esan bezala, askok, Svalbardera bueltatu beharrean, Zembla Berrira jo dute txitaldia egitera. Beraz, ekialdeko taldean zatiketa txiki bat gertatu da.

Erregistroetan sakonduta, zientzialariek ikusi dute azken 10 edo 15 urteetan migrazio bide berria bat eratu dutela antzara askok. Denborarekin, populazio hori hazi egin da, ugalketa arrakastatsua izan dutelako, eta biziraupen tasak ere altu mantendu direlako. Horrez gain, gero eta antzara gehiago batu dira migrazio bide berrira. Kalkulatu dute populazio berri honetan 4.000 antzara mokolabur inguru daudela. Antzara hauek ez ezik, badirudi beste zenbait hegazti espeziek ere ibilbide bera hartu dutela.

Zenbatetsi dute 2000 eta 2020 urteen artean Zembla Berriko antzaren populazioa %24 handitu dela —hazkuntzaren tamainaz jabetzeko, kalkulatzen da tarte horretan antzara hauen populazio osoa %2 baino ez dela handitu—.

antzara
2. irudia: GPS bidezko jarraipenek erakutsi dute ohiko migrazio ibilbidetik 1.000 bat kilometrora dagoen ibilbide berria aukeratu dutela antzara askok. (Irudia: Madsen et al., CC BY-SA lizentziapean, Juanma Gallegok moldatua.)

Momentuz, ez dute uste genetikoki populazio isolatu batez hitz egin daitekeenik, baina populazio berezitzat har daitekeela sinetsita daude. Bestatik, aintzat hartu behar da ibilbide hau aurrekoa baino luzeagoa dela —bide tradizionalak dituen bi aldaeren %24 eta %9 luzeagoa, hain justu—. Hortaz, galdera agerikoa da: zergatik aldaketa hau?

Zientzialariek proposatu dute klima aldaketak eta giza presioak bultzatu dituztela hegaztiak espeziearentzat hain garrantzitsua den portaera hau aldatzera. “Gaur egun, Zembla Berrian udaberrian dauden baldintza klimatikoak duela zenbait hamarkada Svalbarden zeudenen antzekoak dira”, idatzi dute zientzia artikuluan. Ibilbide tradizionalean giza presioa handitu dela azaldu dute ere. Funtsean, nekazariek hegaztiak uxatzen dituzte, eta habitatetan ere aldaketak gertatu dira: laborantzak aldatu dira, eta gizakiak egindako ehiza zein beste animalia espezieen presioak ere faktore izan daitezke. Bestetik, jakina da ekosistemetan izandako aldaketa guztietan galtzaileak eta irabazleak suertatzen direla. Kasu honetan, —eta bitxia eman badezake ere—, gizakiak natura berreskuratzeko egindako proiektu batzuetan ordura arte nekazaritzan erabilitako soroak ureztatu dituzte, antzaren kalterako.

Ibilbide berri honen eraketan, gainera, zientzialariek uste dute kultur transmisio bat egon dela. “Ez dugu zuzeneko ebidentziarik esateko lehen antzara mokolaburrak Zembla Berrian nola finkatu ziren, baina beste antzara espezie batzuekiko elkarrekintza funtsezkoa izan dela iradokitzen dugu”. Zehazki, uste dute migrazio bide berri horretan antzara mokolaburrak antzara hankahorien (Anser fabalis) atzetik joan direla. Bestetik, proposatu dute migrazio bidaietan izandako haizeteek ere eragina izan ahal dutela hegazti batzuk Zembla Berrira iristeko orduan. Modu batean ala bestean, argi dago helmuga berria aproposa izan zaiela hegazti horiei.

Aurreratu dute litekeena dela etorkizunean populazio berria gero eta gehiago bereiztea. Momentuz belaunaldi batzuk baino ez dira pasa, eta, gainera, populazio berri hau osatzen ari da ere Svalbardetik abiatutako hegazti berriekin. “Beraz, momentuz espeziazio prozesu posible baten hasierako fasetan gaude”, idatzi dute.

Emaitza hauek itxaropenerako atea irekitzen dutela uste dute. “Berotze globalak eta gizakiak egindako beste hainbat presiok Artikoan ugaltzen diren animalia migratzaile asko mehatxatzen dituzte, baina, hala ere, gero eta ebidentzia gehiago pilatzen ari da norabide honetan: migrazio portaeretan izandako aldaketek inpaktu kaltegarriak arindu ditzakete”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madsen, Jesper et al. (2023). Rapid formation of new migration route and breeding area by Arctic geese. Current Biology, 33 (6), 1162-1170.e4 DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.01.065


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.