Asteon zientzia begi-bistan #436

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

DNAren

Genetika

Jakina da James Watsonek eta Francis Crickek ekarpen handia egin zutela DNAren egitura ulertzeko ikerketan; bereziki, 51 argazkiaren izenez ezagutzen den irudi ikonikoa. Alabaina, ezaguna da baita ere Rosalynd Franklin zientzialaria haiekin batera ibili zela lanean, baina honi aipamen bat baino ez zioten egin argitalpenean. Orain, garaiko dokumentu batzuek agerian jarri dute Watsonek eta Crickek bezainbeste ulertzen zuela DNAren egitura. DNAren egituraren aurkikuntza bi talderen lanaren emaitza izan zela argitu dute: Franklinek eta Maurice Wilkinsek lan esperimentala egin zuten, eta Watsonek eta Crickek, berriz, teorikoa. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Antropologia

Gizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zen. Hau da, Ardipithecus eta Australopithecus generoen haurdunaldian fetuaren hazkuntza-abiadura beste primateen antzekoa zen oraindik. Homo generoaren hastapenetan ere antzeko mantendu zen fetuaren hazkuntza-abiadura, baina erritmoa hori nabarmen handitu zen duela 1,5-2 milioi urte. Denbora tarte horretan, larreak zabaldu egin ziren Afrikako ekialdean eta hegoaldean barrena, eta ungulatuak asko hedatu eta dibertsifikatu ziren. Horrela, gure arbasoak eduki-energetiko eta proteiko handiko elikagaiak kontsumitzen hasi ziren, eta horrek haurdunaldian zehar fetuak bizko haztea ahalbidetu zuen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Gure arbasoen haurdunaldia.

Biokimika

Peio Azcoaga (Zarautz, 1995) Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zen UPV/EHUn, eta gaur egu doktorego-tesia egiten ari da Biodonostia eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentroetan. Tesian zehar Oncostatin M (OSM) zitokinak bularreko minbizian duen eragina aztertzea du helburu. Azaldu duenez, OSM proteina zitokina proinflamatorioa da, eta immunitate-sistemaren modulazioan jarduten du. Bada, sistema hau tumore-zelulek beren alde erabiltzen dute, beren biziraupena bermatzeko eta tamaina handitzeko, bereziki bularreko minbizietan. Azcoagak ez du tesia oraindik amaitu, baina oraingoz lortu dituen emaitzen arabera, OSM zitokinak bularreko minbizia garatu ostean horren progresioa eta metastasiaren garapena bultzatzen dituela ikusi du. Datu gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daitezke.

Ingurumena

Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, klimaren eta biodibertsitatearen krisia bereizezinak dira eta biei batera egin behar zaie aurre. Honen harira, Hans-Otto Pörtner irakasleak argi utzi nahi izan du klima-larrialdiarekin batera beste krisi bat sortzen ari dela, ia oharkabekoa, baina bestea bezain arriskutsua: planeta osoko landare eta animalien espezieen galera dramatikoa. Horregatik, klima-aldaketaren aurkako babesa eta biodibertsitatearen kontserbazioa batera jorratu behar direla diote. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

James Webb Space (JWST) teleskopioa erabiliz, inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, Big Bang-a gertatu eta eratu zen lehen galaxietako bat da, 500 milioi urte soilik igaro ondoren. Jaso dituzten datuen bidez, ondorioztatu dute galaxiek bilakaera-prozesu hierarkiko bat jasan dutela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta galaxia handiak sortu baitziren, elkarrekiko grabitatearen eraginez elkartuz. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena.

Zientziaren komunikazioa

Josu Lopez-Gazpiok aurreko artikulu batean zientzia-lanak argitaratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen. Behin argitaratzaileak artikulu batek gutxieneko baldintzak betetzen dituela ondorioztatzean, lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaileek lana ebaluatzea onartzen badute, erabaki beharko dute lana bere horretan onartu, zuzenketa txikiekin edo sakonekin onartu, edo ez onartu. Berrikuspen hauek egitea lan sakona da, eta argitaletxeek diru-kantitate handiak lortzen dituzte horri esker. Alabaina, ikertzaileek ez dute ordainsaririk jasotzen berrikuspen horiek egiteagatik, eta horren ondorioz, azken urteotan ugaritzen ari dira berrikuspenak egiteari uko egin dioten ikertzaileak. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II).

Psikologia

UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko azterlan baten emaitzen arabera, oroimen-ariketak egiten diren bitartean musika klasikoa entzuteak ez du narriadura kognitibo arina (DCL) duten pertsonen ikasketa-maila hobetzen edo okertzen. Aldiz, ikusi da musika aktibatzaileagoa entzuteak eragin positiboa izan dezakeela eguneroko bizitzan musika erregulatzaile emozional gisa erabiltzera ohituta dauden pertsonengan, eta horrek hipotesi eta ikerketa berriak egiteko aukera zabaltzen du. Datuak Gara egunkarian: Musika «aktibatzailea» entzuteak errendimendu kognitiboa hobetzen du, ikerketa baten arabera

Argitalpenak

Karmele Llano albaitariak Orangutanak eta ni (2021) eleberria idatzi zuen, Borneoko oihanetan bizi diren orangutanak zaintzen egiten duen lana azaltzeko asmoz. Bertan, planetako leku ezkutu horretan bizitzera eta lan egitera eraman zuten arrazoiak azaltzen ditu. Gainera, liburu osoan zehar bizkaitarrak animalienganako grina transmititu nahi du, eta bide batez, espezie horren kontserbazio arazoak plazaratzen ditu. Karmele Llano Indonesian bizi da 2003tik, eta International Animal Rescue (IAR) Indonesiako programen zuzendari da 2006tik. Argitalpen honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.